UPV/EHUren trebakuntza-proiektu akademiko bat erakutsiko dau Cristóbal Balenciaga Museoak

Bizkaie! 2012-09-17 14:21   Kulturea

Cristóbal Balenciaga Museoko erabilera anitzeko gelan erakutsiko ditue emoitzak, baita lan-prozesuak be, gaurtik irailaren 30era bitartean. Lan-prozesuak blogean be ikusgai dagoz.

Balenciaga argitzen erakusketea gaur aurkeztuko dabe Getariako museoan. Trebakuntza-jarduera honen emoitza akademikoa eta bisuala Fundación Cristóbal Balenciaga Fundazinoaren eta Euskal Herriko Unibersidadearen arteko alkarlanaren ondorioa da. Balenciaga argitzen erakusketeak UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak sortutako proiektuaren emoitzak batzen ditu; laugarren mailako hamar ikasle lau hilebetez ibili dira buru-belarri proiektu horretan. Ikasleok Balenciagaren lanak ikuspegi konstruktibo eta kontzeptualetik aztertu ditue. Holan, analisi horretatik, zortzi lanpara diseinau eta eregitea proposatu dabe, moda-sortzailearen hainbat sorkari oinarri hartuta.


Miren Arzalluz, Tytti Thusberg eta Conchu Uzkudun, prozesuan laguntzaile

Amaia Casado arkitektoak eta UPV/EHUko irakasleak bultzatu dau proiektua, eta arkitekto handi batzuek luminarien diseinuan egindako lanaren azterketea izan dau oinarri (Le Corbusier, Alvar Aalto, Fran Lloyd Wright edo Alvaro Siza, besteak beste). Prozesuan hainbat konbidatuk parte hartu dabe: Miren Arzalluz Cristobal Balenciaga Fundazinoko bildumen eta aldi baterako erakusketen komisario eta arduradunak, edota Tytti Thusberg eta Conchu Uzkudun (Minimil) diseinatzaileek.

Ikasleek moda-sortzailearen teknikea aztertu dabe Miren Arzalluzen eskutik, eta ehunak zelan ezagutzen zituan be ikusi dabe. Silueta garbiago eta abstraktuagoak sortzea lortu eban Cristóbal Balenciagak; horregaitik, goi-mailako joskintzaren arkitekto esaten eutsien. Gipuzkoan bizi dan Tytti Thusberg diseinatzaile finlandiarrak, bestalde, upcycling kontzeptua planteau deutse arkitekturako ikasleei; hau da, jatorriz hondakina zan materialari balioa emoten deutson diseinua.

Conchu Uzkudun eta Ana Zuaznabar ama-alabek jantzi bat egiteko prozesua azaldu deutsee ikasleei Minimil enpresearen tailerrean. Santos Bregaña diseinatzaileak eta Mikel Setien argiztapeneko espezialistak be eskaini deutse euren ikuspegi teknikoa etorkizuneko arkitektoei.

Ikasitakoa gogoan hartuta, zortzi lanpara sortu ditue gazteek, Cristóbal Balenciaga Museoko bildumako piezak oinarri hartuta eta birziklautako materialak erabilita.


Ikasleek eregitako erakusketa-gunea

Balenciagaren Le Chou noir (1967) pieza ikonikoan oinarrituta dago Amaia Casadok pentsau eta ikasleen laguntzaz eregitako erakusketa-gunea. Gazarrez egindako jantzi enblematiko bat da, soina eta buruaren zati bat kapa modura estaltzen daben uhindurek osotua.

Cristóbal Balenciaga Museoko erabilera anitzeko gelan erakutsiko ditue emoitzak, baita lan-prozesuak be, gaurtik irailaren 30era bitartean. Lan-prozesuak blogean be ikusgai dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu