UPV/EHUk lehenengo mailetarako eskainitako plazen % 98 bete ditu dagoeneko
2012-10-01 11:20aurreko urteagaz konparauta, lehenengo mailetarako eskaini diran plazen kopuruak behera egin dauen arren (igaz 9.110 eskaini ziran), bai matrikulak zein okupazino mailea hazi egin dira, 2011-2012 ikasturtean 8.477 ikasle barri sartu baitziran UPV/EHUn, okupazinoaren % 93 izan zana.

UPV/EHUk 2012-2013 ikasturtean lehenengo mailako 8.792 plaza eskaini ditu ikasle barrientzako. Oraingoz, 8.616 ikasle matrikulau dira, hau da, eskainitako plazen % 98 bete dira. Beraz, aurreko urteagaz konparauta, lehenengo mailetarako eskaini diran plazen kopuruak behera egin dauen arren (igaz 9.110 eskaini ziran), bai matrikulak zein okupazino mailea hazi egin dira, 2011-2012 ikasturtean 8.477 ikasle barri sartu baitziran UPV/EHUn, okupazinoaren % 93 izan zana.
Ikasleek gugan jarri daben konfidantzea nabarmendu nahi neuke. Eskainitako plazen % 98 bete dira eta datu horrek euskal gizarteak bere unibersidadearengan dauen konfidantzea erakusten dau. Eskaria eta eskaintza bat datoz. Era berean, azpimarratu nahi neuke, baita be, injinerutzetan egin dogun berrantolaketeak ondorio positiboak izan dituala ganerako eskaintzan, adierazo dau Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak, eta gaineratu dau okupazinoaren ehunekoa hazi egin daitekeela, matrikulazino epea oraindino ez baita amaitu.
Araban 1.711 ikasle barri matrikulau dira lehen mailan, aurreko ikasturtean baino % 4,2 gehiago. Nabarmena izan da Gasteizko Injinerutzako Unibersidade Eskolearen portaerea, Injinerutza Elektrikoko gradua kendu egin dan arren, 2011-12an izandako 208tik ikasturte honetako 254ra hazi dalako guztizko matrikula. Campus horretako hamahiru titulazinotan eskainitako plaza guztiak bete ditue.
Gipuzkoako Campusean, guztizko matrikulen kopuruak behera egin dauen arren, 2011-12ko 2.232tik 2.190ra, okupazino mailea bederatzi puntu igon da, % 97,90ra arte. Lanean jarraituko dogu Campus honetako titulazinoen berregituraketan eta datorren urterako ezarrita egon ahal izango da Injinerutza Medikoko gradu barria, adierazo dau Javier Gil Akademia Antolakuntzako errektoreordeak. Gilek nabarmendu dau, baita be, Campus horretako graduen berrantolaketeak baliabideen optimizazinoa ekarri dauela. Holan, Informatika Fakultadean, Kudeaketaren eta Informazino Sistemen Informatikako Injinerutzea desagertu egin dan arren, Injinerutza Informatikoko matrikulak 100etik 144ra hazi dira. Donostiako Unibersidade Eskola Politeknikoan ikasturte honetan ez da emongo Industria Kimikearen Injinerutzarik baina matrikulen kopuruak igoera arina izan dau 402tik 407ra. Ikastegi honetan, aurreikuspenen arabera, Injinerutza Medikoa ezarriko da datorren ikasturtean. Azkenik, Eibarko Industria Injinerutza Teknikoko Unibersidade Eskolan 2011-12an ezarritako Energia Barriztagarrien Injinerutzako graduak eskainitako plaza guztiak bete ditu eta gitxieneko notea 9,924an kokatu dau, UPV/EHUko nota altuenen artean zazpigarrena eta bio-sanitarioa ez dan graduen artean lehenengoa.
Bizkaiko Campusean, prozesua oraindino zarratu ez bada be, matrikulak maila apalean igon dira (2011-12ko 4.603tik 4.715era). Adibidez, Bilboko Industria Injinerutza Teknikoko Unibersidade Eskolan aurten titulazino bat gitxiago dago, baina guztizko matrikulak 376tik 414ra igon dira, eta gaur egun eskaintzen dituan lau graduetako plaza guztiak bete dira. Arte Ederren Fakultadean, Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadean, Zientzia eta Teknologia Fakultadean, Zuzenbide Fakultateko Bizkaiko Atalean, Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoan, Bilboko Irakasleen Unibersidade Eskolan, Lan Harremanen Unibersidade Eskolan eta Leioako Erizaintzako Unibersidade Eskolan be eskainitako plaza guztiak bete dira.
Kontuan izan behar da zifra horreetan aldaketa txikiak izan daitekezala eskaerea daukien titulazio batzuek oraindino ez dituelako plaza guztiak bete.
Gaurdaino, behin-behineko datuen arabera, graduko ikasketetan eta iraungiko diran lizentziatura eta diplomaturen lehenengo eta bigarren zikloetan, 40.404 ikasle matrikulau dira.
Euskal Herriko Unibersidadean hauteskundeak izango dira abenduaren 4an
Euskal Herriko Unibersitateko Gobernu Kontseiluak datozen lau urteetarako errektorea aukeratzeko hauteskundeak deitzea erabagi barri dau. Onartutako egutegiaren arabera, erroldaren behin betiko jakinarazpena urriaren 31n egingo da, eta hautagaitzena, zemendiaren 12an; azken data horretan hasiko da, era berean, hauteskunde-kanpainea. Boto elektronikoa zemendiaren 19tik 28ra bitartean emon ahalko da, eta aurretiko botoa, hil horren 26tik 30era bitartean. Azkenik, botazino formala abenduaren 4an izango da, 9:00etatik 18:00etara. Itzuli bakarra izan ezkero, errektorearen izena abenduaren 17an jakinarazoko da, kontra-egite posibleak aurkezteko epea amaituta.
UPV/EHUko hauteskunde-prozedureak bi itzuliko sistemea aurreikusten dau. Bigarren itzulian, boto gehien jaso dituen hautagaiek bakarrik parte hartzen dabe, baldin eta hautagai batek ez badau boto guztien gehiengo absolutua lortu lehenengo itzulian. Bigarren itzulia beharrezkoa izan ezkero, abenduaren 13an egingo da, eta errektorearen izena hil horren 21ean jakinarazoko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!