Thailandiako alderik ilunena (eta II)

Zigor Aldama 2012-09-28 15:24   Bidaide

Thailandia paradisua da, baina bertako espetxeak inpernua dira. 2.500 atzerritar inguru ei dagoz kartzeletan, Thailandiaren alderik ilunenari kasu egitearren. Hoba da Thailandian drogakaz ez olgetea.

Ohiko iruzurrak zaharrak dira, jasota dagoz, baina oraindino funzionau egiten dabe. Thailandiako izarra, batez be Pattaya urian baina Phuketen bere bai, uretako motorra da. Turista batek motorra alokatzen dau hondartza inguruko uretan osteratxua egiteko, edozein kalte egin ezkero berak ordaindu beharko dauela sinatu dau lehentxuago, eta gailua itzultzean, jaubeak beti topetan dau mailaturen bat, kolperen bat, bezeroak ordaindu beharrekoa. Kaltea aspaldikoa da, eta pintura disolbagarriagaz konponduta dago, ez daiten ikusi, baina aditu batek besterik ezin dau probau. Eta ez daukagu denporarik. Lehenago barrezka egozan thailandiarrak ez dabe txantxarik egiten orain. Ondo pentsautako koreografia honetan kutxiloa eta burdinezko barrea atara ditue.

Eta han dago polizia bat, danak lasaitu guran. Entzun beharreko guztiak entzun ostean, turisteari ordaintzeko esaten deutso, baina mafiosoek eskatutakoa baino diru gitxiago izatea lortzen dau. Jakina, poliziak bere zatia hartuko da, eta hemen ez da ezebe pasau. Ganera, polizia turistiko arloko beharginek -turistekaz dagozan arazoak argitzeko, bertako Poliziagaz lanean dabilzan kanpotarrak- onartzen dabe holangoetan ez sartzeko gomendioa jaso dabela. Gure lana burruketan sartzen diran turistei edo bestelako arazoren bat dabenei laguntzea da, ez Poliziaren lana egitea, dino borondatezko langile australiar batek. Nahiago dau izenik ez emon. Pattaya bizioaren eta polizien ustelkeriaren erdigunea da, inoen Wikileaks-ek, AEBetako Bangkokeko enbajadak argiratu eban lez.

Danak dakie uniformedunek negozio ilunekaz gainsoldatea ataraten dabela. Wikileaks-en informazinoetan aitatutako iturrien arabera, 3.000 eta 10.000 baht (60-200 euro artean) irabazten ditue hilean, albo batera begiratzen daben denda bakotxeko. Uretako motorrarena moduko negozioetan diru gehiago lortzen dabe.

Baina, kontu gehiago be badago. Polizia asko alkar hartuta dagoz, delituren bat egin daben turistei ondo estutzeko, batez be droga edo umeen prostituzinoa tartean dagozanean. Batzutan, guzurretako probak be asmau ditue, deliturik egon ez arren. Paco Thailandian bizi dan valentziarra da. Hurretik ezagutzen ditu honek danok. Taxi-gidari jator batek lagun baten drogak erosteko konbita egiten deutsu, eta beragana eroaten zaitu. Honek drogak prezio merke-merkean saltzen deutsuz, baina zu erosten zagozan bitartean, gidariak bere lagun poliziari deitzen deutso. Ostean, taxitik bajatzean, poliziak ea drogarik hartu dozun galdetzen deutsu, eta ia drogarik daukazun aldean. Erosi barri dozuzan drogak topau eta kartzelara eroango zaituela dinotsu. Jakina, diru nahikotxu ordaindu ezkero, dana konpondu daiteke.

Beste aldaera batzuk dagoz, taxi-gidariaren ordez, prostitutak izaten dira protagonistak. Bersino honetan, prostituteak behin bere beharra amaituta, turistea konturatu barik, haren motxilan-edo drogak sartzen ditu. Handik gitxira, polizia logelako atean da, kanpotarraren kontu negozioa egiteko prest.

Hoba da Thailandian drogakaz ez olgetea. Muga guztietan argi erakusten dabe drogak eukitea zigortzen dala, eta batzuetan heriotza zigorragaz ganera. Baina, motxileo zantarrenaren herrialdean, jente asko jausten da. Antzeko istorioekaz blockbuster bat baino gehiago egin dabe Hollywooden, enbajada askok ondorioen barri emoten dabe; halan be, jente askok fardel misteriotsuak diru piloaren truke garraiatzeko prest egoten da. Hain zuzen be, diru hori ordaindu beharko deutse atoan atrapauko dituan poliziari. Batzutan ez da drogea be, baina ezin daiteke jakin paketeak eginda egoten diralako, azaltzen dau polizia turistikoen taldeko langile batek.

Oraintsu jazoera deigarri baten barri izan dogu. Garagarrilaren 25ean, lau turista atrapau zituen. Poliziak ia kilo bi metanfetamina topau zituan maletetan Bangkokeko aireporturik handienean. Euren artean ez ebela alkar ezagutzen inoen. Poliziak ez eutsen sinistu. Pattaya eta Phuketen beharrean dabilen kartel bateko kide dirala uste dau. Beraz, laurak herrialdeko kartzelarik ezagunenera bialdu ditue, daborduko Bangkok Hilton deitzen daben kartzelara, hain zuzen be. Antza, ez eben gura izan ordaindu, euren arabera ez eben deliturik egin eta. Inork ez dau gura kartzelara joan. Thailandia paradisua da, baina bertako espetxeak inpernua dira. 2.500 atzerritar inguru ei dagoz kartzeletan, Thailandiaren alderik ilunenari kasu egitearren.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu