Thailandiako alderik ilunena (I)

Zigor Aldama 2012-09-18 15:34   Bidaide

300.000 biztanle inguruko Pattaya uriak urtean 4 miloe bisitari hartzen ditu eta horreetatik inor be ez doa tenplo budistak ikustera. Arriskuak be badira eta ezbehar handiak, burrukak eta izan daitekezan arren, kasurik gehienetan kutxazain automatikora joan eta diru partidea atarata konpontzen dira arazoak...

Ping-pong show? Banana show?... Bangkok-en lurreratu eta turistek entzuten dituen proposamenetako batzuk dira aitatu horreek. Amu lana egiten dauen gazte irribarretsuak emakume protagonisten trebetasun edo abilezia sexualen barri emoten deutsoz zur eta lur geratzen dan bisitariari. Edozelan be, hasierako ezustekoaren ondoren, asko dira konbita onartu eta Tailandiako uriburuko sinbolo bihurtu diran ikuskizunetara hurreratzen diranak. 300 baht (6 euro) inguruko sarrerea pagau behar da (edari bat barne) eta pentsauezina da haraino joan eta munduko ikuskizun sexual ezagunenetarikoari uko egitea.

Amuak ondo egiten dau bere lana. Bezeroa areto zulora eroan eta desagertu egiten da. Hortik aurrera turistak neska ederren esku geratzen dira eta tiraka-tiraka plataforma zirkular ikusgarrian bikinia jantzitako grazia eta erotismo handirik bako neskak jantzan dabilzan ingurura eroaten ditue; sofa erosoetan kokatu eta jaubetzen diranerako, edadeko emakume bat inguratzen jake garagardao kartea eskainiz. Itxura batean doban hartzeko edariak dira eta linterna edo esku-argi baten argitan turista gizajoak nahi dauena eskatzen dau...

Performance-ikuskizuna berehala hasten da. Oholtza gaineko neskak biluzten hasten dira eta erropak ikusleen artera botaten. Keinu beroak tarteko dirala, baginan zigarroa jarri eta erretzen hasten dira... Ondoren, txandaka ping-pong pelotak eta dardoak baginan sartu eta upealako indarrez bezeroak dagozan lekuraino botaten hasten dira; bezeroek, barriz, nazka keinuak eginez itzultzen deutseez aitatu leku berezi horretatatik jaurtitako gauzak. Bien bitartean, oholtzakoak baino neska ederragoak bezeroen artean ibilten dira edaririk karuenak eskatuarazo eta topa eginez.

Azkenean, alde egin aurretik fakturea eskatu eta jasoten dabenean, bildur-ikarea sortzen jake bezeroei; ustez dobanekoak ziran garagardaoak eta neska ederren konpainian egoteko eskatutako edariak zehatz-mehatz agiri diralako bertan. Aretoko arduradunari azalpenak eskatzen deutsiezanean, arduradunak garagardao eta ganerako edarien kartea erakusten deutse eta oraingoan alboan prezioak be agiri dira. Irribarreak eta neska ederrak desagertu eta kopeta ilunak eta bizkartzain erraldoiak azaltzen dira.

Ohikoa da hondartzen atxakiagaz sexuaren bila joatea Thailandiara. Bertako gobernuak makinatxu bat lan egin dau Thailandia turismo sexualaren erdigunetzat hartzeko dagoan aitatu joera hori baztertzeko baina orain arteko ahaleginek ez dabe ezelako ondoriorik izan. Uriburutik 150 bat kilometrora dagoan Pattayako oinezkoen kalera joatea besterik ez dago, hareari eta itsasoari inork be ez deutsola jaramonik egiten ikusteko.

Thailandiako Benidorm horretan, prostituzinoaren susperraldian berebiziko garrantzia izan dabe armada anglosaxoietako soldaduek eta gaur egun mafiak, emagalduak, trafikatzaileak, polizia ustelak eta eskrupulurik bako turistak baino ez dabilz. Heriotza tasa Asiako beste leku batzuetakoa baino bost aldiz handiagoa da eta horren erakusgarri, ohikoa izaten da gau eta egun zarratzen ez daben areto horreetako baten atarian persona bat hil eta rigor mortisa oso aurreratuta egon arte gorpuei ezelako jaramonik ez egitea. Hemen inguruan mozkorrak dabilz ugari eta persona bat lurrean ikusi arren, ez geuntsan kasurik egin esan eban oraintsu alkoholdun edariak merke-merke saltzen dituan dendako arduradunak. Mendebaldeko jubilatuen, horreetako asko gerrako beteranoak, paradisua da hau, emagalduak, alkohola, drogea... dana dago merke, eskuragarri eta azken aldion gazteak be hurreratzen hasi dira euren herrialdeetan egin ezin dabena egiteko aukera guztiak dituelako. 300.000 biztanle inguruko Pattaya uriak urtean 4 miloe bisitari hartzen ditu eta horreetatik inor be ez doa tenplo budistak ikustera. Arriskuak be badira eta ezbehar handiak, burrukak eta izan daitekezan arren, kasurik gehienetan kutxazain automatikora joan eta diru partidea atarata konpontzen dira arazoak...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu