Santurtziko Nazinoarteko XXXIII. Antzerki Jaialdia urriaren 19tik zemendiaren 25era izango da
2012-10-02 14:09 KultureaSanturtziko Nazinoarteko Antzerki Jaialdiak eszena-ikuskizun anitza eskainiko deusku, besteak beste, komedia, thrillerra, antzerki soziala, jantza-antzerkia, musika-antzerkia, operea, jantza garaikidea eta abar, Bizkaiko Antzerki Jaialdirik zaharrena dan honen ezaugarrietako bat publiko mota guztien gogoko lanak eskaintzea da eta.
Antzerki Jaialdi hau, Bizkaiko antzerki jaialdietako zaharrena, Santurtzin egiten diran kultura-ekitaldi garrantzitsuenetako bat da. Serantes Kultur Aretoak antolatuta dago eta kalidade handiko antzezlanak batzen ditu neurrizko prezioan. Izan be, horixe izan da jaialdiaren nortasunaren ardatz nagusia hogeita hamahiru urte honeetan, eta horrexegaitik jaso ditu Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa eta babesa.
Santurtziko Antzerki Jaialdiaren egitarauak aurten hamasei ikuskizun ekarriko deuskuz, besteak beste, Bizeten Carmen operea, Esta noche no estoy para nadie antzerki/musikala eta Dantzaz Konpainiak eskainiko deuskun Artean izeneko jantza garaikideko ikuskizuna; programa hirukotxa aurkeztuko jaku: Earth apples Mercedes Sosaren musikak lagunduta, A place between teknika bikaineko lan ederra eta Flash de luxe kapoeiran egiten diran mobimentuetan eta txalaparta-musikan oinarrituta.
Jaialdi honetan antzerki-munduko antzezle garrantzitsuenetako batzuk izango doguz, esate baterako José Sacristán, Kiti Manver, Eloy Arenas, Fontseré (Els Joglars) eta baita telebistako beste batzuk be, berbarako, Gisela kantaria (Operación Triunfo).
Beste alde batetik, umeek familia osoak alkarregaz ikusteko moduko antzezlan bi izango ditue euskeraz, Ali Baba eta 40 lapurrak, ipuin ezagunean oinarrituta, eta Printzea eta ahatea antzezlana, Gorakada Konpainia ospetsuaren eskutik. Ikuskizun horreetarako sarrerak 4 euroan egongo dira salgai.
16 eta 25 urte arteko gazteek hiru emonaldi ikusteko txartel berezia eskuratzeko aukerea izango dabe 12 euroren truke, Zirocco klown bikainaren ikuskizuna, Aquí va a pasar algo Zanguango Konpainiaren obra ederra eta Lingua Nabajorum komedia euskeraz, Patxo Telleria eta Mikel Martínezen eskutik.
Antzerki Jaialdirako sarrerak merkeak dira, eta gainera ikuskizun guztiak ikusteko abonamendua egongo da salgai, 115 euroan. Abonamenduaren prezioan baina, ez dira umeentzako ikuskizunak sartuko, horreetarako beste sarrera batzuk erosi beharko dira.
Santurtziko Nazinoarteko Antzerki Jaialdiak eszena-ikuskizun anitza eskainiko deusku, besteak beste, komedia, thrillerra, antzerki soziala, jantza-antzerkia, musika-antzerkia, operea, jantza garaikidea eta abar, Bizkaiko Antzerki Jaialdirik zaharrena dan honen ezaugarrietako bat publiko mota guztien gogoko lanak eskaintzea da eta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!