Jose Ramon de la Ricak marraztutako 23 barku Bilboko Itsas Museoan dagoz ikusgai

Dabi Piedra 2012-10-04 15:41   Kulturea

Euskal Herriko Itsas Ardularitza Eskoleak, bere 30. urteurrena ospatzeko eratu dau erakusketea. Bertoko eta Europa osoko ontzioletan egindako itsasontzien pinturak batu ditue, euskal ontzi-konpainiek erabilitakoak. Jose Ramon de la Rica bilbotarrak (1919-2011) marraztu ditu barku guztiak.

Euskal Herriko Itsas Ardularitza Eskoleak, bere 30. urteurrena ospatzeko eratu dau erakusketea. Bertoko eta Europa osoko ontzioletan egindako itsasontzien pinturak batu ditue, euskal ontzi-konpainiek erabilitakoak. Jose Ramon de la Rica bilbotarrak (1919-2011) marraztu ditu barku guztiak eta Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan egongo dira, 2013ko urtarrilaren 13ra arte.

Jose Ramon de la Rica 2011n hil zan eta, koadroak, hil aurretxoan margoztu zituan, enkarguz, Itsas Ardularitza Eskoleak eskatuta. Jose Antonio Reyerok, artistearen lagun eta erakusketearen arduradun danak, de la Ricaren inplikazinoa nabarmendu dau, 25 koadro eskatu jakozan eta danak amaitu arte, ez eban atsedenik euki, bere burua makal ikusten eban eta, berandu baino lehen enkargua bete nahi eban. Holan, harrigarria dan arren, lau hile inguruan egin zituan 24 koadro, detaile handiz ganera. Horreetatik 23 dagoz Itsas Museoan, Kobetas ontziaren marrazkia galdu egin da eta. Bila gabilz, ziur nago egunen baten agertuko dala 24. koadroa, adierazo dau Pilar de la Rica artistearen alabeak.

XIX. mendetik 1980ko hamarkadara arteko barkuak agiri dira irudietan, euskal merkataritza enpresen jaubetzakoak izan ziranak. Gouache izeneko teknikeagaz eginda dagoz margolanak eta, moltso handi bitan sailkatu leitekez: Hasieran egindako koadroek itsasoaren detaile gehiago eta kolore biziak daukiez. Bigarren moltsokoak, egiten azkanak izan ziranak, paisaia barik agiri dira, modu eskematikoagoan marraztuta eta zuri-baltzean. Batzuetan zein besteetan, itsasontzi bakotxaren detaile guztiak kontu handiz jagon zituan Jose Ramon de la Ricak.

Izan be, artistearen pasino biak ziran itsasoa eta artea. De la Sota ontzigileen familiakoak senide zituan eta gaztetatik euki eban loturea itsasoagaz. Artista sena be baeukan, erretirau arte gitxi margoztu eban arren, beti ibilten zan lanpetuta, gogoratu dau Pilar alabeak. 1948an Stvdio gune kulturalaren bultzatzaileetako bat izan zan Bilbon, sasoi ilunak ziran hareek eta Stvdio egitasmoari esker, kultureari leihoa zabaldu jakon Bizkaian, Ibarrola, Oteiza eta abarregaz harremanetan egon ziran, azaldu dau Jose Antonio Reyerok. Itsasontziak ez eze, bere inguruko paisaiak marraztea be atsegin ebala azaldu dau Pilar de la Ricak, esaterako, golf zelaiak sarri irudikatzen zituan.

Bizitzako azkanengo enkargua Euskal Herriko Itsas Ardularitza Eskolatik heldu jakon de la Ricari. Itsasoagaz horren lotuta egon zanez beti, ilusino handiz hartu eban ardurea, motibazino handiz ekin eutsan, alabearen esanetan. Hainbeste non lau hilean 24 koadro marraztu zituan, batzuetan goizaldeko ordubiak arte egoten zan lan eta lan, eukan edadeagaz! gomutau dau artistearen lagunak, Jose Antonio Reyerok. Esan behar da, Jose Ramon de la Ricak hasieratik euki ebala loturea Itsas Museoagaz, bultzatzaileetako bat izan zan eta Titanicen hondoratzearen mendeurrena gogoratzeko erakusketan be, bere koadro bi daukiez erakusgai.

Gaur iluntzean inaugurauko dabe Jose Ramon de la Ricaren koadroen erakusketea, Euskal konpainien itsasontziak izenburupean. 2013ko urtarrilaren 13ra arte egongo da Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan. Enkargua amaitu eta hilaeetera hil zan artistea, ezin izan eban bere lana museoan ikusi, baina Pilar de la Rica alabeak adierazo dauenez, familian behintzat, pozarren dagoz Itsas Museoak eta Itsas Ardularitza Eskoleak emondako aukereagaz, bera ez zan pintore profesionala eta bere obrea museoan ikustea ohorea da guretzat.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu