Bilboko Udaltegietan 7 erakusketa barri izango dira
2012-08-31 16:25 KultureaExpodistritok, Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko dan aldi baterako erakusketa zikloak irailaren 3an, astelehenean, emongo deutso hasierea urteko azken hiruhilekorako egitarauari.
Expodistritok, Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko dan aldi baterako erakusketa zikloak, datorren astelehenean, irailaren 3an, emongo deutso hasierea urteko azken hiruhilekorako egitarauari. Oraingo honetan, Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko eta Burtsako udaltegietara hurreratzen diran bilbotarrek zazpi erakusketa ibiltariz gozau ahal izango dabe urtarrilaren erdialdera arte: lau, pintura erakusketak izango dira, bi argazki erakusketak eta azkena zeramika erakusketea izango da.
Urteko azken hileotako programea, datorren astelehenean hasiko da, Castañoseko eta Burtsako Udaltegietan, eta bi pintura erakusketa izango doguz, irailaren 3tik 14ra, Carsa Arteren eskutik eta Zubietxeko Arte Tailerraren Ulises 2.0 izeneko erakusketeagaz. Bi kasuetan, pinturea beste diziplina batzuekaz fusionetan daben erakusketak izango dira, abangoardiako proposamenak sortzeko.
Pinturea
Carsa Arte-ren, 2012an bere seigarren edizioa ospatzen dauen Pintura eta Arte Digital Sariketa Nazionalaren helburua, Artearen eta Teknologiaren artean dagoan lotureari buruzko arte gogoetea sustatzea da, eta hori da bertako lanetan agertzen dan gai nagusia. Pintura modalidadeko obra irabazlea Pablo Fuentesen Delirio Escultórico izan zan. Arte digitalaren diziplinan, sariak 3D-n egindako Imaquinarium 2.0 lana aurkeztu eban Raúl Cardosok eta Fusión Latente lana aurkeztu eban Mar Alaezek irabazi zituen. Saritutako lanak eta epaimahaiak aukeraturiko beste 15, Expodistritoren erakusketa honetan egongo dira ikusgai. Erakusketea Castañoseko Udaltegian ikusi ahal izango da hasiera batean, irailaren 3tik 14ra.
Zubietxe Arte Taillerraren Ulises 2.0 lana, tailerrean lan egiten daben artista ez profesionalen eta ilustratzaile profesional talde baten arteko alkarlanetik sortu da. Ilustratzaileek artelan espontaneo eta zintzo horreek erreferentzia hartu eta horreekaz alkarrizketa formala ezarri eben, berbak amaitzen diran tokian. Erakusketeak, Nikita Tibabishebek eta Raquel Alzatek, Omar Errajik eta Sonia Pulidok, Bezaid Djillalik eta Paco Rocak, Ditshidi Ndombek eta Juanjo Sáezek osotutako bikote artistikoak ekarriko deuskuz, besteak beste. Erakusketea astelehenetik aurrera instalauko da Abando-Barrainkuako Udaltegian, eta bigarren hamabostaldian Otxarkoagara eroango da.
Durangaldeko Arte Elkartearen erakusketeak, gaur egun 50 artista baino gehiago dituan elkartea 1990ean sortu eben arte zaletuek egindako lan onenen aukeraketea ekarriko deusku. Erakusketea San Frantziskoko udaltegian ikusi ahal izango da lehenengo, irailaren 17tik 28ra.
Conchi Ororbiak aurkeztuko dauen erakusketea, konstantziaren, ikerketa teknikoen, zirriborroen entseguen, marrazkiaren eta kolorearen azterketearen emoitzea da. Eguneroko gaietan dago inspirauta, irudian, paisajean, bodegoian, estilo espresionistenean eginda, kolorearen bitartez emozinoak eta sentimenduak sortzeko helburuz. Teknika anitza da, lausodurak, enpasteak eta grafismoak erabiliz. Erakusketearen helburua ikuslea hunkitzea da, kromatismoagaz jolastuz, figurazinotik espresionismora doan eremuan. Bilboko ikusleek Burtsako udaltegian ikusi ahal izango dabe zemendiaren 2tik 16ra.
Argazkigintzea
Alfaron (Errioxa) jaio eta Bilbon bizi dan Jose Antonio Palomaresen pasino nagusia argazkigintzea da, paisajeak batez bere. Expodistrito programearen barruan erakusten dauen bildumea, Ordesako eta Aigüestorteseko Parke Nazionaletan udagoienean, basoak bere kolore guztiak erakusten deuskuzan momentuan, hartutako argazkiek osotzen dabe. Bildumea urriaren 16tik 31ra bisitau ahal izango da, Castañoseko Udaltegian.
IMVAL-en, Ikus-entzunezkoen Ikasketa Zentroaren Emociones izeneko erakusketea, 2011-2012 ikasturteko ikasleek egindako 36 argazkik osotzen dabe. Erakusketea oinarrizko emozinoen inguruan egituratzen da: ezustea, nazka, tristurea, amorrua, bildurra, poza. Artistek emozinoei buruzko ikuspegia islatzen dabe, ikuspuntu personaletik. Kamerak eta objektiboak zehetasun bakotxaren, prozesu bakotxaren, gizakiarengan gertaturiko aldaketa bakotxaren eta emozino bakotxaren lekuko dira. Erakusketea azemendiaren 2tik aurrera ikusi ahal izango da San Frantziskoko udaltegian lehenengo.
Zeramikea
Jose Alzuet marrazkigintza irakaslea da San Fernandoko (Madril) Arte Eder Goi Eskolan. Honezkero erretirauta dago, eta Bilboko ikusleen aurrean bere azken lana aurkeztuko dau, ia 1.000 gradutara egositako zeramikazko azulejoetan egindako pinturak. Lan horreetan egun euritsuetako kaleko eszenak, herri kirolak edo Euskal Herriko portuetako giroa ikusten dira. Zeramika erakusketea urriaren 16tik aurrera ikusi ahal izango da Begoñako udaltegian.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!