Eddie Campbell eta Miguelanxo Prado izango dira Getxoko XI. Komiki Azokearen artista konbidatuak
2012-09-19 10:51 KultureaGetxoko XI. Komiki Azokan egongo diran egileen zerrendak baditu lehenengo izenak, eta aurten, goi mailako artistak batuko dira azokan. Zemendiaren 23tik 25era bertan egongo dira Eddie Campbell eskoziarra, From Hell eleberri grafiko famatuaren ilustratzailea, eta Miguelanxo Prado egile galiziarra, oso ospetsua nazinoartean.
Getxoko XI. Komiki Azokan egongo diran egileen zerrendak baditu lehenengo izenak, eta aurten, goi mailako artistak batuko dira azokan. Zemendiaren 23tik 25era bertan egongo dira Eddie Campbell eskoziarra, From Hell eleberri grafiko famatuaren ilustratzailea, eta Miguelanxo Prado egile galiziarra, oso ospetsua nazinoartean, antolakuntzeak jakinarazo dauenez.
Eddie Campbellek (1955, Glasgow) 1970eko hamarkadearen amaieran hasi eban ilustratzaile jarduerea, anglosaxoi esparru independentean, sasoi horretako fanzine gehienetan. 1986an, Australiara bizitera joan zan eta Ingalaterrako eta Ipar Amerikako hainbat aldizkarientzat hasi zan lan egiten, esaterako Knockabout, Fantagraphics eta Dark Horse Presents-entzat. Garai horretan, Bacchus seriearen personaia sortu eban eta 15 urtez garatu eban.
1995ean, argitaletxea sortu eban, Eddie Campbel Comics, hain zuzen be. Horretan, Alec bere lanik personalena kaleratu eban, eta ondoren Alan Moore gidoigile famatuagaz hasi zan alkarlanean orain arte esku artean izan dauen ospe handieneko lanean: From Hell. Hamar urte egin zituan lan horretan, Jack The Ripper personaiaren hilketen istorioan sakontzen dauen lanean, eta arrakasta handia izan eban AEBtan, eleberri grafiko salduenetariko bat baita.
Eskoziarrak nazinoarteko hainbat sari irabazi ditu, esaterako, Eisner, Harvey & Ignatz eta Angoulêmeko (Frantzia) Nazinoarteko Komiki Jaialdiko kritikaren saria. Bere lanen artean, aitatzekoak dira The Black Diamond Detective Agency, The Birth Caul eta Snakes and Ladders. Laster The Lovely Horrible Stuff kaleratuko dau; lan hori Astiberri argitaletxe bilbotarrak argitaratuko dau eta Getxon aurkeztuko da.
Prado
Miguelanxo Prado (A Coruña, 1958) atzerrian proiekzinorik handienetakoa dauen Estaduko egileetako bat da eta oso obra personala egiten dau. 1980ko hamarkadearen hasieran hasi zan nabarmentzen sasoi haretako aldizkarietan: Zona 84, Cimoc eta Comix Internacional. Bere komiki albumak zenbait hizkuntzatara itzuli ditue eta sari ugari jaso ditu; batzuk entzute handikoak gainera, esate baterako, Alph Art Saria.
Trazo de tiza da seguruenik bere lanik ezagunena, eta horrezaz gan, beste honeek be aitatu behar dira: Quotidianía Delirante, Stratos, Fragmentos de la Enciclopedia Délfica, Tangencias, Crónicas incongruentes eta La mansión de los Pampín (lan eta gidoi onena Bartzelona Komikiaren 2005eko Nazinoarteko Azokan).
Neil Gaimanek The Sandman: Endless Nights lan grafikoan parte hartzeko hautatu eban egileetako bat da Prado; lan hori zenbait artisten artean egin eben. Laura Esquivel, Manuel Rivas eta beste idazle batzuen ilustratzaile be izan da, eta 1998tik, jarduera profesionala A Coruñako Komiki Azokearen zuzendaritzeagaz buztartzen dau. Laster bere azken lana kaleratuko da, Ardalén, oroimen personalaren inguruko 250 orri baino gehiago dituan eleberri grafikoa, hain zuzen.
Santiago Valenzuela 2011ko Espainiako Komiki Sari Nazionalak egin dau aurtengo azokearen kartela. Egile donostiarra irudimen handia erakusten daben Torrezno kapitainaren istorioakaitik da ezaguna batez be. Jarabe unibersidade-fanzinean abiatu zan Valenzuela komikiaren munduan eta jarraian beste fanzine batzuetan argitaratu zituan bere istorioak, esaterako Tos, Dos Veces Breve eta Humo aldizkarietan. Capitán Torrezno serieko zazpi zenbakiez gan, honako lanak be kaleratu ditu: Sociedad limitadísima, El lado amargo eta El gabinete del doctor Salgari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!