Luis Villasanteren lan guztiak digitalizau ditu Euskaltzaindiak
2012-09-19 15:41Luis Villasante zanak idatzitako lanen bersino digitalizatua aurkeztu dabe gaur Euskaltzaindiaren egoitzan. Luis Villasante euskaltzainburua izan zan 1970etik 1988ra, eta 57 urtetan zehar argitaratu eban lehenengo argitalpena 1944koa da, eta azkena, barriz, 2000koa. Danetara, 929 idazlan katalogau eta batu dira. Gaurtik aurrera sarean konsultau daitekez Akademiaren webgunean.
Luis Villasante zanak idatzitako lanen bersino digitalizatua aurkeztu dabe gaur Euskaltzaindiaren egoitzan. Luis Villasante euskaltzainburua izan zan 1970etik 1988ra, eta 57 urtetan zehar argitaratu eban lehenengo argitalpena 1944koa da, eta azkena, barriz, 2000koa. Danetara, 929 idazlan katalogau eta batu dira. Gaurtik aurrera sarean konsultau daitekez Akademiaren webgunean.
2008ko zemendiaren 25ean, Euskaltzaindiak, Arantzazuko Frantziskotarrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu eben, Luis Villasanteren lanak sistematizau eta digitalizetako, eta hori izan zan orain aurkeztutako egitasmoaren abiapuntua. Egitasmoa Euskaltzaindiak kudeatu dau, eta Joan Mari Torrealdaik zuzentzen dauen Jakin aldizkariko taldeak garatu dau.
Joan Mari Torrealdaik berak azaldu dau egindako lanaren nondik norakoa. Harekin batera, Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadua, Iñaki Beristain Arantzazuko Frantziskotarren Probintziako ordezkaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua izan dira. Miriam Villasante Luis Villasanteren ilobea be bertan izan da.
Hiru erakundeotako ordezkariek beren esker ona adierazo dabe egindako lanagaitik —alkarlanaren garrantzia be azpimarratu dabe- eta Villasanteren lana eta figurea goraipatzeko erabili dabe momentua. Holan, Andres Urrutiaren berbetan, 'Euskaltzaindiarentzat Villasanteren figurea giltza da, gakoa, aldi jakin batean berak jakin ebalako orduko gizartearen aurrean Euskaltzaindia bera eguneratzen eta atontzen. Gaurko, garai honeetako Euskaltzaindiak badauka bere sorrerea Villasanteren aldi horretan'. Josune Ariztondok intelektual berbea aldarrikatu dau, eta Villasante gure intelektualetako bat dala esan du. Haren lana jentearen eskura jartearen garrantzia aitatu dau jarraian: 'Villasantek lan handia egin eban. Eta orain, digitalizau ondoren, konsulta-gai daukagu. Zaletu eta aditu guztien eskura dago berak itxitako kultur ondarea'.
Iñaki Beristainek Villasanteren autortza egin nahi dauela esan dau, 'guk bizirik, anaia sentiduten dogulako oraindino'. Harek egin eban lana — 'inurri lana, batetik, sator lana, bestetik'- autortua dala esan dau, 'eta horrek asko pozten gaitu'.
Ondoren, Torrealdaik hartu dau berbea. Hasteko, egitasmoaren helburua azpimarratu dau, hau da, euskaltzaleon memoria historikoa eta transmisinoa bermatzea, 'belaunaldien arteko etenik ez daiten egon'. Jarraian, egin dan lanean artxiboa eta idazlanak bereizi behar dirala esan dau. Villasanteren artxiboari jagokonez, hiru dokumentu mota dagoz: eskuizkribuak (315 dokumentu), gutunak (523) eta argazkiak (217).
Villasanteren idazlanak -aurretik argitaratuak eta gaurtik aurrera interneten- lau multzo nagusitan dagoz banatuta: liburu osoak (41), liburu zatiak (106), artikuluak (769, gehienak euskeraz idatziak) eta edizino bereziak. Edizino berezi horreek be liburu osoak dira, baina Villasanteren egiletza berezia da, testuak ez baitira berak sortutakoak, batu, editau edo atonduak baino; guztira, 13.
Gaiei jagokenez, erlijino gaiak jorratu zituan gehienbat (381). Euskereari buruzkoak 298 lan dira (Euskaltzaindiaz, hizkuntzalaritzaz, normalizazinoaz), eta literaturaz 180 lan sailkatu dira. Bestelako lanetan gai ugari jorratu zituan.
Idazlan guztiak PDF formatuan digitalizauta eskaintzen dira. Kasu ia guztietan dokumentuaren azalaren irudiaz gan, bersino bi eskaintzen dira: bata 'Dokumentua izenekoa eta bestea Testu zuzendua' izenekoa. Dokumentua motakoak papelezko bersinoaren argazki leialak dira, eta Testu zuzendua motakoek, ezinbestez, lanketa bat daukie. Ahalik eta maketazino- edo taiutze-agindu kopuru txikiena erabiliz, idazlan guztien aurkezpen homogeneo eta koherentea eskaintzeko ahalegina egin da, elementu formal nagusiei beti erispide berberak esleituz: goiburuak, izenburu eta azpi-izenburuak... Ganerakoan, dokumentu originalen erispideak errespetau dira.
Luis Villasante
Luis Villasante Kortabitarte Gernikako Errenteria auzoan jaio zan, 1920ko martiaren 22an. Oinarrizko ikasketak herrian bertan egin zituan, 1931n Arantzazuko Frantziskotarren eskolan sartu zan barruko ikasle modura eta 1934an Foruko Frantziskotarren eskolan.
Gerra Zibilaren hasiereagaz, Zarautzen nobiziadun sartu barri egoala, etxera itzuli beharrean izan zan, 1937ko bonbardaketearen lekuko izan zalarik: familiak etxea galdu eban. Gerrea amaituta, 1939an Arantzazura itzuli zan eta, handik, Erriberrira, Filosofia ikastera. Nafarroako herri horretan, Benito Lasa irakaslea gidari, eta Salbatore Mitxelena ikaskide eta lagun zituala, euskereagazko gogoa piztu jakon.
1944an, barriz, Kantabriako Comillasera joan zan, Teologia Dogmatiko ikasketak egitera eta bertan abadetu zan. Lehen mezea Aulestin emon eban, 1945eko abuztuaren 15ean. 1946an, Arantzazun bueltan zan, behin betiko egoitza izango ebana.
1950ean,“La sierva de Dios M. Angeles Sorazu: estudio místico de su vida izeneko tesia argitaratu eban. Garai haretakoak dira, era berean, Euskaltzaindiagazko lehen hartu-emonak, Federico Krutwig-en bitartez. 1951ean izentau eben euskaltzain oso, sarrera hitzaldia lapurterari eskaini eutsolarik.
Arantzazun, irakastea izan eban eginkizun nagusi, teologia eta euskerea. Arlo honetan, ahalegin handia egin eban euskerako klaseak euskeraz emoten eta irakaskuntzearen arlo guztietara zabaltzen. Era berean, euskerearen batasunaren beharra, ideia gero eta zehatzagoa eukan, Gipuzkoa eta Bizkaiko bazter guztietatik joandako ikasleek eroandako euskalkien artean egoan loturarik eza ikusita. Erlijino gaietan, barriz, moja eta eleizgizonak, eta mistikea izan zituan langai nagusiak,
Euskaltzaindiaren barruan, euskal idazle klasikoak aztertzen jardun eban, Axular bereziki: Gero liburua sakon aztertu eta gaztelaniara itzuli eban. Akademiako jardueran parte-hartze oso aktiboa izan eban hasieratik, eta nabarmentzekoa da euskera batuari formea emon eutson 1968ko biltzarreko bere ekarpena: txosten bi aurkeztu zituan, Batasunari buruzko bibliografia eta Antziñako euskal hitzen formaz. Ondoren be, hainbat lanen bitartez, euskera batua indartu eta bultzatzeko ardurea hartu eban.
1970ean Manuel Lekuonaren lekua hartu eta euskaltzainburu izentau ebelarik, berari zor deutso Akademiak erakundea modernizau, gizarteratu eta aro barri batean sartzeko bidea urratu izana. Bere gidaritzapean, batzordeak antolatu ziran. Euskaltzain oso, urgazle eta euskalarien partaidetzaz, hainbat lan-eremu markauta, barruko-araudia onartu zan, eta Baiona eta Iruñeko ordezkaritzak zabaldu ziran.
Lan sakon horreek guztiak eginda, 1972an kargua ixtekotan bazan be, 1988ra arte izan zan agintean. Tarte horretan, Euskaltzaindiaren eraldaketearen lekuko eta eragile izan zan. 1976an, Euskaltzaindiak erakunde ofizial izaerea eskuratu eban errege dekretuz. 1978an, Bai Euskarari antolatu eban Akademiak. Eta 1985ean, hitzarmena sinatu eban Bizkaiko Foru Aldundiagaz, egoitza nagusia Plaza Barrian jarri ahal izateko. Era berean, ikerketa-ildoa indartu zan –Euskararen Herri Hizkeren Atlasak eta Orotariko Euskal Hiztegiak, esaterako, orduan emon zituen lehen urratsak-, eta batzordeak gehitu egin ziran.
1988an, azkenik, Jean Haritschelharri lekukoa emon eutson. Azken urteetan, hainbat omenaldi eta autortza jaso eban, bizitza osoko ekintzaren ordainez: Durangoko Azoka (Tontor, 1975), Eusko Ikaskuntza (Giza eta Gizarte Zientzien Saria, 1997), Eusko Jaurlaritza (Lan Onari Saria, 1997), edo Korrika (1997). EIZIEK ohorezko kide izentau eban 1996an. Euskaltzaindiak berak, 1992. urtean omendu eban.
2000ko abenduaren 2an hil zan, Arantzazun.
Luis Villasanteren ezagutzaren ondarea, harek idatzitako lan mardulean batu da. Bere bibliografiak 700dik gora erreferentzia ditu. Batetik, erlijinoa eta euskerea buztartzeko egin eban ahalegina azpimarratzekoa da. Bere liburuen artean, aitatzekoak dira Jainkoa (1962), Jesukristo (1969), Eliza (1984), edo Kristau Fedea (1986), Mª Angeles Sorazuri eskainitakoa ahaztu barik.
Literatura klasikoan, barriz, Historia de la Literatura Vasca (1961) mugarri har daiteke. 1971an, barriz, Axular. Mendea, gizona liburua lana kaleratu eban. Hizkuntzalaritzan, euskerearen batasuna izan eban langai nagusi. Luis Eleizalde bilduman bederatzi liburu atara zituan, euskal morfologia eta sintaxia aztertuz, euskera idatzia bateratzeko ildoak ezartzeko asmoz. Honako honeek nabarmendu daitekez: Hacia la lengua literaria común (1970), La declinación del vasco literario común (1972), Sintaxis de la oracion compuesta (1976), Estudios de sintaxis vasca (1978), La h en la ortografía vasca (1980), Sintaxis de la oración simple (1980), Euskararen auziaz (1988).
1973an, Axularren Hiztegia kaleratu eban hiru hizkuntzatan. Liburuetan ez eze, hainbat aldizkaritan be jaso dira Villasanteren lanak: Aranzazu, Euskera, Egan, Anaitasuna, Euzko Gogoa, BRSVAP, ASJU, Gure Herria...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!