Europako 21 hizkuntza digitalki galtzeko arriskuan

Bizkaie! 2012-09-25 17:39

Europako hizkuntzarik gehienak ez dagoz oraindino prest. Hutsune nabarmenak dagoz teknologian, I+G proiektu gehienak ingelesean oinarritzen baitira, konpromiso eta diru-baliabide faltea baitago, eta, oro har, ikerketarako eta teknologiagazko ikuspegi garbirik ez baita garatu.

META-NETek, 34 herrialdetako 60 ikerketa-zentroz osotutako bikaintasun-sare europarrak, egindako azterketa baten arabera, Europako hizkuntza gehienak digitalki galtzeko arriskuan dagoz. Azterketa horretan parte hartu dabe Europako puntako hizkuntza-teknologietako 200 adituk, eta, euren arabera, Europako 80 bat hizkuntzetatik 30etan hizkuntza-teknologiek daben babes-maila aztertuta, 30 hizkuntza horreetatik 21etan hutsa edo eskasa da digitalki garatzeko babes edo laguntza.

200 adituk baino gehiagok egindako azterketea META-NET Liburu Zurien Bildumako 30 liburukitan argitaratu da (sarean nahiz inprimiduta eskura daitekez). Azterketa horretan, hizkuntza bakotxak hizkuntza-teknologien arloan dauen babesa azaltzen da, lau arlo desbardinetan: itzulpen automatikoa, ahots-bidezko interakzinoa, testu-analisia eta hizkuntza-baliabideen eskuragarritasuna. Aztertutako 30 hizkuntzetatik 21 (% 70) mailarik beherenean kokatu ditue adituek, gitxienez arlo batean babes hutsal edo eskasa izateagaitik. Zenbait hizkuntzak, besteak beste, islandiereak, letoniereak, lituaniereak eta maltereak, lau arloetan jaso dabe puntuazinorik bajuena. Espektroaren kontrako muturrari jagokonez, nahiz eta adituek esan daben babes bikaina dauen hizkuntzarik ez dagoala, ingelesa bakarriko jo da babes ona dauen hizkuntzatzat, eta haren atzetik dagoz alemana, espainierea, frantsesa, italierea eta nederlanderea, babes ertainaz. Bestalde, euskereak, katalanak eta galegoak, bulgarierea, grezierea, hungarierea, eta poloniereagaz batera babes zatikatua dabe, eta, beraz, arrisku handiko hizkuntzen multzoan ezarri dira horreek be.

Gure azterketearen emoitzak oso kezkagarriak dira. Europako hizkuntzarik gehienek behar baino baliabide gitxiago daukiez, eta horreetariko zenbait erabat baztertuta dagoz. Esangura horretan, gure hizkuntzetariko asko ez dagoz prest etorkizunari aurre egiteko, dino Hans Uszkoreit katedradunak, META-NETeko koordinatzaile, DFKIko (Alemaniako adimen artifizialerako ikerketa-zentroko) zuzendari zientifiko, eta azterketearen koeditore danak. Azterketearen beste koeditoreak, Georg Rehm doktoreak, (DFKI) hau gaineratu dau: Berebiziko aldeak dagoz, hizkuntza-teknologien babesari jagokonez, Europako hizkuntza eta teknologia-eremu batetik bestera. Hizkuntza handien eta txikien arteko tartea gero eta handiagoa da. Bermatu egin behar dogu hizkuntzarik txikienak eta baliabide murriztukoak ezinbesteko oinarrizko teknologiez horniduko dirala; bestela, hizkuntza horreek digitalki iraungitzera kondenaturik dagoz.

Herrialdeen arteko ia muga guztiak kentzea lortu dau Europak. Dana dala, oraindino be bada muga bat, eta badirudi gaindiezina dala: hizkuntza-eragozpenen mugea. Muga ikusezin hori da, hain zuzen, jakintzearen eta informazinoaren joan-etorria oztopatzen dauenetariko bat. Hizkuntza-teknologiek itzulpen automatikoko sistema modernoen bidez hizkuntza-eragozpenak gainditzeko aukerea emoten badabe be, META-NETen azterketearen emoitzek argi erakusten dabe Europako hizkuntzarik gehienak ez dagozala oraindino prest. Hutsune nabarmenak dagoz teknologian, I+G proiektu gehienak ingelesean oinarritzen baitira, konpromiso eta diru-baliabide faltea baitago, eta, oro har, ikerketarako eta teknologiagazko ikuspegi garbirik ez baita garatu.

Europako Kontseiluak, irailaren 26an, Europako Hizkuntzen Eguna ospatuko dau, gure kontinenteko hizkuntza- eta kultura-ondare aberatsa sustatzeko eta garatzeko garrantzia autortzen dauen eguna. META-NETen azterketan ikusi danez, ezinbestekoa da Europan ekimen koordinatu eta eskala handiko bat sortzea, falta doguzan teknologiak garatuko badoguz eta teknologia ahalik eta hizkuntza gehienetara eroango badogu. Arrazoi sendoak dagoz berebiziko erronka horri ekimen bateratu baten bidez aurre egiteko, Europar Batasunaz, hori osotzen daben estadu eta herrialde alkartuez nahiz industriaz osotutako ekimen bateratu batez.


META-NET Liburu Zurien Bildumea:
Euskara aro digitalean

META-NETen Hizkuntzak Europako informazino-gizartean Liburu Zurien Bildumeak Europako 30 hizkuntzaren egoerearen barri emoten dau, hizkuntza-teknologiei jagokenez; era berean, hareen arriskurik larrienak eta aukerak zein diran be azaltzen dau. Euskararen egoerea Euskara aro digitalean Liburu Zurian azaltzen da. Liburu horretan parte hartu dau Elhuyarko hizkuntza-teknologien I+G taldeak. Elhuyarko hizkuntza-teknologien I+G taldea hizkuntza-teknologien ikerketan eta garapenean dabil beharrean, eta hainbat baliabide eta tresna garatzen ditu. Ikerketa arlo nagusiak ondokoak dira: lexiko- eta terminologia-erauzketea, informazinoaren berreskurapena eta erauzketea (IR-IE), corpus-baliabideak –Zientzia eta Teknologiaren Corpusa; Eroski Consumer Corpusa–, corpus-tresnak, semantika eta ontologiak, itzulpen automatikoa –OpenTrad–, Sentiment Analysis –BOM-, eLearning –MobLang-. Hainbat ikerketa estrategiko martxan ditue hizkuntzen industriagaz –Berbatek– eta turismoagaz lotuta. I+G taldearen ikerketa-lana ezagutarazoteko, hainbat argitalpen egin ditu lantaldeak.

Dagoeneko, hizkuntza-teknologiek eguneroko ataza asko errazten deuskuez. Europan, ehunka enpresa txiki eta ertain espezializau dira hizkuntza-teknologien zenbait aplikazino edo zerbitzutan. Izan be, hizkuntza-mugak gaindituz, alkarlanerako, ikasteko, negozioak egiteko eta jakintza partekatzeko aukerea emoten dabe hizkuntza-teknologiek, diranak dirala trebetasun informatikoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu