Gure amesetako Txina egon badago

Zigor Aldama 2012-10-10 17:28   Bidaide

Mendeetako historia obra-hondakin bihurtzen da, euren lekuan Txinako erlijino barriaren tenpluak eregiten dira: lujozko urbanizazinoak, merkatalguneak eta sei erraileko autobideak. Baina iraganeko ugarte batzuk badira, horreetako bat da Wuzhen.

Gure iruditerian dagoan Txina existiduten da. Pelikuletako hori. Exotismo leun hori daukana; bidarriak, gurmaz inguratutako ubideak, lerromakurreko teilatudun eraikin grisak. Forma bitxidun harriz betetako parkeetako Txina, zume negarti eta loto loradun urmaelakaz. Harrizko herensuge eta urrunera begira dagozan Budak, intzentsoaren keaz ia estalduta.

Txinan hondeagailuek ez dabe oztoporik topetan. Txinatarrak euren 5.000 urteko historiaz harro dagoz, baina ekonomia eta urigintzearen garapenaren indarrak arin desagertuarazoko dau hori danori. Mendeetako historia obra-hondakin bihurtzen da, euren lekuan Txinako erlijino barriaren tenpluak eregiten dira: lujozko urbanizazinoak, merkatalguneak eta sei erraileko autobideak. Baina iraganeko ugarte batzuk kapitalismo bortitz horri gogor eusten deutse. Babestutako oasi txikiak dira, parke tematiko bihurtzeko arriskuan dagoz, baina eskerrak existiduten diran.

Wuzhen oasi horreetako ikusgarrienetakoa da, neurria, zahar-barritzearen kalidadeagaitik eta jatorrizko giroa ondo jagoteagaitik. Duda barik, kaleak shopping-aren junkieentzako dendaz beteta dagoz, eta smarthphone edo tablet-a eskutik kendu barik dabilzan turistak bertan izan dirala gogoratzeko edozein oroigarria erosteko prest dira. Eskerrak, Wuzhen-en, Txinako uraren uri ospetsuenetakoan, erraza dala megafono eta banderatxudun artzainen atzetik dabilzan gizaki-ardien taldeetatik iges egitea.

872. urtean fundau eben uria. Baina bertakoen arabera, Zhejiang kostaldeko eskualdeko herri hau Harri Aroan sortu eben, orain dala 7.000 bat urte. Arkeologoek jakingo dabe, baina bidaiariarentzako nahikoa da Wuzhen-eko eraikinetan islatzen dan milurtekoa. Arraina, arroza eta zetearen herria esaten deutse. Ubideetan zehar txalupaz osterea egin ezkero -Venezian antzera- ezagunagoa dan Suzhou baino askozaz ederragoa dala konturatuko gara. Denporea parau egiten da, ez doa aurrera, motor zaratarik ez dago, eta Made in China gondoletako kapitanen paladak besterik ez. Uriko webgune ofizialak dinoen lez, fosil biziduna da, ekialdeko zibilizazino zaharraren adierazgarri.

Wuzhen-ek 70 kilometro koadro baino gehitxuago daukaz. Lau zonalde garrantzitsuenetako bi besterik ez dira ondare historiko. Ganerakoa, zoritxarrez, bestelakoa da, Asiako herri erraldoiko beste uri motz bat. 60.000 lagun bizi dira bertan, baina 12.000 dira urte osoko biztanleak. Gehienak turismoa dabe bizibide. Hotel guzti-guztiak. lujuzkoak barne, Wuzhen-en aspalditik bizi diran familienak dira. Garaiko giroa jagoten ahalegintzen dira, aide girotuak, Wifiak edo led telebisinoek emoten daben erosotasunari uko egin barik.

Ehun Oheen Museoa uriko leku bitxienetakoa da. Han Ming eta Quing dinastietan egindako oherik ederrenak dagoz ikusgai. Oheen oparotasunak gazte ezkonbarri asko erakarten ditu. Normala da ohe gehienak inperioko jantziak aldean dituen bikotez beteta egotea, eta euren ondoan argazkilaria txilioka, modu batera edo bestelara ipini daitezen eskatzen.

Eskina bakotxean museoaren bat dago. Erakusketa txikiak izaten dira, arrozezko ardaoa edo tabakorriaren ganekoak, berbarako. Beraz, azkenean Wuzhen ezagutzeko osteratxu laburra zanak orduak eskatzen deutsoz bisitariari. Eguzkia ostentzen hasten da, eta uriak harrizko jantzia eranzten dau. Kolore grisak okre bihurtzen dira, gerizak luzatu egiten dira, eta sasoiko personen tximurrak be sakonagoak begitantzen jakuz. Gauak ekarriko dauenaren hasierea besterik ez da. Orduan, koloretako argiek Wuzhen gaur egunera dakarre. Terrazak jentez betetan hasten dira, eta jatetxeek musikea ipinten dabe.

Zubiak jentez ganezka dagoz, azkenengo argi-izpiak joan orduko irudia atrapetako: zeruertzaren ubel kolorea eta eraikinetako argi gorri eta horien arteko aldeak, eta gondoletako faroltxuek uretan egiten dituen irudiek edertasun parebakoa emoten deutse. Minutu gitxi batzuk dira, bat-batean dana baltz geratuko da eta.

Gaua nasaitasun garaia da. Garagardoak iretargipean, musika tradizionala, hotelerako osteratxua... nahikoa dira txinatarrak uri handietan loratu ezin leikien erromantikotasunaz jaubetzeko. Iluntasunean gustura dagozan bikoteak, trankil-trankil paseoan dabilzan familiak, erreka ondoan berbetan dagozan lagun taldeak ikusten dira.

Historiak atseden hartzen dau Wuzhen-en, Ameriketako Estadu Batuen hegemoniari aurre egiteko kapaza dan herrialde erraldoi honetan. Erronka ekonomiko eta politikoa argi ikusten da Shanghai, baina Txinako uriburu finantzarioa urrun dago. 140 kilometro baino gehiago dagoz Wuzhen eta Shanghai artean, mendeetako aldea dago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu