25.000 lagun batu ditu Folk Getxo BBK jaialdiak
2012-09-10 15:17 Musikea25.000 bat lagun izan dira atzo bertan Xabier Leteren omenezko Sortuko dira besteak kontzertuagaz amaitu zan 28. Getxoko Nazinoarteko Folk jaialdian.
25.000 bat lagun izan dira atzo bertan Xabier Leteren omenezko Sortuko dira besteak kontzertuagaz amaitu zan 28. Getxoko Nazinoarteko Folk jaialdian. Bost egunetan, zaleek 12 saioz gozetako aukerea izan dabe, jaialdiaren harian antolatzen diran beste jarduerak ahaztu barik, esaterako kale-banden desfileak eta ekimen solidarioak. Azken horreen artean Munduko Eskulangintza Azokea, Gune Solidarioa eta Munduko Terraza aitatu behar dira.
Areetako Geltokia plazan izan diran kontzertu nagusietan, musika eskaintza anitza eta kalidadekoa izan da. Kíla talde irlandarrarena eta Cheikh Lô artista senegaldarrarena saio arrakastatsuenak izan dira. Kontzertu nagusien eskaintza Mikel Urdangarinen eta Cristina Patoren alkarlanak eta Xabier Lete omentzeko hainbat artista batu zitun Sortuko dira besteak saioak borobildu eban.
Arratsaldeko kontzertuei jagokenez, emoitza ezin hobea lortu dabe, Areetako Geltokia plazaren ondoko aparkalekuko karpea behin baino gehiagotan bete zan eta. Aurten Aba Taano ahots-seikote ugandarraren saioagaz abiatu zan gune horren egitaraua eta hurrengo kontzertuetan Ganbara euskal taldea, Olga y los Ministriles Piriniotako folka lantzen dauen Huescako boskotea, herri musika gaztelarra joten dauen Mayalde taldea eta Milo Ke Mandarini bikotea izan ziran.
Barikuko eta zapatuko eskaintzeari amaierea emoten eutsien Munduko Terrazako saioek lagun ugari batu ditue aurten be. Bertan Madrilgo Streetwings eta Granadako Maui y los Sirénidos taldeek jo eben. Era berean, goizeko saio bat be izan da jaialdian, Boliviako Suyana taldea protagonista izan ebana. Umeek, barriz, eurentzako antolatutako perkusino tailerraz ederto gozau eben.
Aurtengo musika eskaintza kale bandek osotu dabe. Lau egunetan, deskantsu barik ibili dira Getxoko zein Bilboko kaleetan Eskoziako, Galiziako, Senegaleko, Boliviako eta Euskadiko kale-bandak. Aitatzekoa da zapatuan Bizkaia Zubitik abiatu zan desfilea, milaka lagun batu ziralako.
Bestelakoak
Kontzertuak ez eze, Folk Getxo BBK jaialdian beste jarduera batzuekaz disfrutetako aukerea izan dau publikoak. Holan, Gune Solidarioan, GKEek zein beste alkarte batzuek euren lana eta proiektuak emon dira ezagutzera. Bertan Bidezko Merkataritzako produktuen salmentea be egon da eta hainbat herritako eskulanak gerturatu dituan Munduko Eskulangintza azokea be sano arrakastatsua izan da. Azkenik, Munduko Terrazan, jatorri anitzeko jatekoak probetako aukerea izan da, besteak beste, Filipinakoak, Boliviakoak, Argentinakoak, Marokokoak, Libanokoak eta Mexikokoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!