Gotzon Idirin: 'Gorbeiako bide zaharrak berreskuratu eta ezagutarazo gura doguz'

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-10-08 12:12   Barriketan

Gorbeia Suzien mendi-lasterketa eta martxako zuzendaria

Gorbeia Suzien Eguzkilore Sari Nagusia mendi-lasterketea eta martxea indartsu dator lehenengo edizinoan. Ibilbide berezia atondu dabe, Gorbeiako bide zaharrak berreskuratu ditue, aspaldion ahaztuta egon diran bide ezezagunak. Mendiaz gozetako egun ederra izango da, galapan egin gura dauenarentzako zein oinez ibiltea gurago dauenentzat. Lasterketan izena emoteko azkenengo eguna eguaztena da, urriaren 10a.

Gotzon Idirin Gorbeia Suzienen zuzendariak zehastasun guztiak kontau deuskuz...


1.- Izen berezia aukeratu dozue, zer gura dau esan 'suzien' berbeak?

Jente askok itaundu deusku. Suzien Arratian erabilten dan berbea da, ziztu bizian esateko modu bat da, arin baten esateko-edo, eta guk Gorbeia Suzien egin gura dogu. Hainbat izen pentsetan ibili ginan, azkenean honegaz geratu ginan.


2.- Gorbeia Suzien antolatzeko asmoa zelan sortu zan?

Gure artean badagoz hiru-lau mendi-lasterketak egiten doguzanak, eta ganerako guztiak mendian asko ibilten dira. Hemen daukagun paraje ederra eukinda, zeozer egin behar gendun Gorbeia ezagutarazoteko. Gorbeian martxa asko dagoz, baina mendi-lasterketa edo trailik ez. Azkenaldian indar handia hartu dabe mendiko lasterketek. Gure pasino biak buztartu gura genduzan, lasterketak eta Gorbeia. Eta holan hasi ginan.


3.- Zein erispidegaz atondu dozue ibilbidea?

Gorbeia sano masifikauta dago. Horregaitik, lehengo bide zahar batzuk berreskuratu doguz, eta bide batez, jenteari erakutsiko deutsagu posible dala Gorbeiara joatea kotxea hartu barik, autobusez etorrita. Gorbeira modu jasangarriagoan edo igotea da gure proposamena. Hori da gure filosofia. Bide zaharrak apenas erabilten dira, itxita egon dira. Jentea beti doa leku beretik, guk beste aukera batzuk dagozala erakutsi nahiko geunke. Bide zaharrak bereskuratu eta ezagutarazo gura doguz.


4.- Gorbeia ezagutzeko aukera polita da, beraz.

Gorbeiara igoten dan mendizaleen % 95 kurutzera doa, eta kitu. Gorbeiagane polita da, baina beste gauza asko dagoz hemen, ezagutzen ez diranak. Mairulegorretatik doa bidea, paraje hori nahiko ezezaguna da, guretzako bere bai. Ibilbidea egiten gagozala gu geu be galdu ginan. Kurutzea erreferentea da, baina Gorbeia zabalagoa da.


5.- Irailaren 30ean ibilbidea probau zenduen. Zer dino jenteak?

Ba, prestau bako kontua izan zan. Jentea idazten hasi jakun, webgunera, facebookera, ibilbidea probauko leukiela esanez. Halan sortu zan idea. 30 lagunetik gora batu ginan irailaren 30ean. Eguraldi eskasa egin arren jentea gustura ibili zan. Fernando Etxegarai eta Jon Bengoetxeak hartu eben parte, eta eurei be asko gustau jaken. Guretzat pozgarria da. Euren eretxia garrantzitsua da guretzat.


6.- Zu zeu mendi-lasterketetan ibilten zara, hilaren 13an parte hartzeko asmorik?

Ez, ezin neike. Peto gorri bategaz, talkie hartu, eta hara eta hona ibili beharko dot. Antolatzaileoi behar egitea toketan jaku egun horretan.


7.- Lasterketea Euskal Kopako azkenengo probea izango da, ganera. Parte-hartzaile ezagunak datoz, ezta?

Bost lasterketa dira puntuagarriak, gurea azkenengoa da. Hemen egingo dogu sari-banaketea be. Jente asko etorriko da hori dala eta. Jente ona dator bai, besteak beste, Oihana Kortazar Km Bertikaleko munduko txapelduna eta Espainiako mendi-lasterketako txapelduna, Agustí Roc Km Bertikaleko munduko txapelduna, Ionut Zinca Mountain Running International Cup-eko txapelduna, Raúl García bost aldiz Espainiako mendi-lasterketako txapelduna eta David López brontzezko dominea Munduko Txapelketearen SkyMarathonean.


8.- Zelan doa izen-emotea?

Lasterketan izena emoteko azkenengo eguna urriaren 10a da; martxan, barriz, bertan egunean be apuntau daiteke. Lehenengo urtea izanda, eta denporaldi amaiera dala kontuan hartuta, lasterketara 350 lagun badatoz, gu oso pozik egongo ginake. Martxea beste kontu bat da, eguraldian eragin handia eukiko dau. Pasau leike eguraldi ona egitea eta 500 lagun etortea, edo eskasa egitea, eta 200 besterik ez egotea. Bertan egunean ikusiko dogu.


9.- Zapatuan egingo dira lasterketea eta martxea, baina egitaraua barikuan hasiko dozue, ezta?

Bai, barikuan, Alex Txikonek Next time Inshallah igaz G1era egindako neguko espedizinoaren inguruko proiekzinoa eta barriketaldia atondu doguz. Zapatuan bertan, lasterketan edo martxan parte hartzen ez dabenentzako hainbat gauza prestau doguz Zeanurin. Umeentzako martxea egingo dogu, 5-6 kilometrokoa, eta eurentzako jokoak egongo dira, rokodromoa, puzgarriak eta abar. Umeak historia honen parte izatea nahi dogu, euren parte hartzea bultzatu. Herri bazkaria egongo da gero, Bizkaiko Trontza Txapelketearen finala, erromeria gauean...


10. Eta domekan emakume kirolariak hizlari izango dozuez Zeanurin.

Bai, emakumea eta kirolaren ganeko mahai-ingurua antolatu dogu. Maider Unda, Oihana Kortazar, Irati Anda eta Naia Alzola kirolariek hartuko dabe parte. Mutil kirolariak ezagutzen doguz, baina neskak be hor dagoz, eta indartsu ganera.


11. Gero eta mendiko martxa eta lasterketa gehiago dagoz, batzuen eretxiz mendia masifiketan dabil.

Gure inguruko mendietan jente asko dabil, horregaitik berreskuratu doguz bide zaharrak, mendizale gitxik erabilten dituenak. Gu parkean bertan bizi gara, edozein jarduera egiten dogula parke barruan gagoz. Gorbeia Suzien atxaki bat da jenteak parkea ezagutu daian. Hilaren 13an etorten ez diranentzako track bat ipini dogu gure webgunean, gura dauenak gura dauenean ibilbidea egiteko. Zapaturo, ez dakit, 1.000 lagun igongo dira Gorbeiara? Ba, horretatik 100 auto barik etorri ezkero, guk lortu dogu gure helburua. Hori izango da gure ekarpena. Gorbeia gure etxea da, danon etxea. Zelango altxorra daukagun erakutsi behar dogu.


12.- Zeanuriztarrentzat Gorbeia mendi bat baino gehiago da, ezta?

Leku enblematikoa da, Bizkaiko gailurrik garaiena. Jente askorentzat mendi bat da, beste barik, baina guretzat etxea da, izan be etxetik urten eta bertan gagoz eta.


13.- Lasterketea eta martxea hasi orduko, Alex Txikoni omenaldia egingo deutsazue. Zelan ba?

Alex gure laguna da, arratiarra ganera. Mendian daukan filosofiagaz bat egiten dogu guk. Himalayan danak dabilz nork egingo lehenago hamalauak, baina Alex bestelakoa da. Igoteko ahaleginak egiten ditu, baina ez dau beti lortu. Epika hori gustetan jaku. Guretzat mendian daukan jarrerea eta filosofia eredu dira. Horregaitik omenaldi txikitxu bat egitea pentsau genduan.



Alex Txikon mendizalea protagonista izango da beraz hilaren 13an Gorbeia Suzien mendi-lasterketa eta martxan. Lemoaztarrak pozarren hartu da omenaldiaren barria. Eta badabil datorren urterako planak egiten...


1.- Omenaldiak egiten hasi jatzuz. Edadea gora doan seinale?

Oraindino gaztea naz holangoetarako, ez? Omenaldiak hil ostean egiten deutsuez, ez? Kar, kar, kar... Gauza polita da, ondo dago. Jenteak estimetan zaituela esan gura dau, eta hori gauza polita da. Ez da neure herrian, baina bada lagun artean. Estimadua izatea polita da. Dana dala, nire ustez eguneroko keinuekaz be nahikoa da, omenaldi barik be.


2.- Gorbeia Suzienen ibilbidea ezagutzen dozu?

Bai, zelan ez dot ezagutuko ba mendian ibilita? Gorbeia oso ondo ezagutzen dot. Iblbidea ez dot eurekaz egin, baina eginda daukat tarteka. Kariño handiagaz antolatu dabe Gorbeia Suzien, dana dago oso ondo zainduta, jenteak ahal dauena emon dau. Igarten da maitasun handiagaz antolatutako lasterketea dala.


3.- Zuk zeuk parte hartzeko asmorik badaukazu?

Ba, hor nabil, egin edo ez. Igual azkenengo momentuan animauko naz. Azkenaldion ez dot korrikarik egin, hankak ez dodaz lar ondo euki. Ia zelan ikusten dodan neure burua. Ikusiko dogu.


4.- Hatxen batetik salto egiteko asmorik badaukazu, Groenlandian egin dozun lez?

Kar, kar, kar. Ba, Gotzonek esan deustanez, topau dau lekuren bat... Parapentean ibilten da bera, eta antza zeozer ikusi dau. Ni ibili nintzan leku aproposen bat topau gurean, baina ez neban ezer ikusi. Ia Gotzonek sorpresaren bat emoten deustan.


5.- Orduan, geuk be sorpresaren bat eukiko dogu zapatuan?

Igual bai, nork jakin!


6.- Next stop Greenland proiketua amaitu barri dozu. Zelango esperientzia izan da?

Pozik etorri gara. Ez da espedizino lar gogorra izan, ez da asko sufridutekoa izan, oporretan egotea lakoa. Eskalau eta salto egin dogu. Saltoek, nire eretxiz, balio handia euki dabe, baina eskaladea ez da berez beste mundukoa izan. Lenengo aldiz egiten zan saltoa guk egin dogun lekutik, handik zilindrotik. Gauza polita izan da.


7.- Mendiak igoteagaz nahikoz ez, eta orain mendi puntatik saltoak egiten...

Gauza askotan nabil, baina ez dakit, neure burua zentrau behar dot. Ia noiz daukadan egun oso bat niretzat, libre, telefono barik.


8.- Oraintsu, Lemoatik Zizur Txikira Pabi Astondoa eta bere ardiekaz ibili zara, Nafarroa Oinezen alde.

Lemoako Udaletxeko plazatik urten genduan, ardi eta guzti, Aramotzetik Artaunera ailegau ginan. Lehenengo gaua Oletan egin genduan, Maider Undaren etxean. Oletatik Arriolara joan ginan hurrengo egunean, Urdiainera ostean, eta handik ardiak kamioian sartu, eta Zizur Txikira. Krsitoren harrerea egin euskuen hango ikastolan. 1.500 ume egozan. Pabi ardiak ezin kontroleta... Ondo egon zan.


9.- Pabi Astondoaren ardiak ohituta dagoz holango gauzetara, ez?

Bai, asko ibili dira harek. Pabik dino bere ardiak kapazak dirala Corte Ingleseko bost pisuak eskilara mekanikoetatik igoteko. Ia lortzen deutsadan...


10.- Badaukazu beste proiekturik hur?

Urte bian neguko espedizinoak egin dodaz. Falta hori daukat, ia lortzen dodan espedizinoa ondo amaitzea. Aurten be nahiko neuke, baina gauzea gogor dago. Diru asko behar da, eta gatx dago gaur egun. Han eta hemen nabil, baina ez daukat ezebe zarratuta. Laguntasuna badaukat, baina gauza zehatzik ez. Oraingoz, seguru, bidaia bi daukadaz: udabarrian, Nepalera joango naz, eta udan, Pakistanarena. Negukoa ikusiko dogu. Norberak egin behar dau dana, promozinoa, dirua topetea, eta horretan ez gara onak, ni sikeran txarra naz.


11.- Gorbeia Suzienen Next time inshallah G1era egindako neguko espedizinoaren ganeko dokumentala aurkeztuko dozu. Hainbat herritan erakutsi dozu daborduko, ezta?

Bai, lehengoan Bilbon, Bidaiarien Txokoan egon nintzan, eta jente nahikotxu etorri zan. Aurreko astean, Portugaleten 200 lagun inguru egozan. Oso pozik nago, jenteak segiduten nau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu