Pritzker txinatarraren bunkerrean

Zigor Aldama 2012-08-08 12:47   Bidaide

Ningboko Museoa begirada guztien jomugea da. Inguruan dituen etorbide guztietatik begiratuta, aizkorakadaka diseinautako bunker baten itxurea dauka; 144 metro luze, 65 metro zabal eta 24 metroko altuerako eraikin asimetriko izugarri handia da, logikarik bako eta ikusmena engainetako moduko hormakaz.

Ningbo Txinako uri zatar horreetako bat da eta beste erremediorik ez dagoanean baino ez gara joaten holakoetara. Portua, barriz, munduko bosgarren handiena da, eta inguruan milaka lantegi dagoz, indar ekonomiko handiaren erakusgarri. Halanda be, nire uste apalean, 2008ra arte ez egoan aparteko arrazoirik urigunean sartzeko. Bertako agintariek, ostera, uriaren milaka urteko historia aldarrikatzen dabe behin eta barriro, baina neureari eutsiz, lehengo alde zaharraren itxurarrik be ez dauka gaur egungoak; jatorrizkoaren aztarnarik be ez da agiri eta. Txina ekialdeko Zhejiang probintziako uri honek bere historia hankaz gora jarri dau, eta Guggenheim efektu berezia sortarazo dau.

Ningboko Museoa begirada guztien jomugea da. Inguruan dituen etorbide guztietatik begiratuta, aizkorakadaka diseinautako bunker baten itxurea dauka; 144 metro luze, 65 metro zabal eta 24 metroko altuerako eraikin asimetriko izugarri handia da, logikarik bako eta ikusmena engainetako moduko hormakaz. Baina, aurten Arkitekturako Pritzker Saria jaso dauen lehenengo txinatarraren, Wang Shu arkitektoaren, maisulanera zenbat eta gehiago hurreratu orduan eta gehiago harritzen gara. Orduantxe jaubetuko gara material tradizionalak erabilita diseinu abangoardistea posible dala. Kanpoaldeak itxura modernoa, gaur egungoa, dauka baina bihotza zaharra da.

Wang Shuk Txinaren historia sano estimadu dauka eta bere artelanetara aspaldiko dinastien ezaugarri arkitektonikoak batzen ditu. Proiektuaren jasangarritasuna kontuan hartuta, museoa eregiteko behera botatako eraikin zaharretako birziklautako materialak erabili zituan eta Hangzhouko Arteen Akademiaren kanpusean be material horreek erabili zituan, adierazo dau Qian Lu museoko zuzendariak. Gehienetan hondamendi naturalen ostean, antxina erabilitako teknikea da, gaur egun galduta dagoan arren. Izan be, Wangi Pritzker Saria emon jakon tradizinoa berreskuratuz, kultura zaharrari eutsi eta eredu izateagaitik. Artisteak berak adierazo izan dau askotan gaur egun indar handia dauen arimarik bako arkitektura profesionalizatua baztertu gura dauela.

Miloeka teila eta adreilu. 50 artisauk prestau eben fatxadako txipriztin laranjadun konglomeradu grisa. Collage eder horretan ostendutako zehaztasunen bila joaten jakuz begiak. Berbarako, materialak egin zituen enpresen zigilu zaharren bila. Ez dira obra-hondakinak, dino egileak CCTV telebisino ofizialari emondako alkarrizketa batean. Historia da, denporea eta bizipenak. Jente askok ikutu ditue adreiluak, ganeratzen dau. Eta ikutzen segiduko dabe.

Eraikina hain da ikaragarria maisulan lez hartu behar dogula, idatzi dau Alejandro Aravenak, Pritzker Sariko epaimahaikideetako batek. Hormak denpora hutsa dira, eta eraikinaren zentimetro bakotxa desbardina da. Holantxe ikusten dabe be bisitari askok, gehienak barruko bildumak ikustera baino eraikinaren ondoan erretratuak egitera datoz, eta arrakala bakotxa ikertzera. Bisitari asko harritu egiten da hormigoiak indikainabera itxurea daukalako. Arkitektoak garrantzi handia emoten deutso natureari, dino Quianek. Nire helburua ez da eraikuntzean prefekzinoa lortzea, eragiten dituan sentimenduetan baino, azaltzen dau Wangek.

Zientzia fikzinozko pelikula baten eszenatokia dala emoten badau be, gaztetan bizi izan ginan etxeak gogoratzen deuskuz, autortzen dau Chen Jiong 83 urteko gizonak. Eraikinaren terrazako teilak bere etxekoak izan daitekezala dino. Sarrerea debalde danez, lobeagaz etorten naz hormak ikustera.

Tradizinoa ez da museo baten ostenduta egoteko gauzea, azaltzen dau Wang Shuk. Eraikin modernoak eregiteko gai diran artisauekaz egiten dot behar. Tradizinoa bizirik dago betirako. Baina Ningboko Museoko goiko aldetik ikusten danak bestelako errealidadea erakusten dau. Industriaren gristasuna da nagusi urian, altzairu eta beirazko torre erraldoiak ikusten dira zeruertz lainotsuan, Txinako beste edozein uritan lez. Ez dot sinisten eraikin-ikonoak uri baten ospea handitzeko estrategian. Gauza guztiak osotasunean landu behar dira.

Pritzker Sariko epaimahaiak azaldu ebanez, aurtengo sariak Txinak arkitekturearen ereduetan daukan rola autortu gura izan dau. Agirikoa danez, Wang Shu ez dago bakarrik. Txinako uriak nahiko motzak diran arren, eta danak antzekoak badira be, herrialdearen garapenak bertoko arkitektoak sortuarazo ditu. Lan handia dauke danek be, praktikotasunaren ganetik ikusgarritasuna eta kalidadearen aurretik abiadurea eredu dauen herrialdean.

Álvaro Guinea Madrileko Unibersidade Europearreko Proiektu, Kritika eta Arkitekturearen Azterketea arloko irakaslea Txinako urien sorkuntzearen ganeko tesia egiten dabil. Holan laburtzen dau egoerea: Wang Shu erreferentziazko arkitektoa da, Txinako arkitekturean lehenaldia eta etorkizuna marketan ditu. Akaso bere lanak eta lanen kalidadea ez da hain garrantzitsua, baina bere atzean dagoena bai: gero eta ugariago dan txinatar arkitekto taldea, ekialde eta mendebaldearen artean ikasitakoa, eta sormen sano interesgarria dabenak. Ningboko Museoa horren guztiorren lehenengo adibideetakoa da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu