Uri bildurgarria estepearen erdian
2012-08-31 15:36 BidaideOrain zortzi bat urte probitziako gobernuaren asmoa izan zan, ordura arte 1.500 artzainez osotutako herrixka bi baino ez egozan lekuan, erdigune politiko eta ekonomiko sendoa, Txinan urigintzearen eredu bihurtuko zan uria sortzea. Dubai eta Shenzhen lako urien arrakasteak eraginda emon eben pausua.
Urigintzan hutsaren hurrengoa da Kangbashi. Mongolia Barrualdea Txinako erregioan ia-ia basamortua dan estepan, uriaren azpiegiturak itzelak dira: se errei dituen etorbideak, azken belaunaldiko autobus geltokiak, Jainkoen eskalako eskulturez apaindutako parke erraldoiak eta zientzia fikzinozko eraikuntzak museoak, liburutegiak zein arte eszenikoetako zentruak hartzeko. Ohiko eskala eta neurrietatik kanpo eregita dago dana.
Inguruan, etxe orratz distiratsuak eta Bartzelonan bizi diranak hartzeko besteko urbanizazinoak dagoz; tartean merkataritza-gune ikusgarriak, Tiananmenekoa txiki ixten dauen plaza bat eta IMAX 3D teknologiadun zinema-aretoa be agiri dira. Duda barik, Ordos administrazino barruko Kangbashi uria bat dator Gengis Khan-en handitasunagaz; haren irudia nahinon agiri da eta mausoleoa be ez dago urrun. Kontua da ze uri bildurgarri horrek dituan 35 kilometro koadrotan oso jente gitxi bizi dala eta sasoi batean eregitako eraikin asko hormigoizko hazurdureagaz bertan behera itxita dagozala. Irudia bildurgarria da.
Orain zortzi bat urte probitziako gobernuaren asmoa izan zan, ordura arte 1.500 artzainez osotutako herrixka bi baino ez egozan lekuan, erdigune politiko eta ekonomiko sendoa, Txinan urigintzearen eredu bihurtuko zan uria sortzea. Dubai eta Shenzhen lako urien arrakasteak eraginda emon eben pausua. Kontuan hartu, 1980ra arte arrantzaleen herri iluna zana gaur egun zazpi miloe biztanle inguruko uria dala Shenzhen; Deng Xiaoping-ek kapitalismoagaz esperimentetako gune izentau eban sasoi haretan, inguruak meatzaritzan eukan indarra sustatuz eskulana erakarteko (Adituen esanetan, 170.000 tona ikatz dagoz lurrazpian inguruetan).
2008an azken ekinaldia izan zan uriko eraikinak amaitzeko adierazo dau Zhang Xi jn.ak, uriko informazino bulegoko zuzendariak. 2010ean onartutako 420.000 miloe euroko pizgarri ekonomikoak krisia ahaztuarazo eta ia-ia amaitutzat emon ziran azpiegitura publiko guztiak. Kiroletarako estadioak baino ez dira falta eta Neguko Jokuak antolatzeko moduko instalazinoak izango dira aurrikuspenen arabera. Dana dala, inbersinoak erakarteko enpresario batzuk proposatu daben moduan, Kangbashiren hautagaitzea inoiz baieztatuko balitx kirolari batek baino gehiagok uko egingo leuskio parte-hartzeari, izan be, zero azpitik 30 graduko tenperaturak izaten dira bertan.
Kontuak kontu, gobernuak kopuru ofizialik plazaratu ez dauen arren, Kangbashi urian 1,1 biloe yuan inbertidu dirala dinoe iturri ez ofizialek (141.000 miloe euro).
Krisia hemen be igarten da autortu dau Zhang-ek. Proiektu batzuk bertan behera geratu dira ez dagoalako dirurik baina laster gauzak normalizauko dirala pentsetan dogu. Halan da be, Kangbashi urian bizi diran 50.000 lagunek, gehienbat funtzionarioak eta soldaduak, ez dabe esperantza larregirik. Ganera, Chen Daiweng hasarre dago: Txina erdialdeko Hunan probintziatik etorri nintzan, hemen lan duina, etxebizitza barria eta bizitza maila handia izango gendualakoan, berbea emon euskuen. Baina hemen dana dago geldi, ez dago bizitzarik. Urtean 30.000 yuan (3.800 euro) ordaindu behar dodaz etxesari errentan. Meatzetan baino ez dago lana baina krisiagaz produkzinoa eten egiten da sarri. Ikatz eskaria beheraka doa eta inork ez daki egoerea noiz aldatuko dan. Etxeak hutsik dagoz eta hemen gobernuarentzat lan egiten daben askok egunean joan-etorria egiten dabe Dongsheng-etik (Ordos-eko urigune nagusia). Hemen dana da ikusgarria baina hutsala, hutsaren hurrengoa.
Chen Daiweng-ek arrazoia dauka eta Kangbashin zehar oinez paseo bat emotea nahikoa da harek esandakoak ulertzeko. Etorbide zabal-zabaletan hormigoi-makinak, obretako kamioiak eta gobernuaren matrikula baltz eta gorriko kotxeak baino ez dabilz. Hoteletako harrera guneetan (5 izarrekoetan baino ez ditue atzerritarrak onartzen) ez dago ezelako mobimenturik, beharginak eskuko telefonoetara adi dagoz eta merkataritza-guneetako beharginak be astitsu dabilz, gora adi. Beharrean dabilzan bakarrak eraikuntzakoak dira baina estres handiegirik barik.
Egia da aurreikuspenak ez dirala bete onartu dau Yang Liu funtzionarioak; halan da be, hemengo urigintza eredua Txinarentzat baliogarria izango dala uste dot, beste uri batzuetan kontuan hartzen ez diran arlo batzuk zorrotz lantzen diralako, besteak beste, ingurumenagazko errespetua eta eraikuntzen kalidadea.
Egia esateko Dragoi Handiko uririk gehienak baino atseginagoa da Kangbashi. Parkeak ondo zainduta dagoz, espaloiak zabalak dira eta eraikinen ordena estetikoa gustagarria da. Baina batez be, jente pilaketarik eza da gehien estimetan dana. Beste uri batzuetan ez bezela, hemen errepidea lasai zeharkatu daiteke; trafiko gitxi dabilen arren, harrigarria da atzera eta aurrera dabilzan ibilgailuek kasu egiten deutsiela semaforoei...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!