Euskal sortzaileak batzeko asmoz sortu dabe Taupaka alkartea

Dabi Piedra Robledo 2012-08-01 15:25   Musikea

Oraintsu desagertutako MusikHerria diskoetxean ibilitako taldeek bat egin dabe Taupaka egitasmo barrian, kulturea modu autogestionauan banatu eta produkzinoa interes ekonomikoetatik urrun ipinteko, gizarte osora heldu daiten. Taupaka, beraz, musikariek sortutako proiektua da, baina sorkuntzearen ganerako arloetara hedatzeko asmoa dauke.

Oraintsu desagertutako MusikHerria diskoetxean ibilitako taldeek bat egin dabe Taupaka egitasmo barrian, kulturea modu autogestionauan banatu eta produkzinoa interes ekonomikoetatik urrun ipinteko, gizarte osora heldu daiten. Taupaka, beraz, musikariek sortutako proiektua da, baina sorkuntzearen ganerako arloetara hedatzeko asmoa dauke.

Bilbon egin dabe Taupaka egitasmoaren aurkezpena eta, hasiera-hasieratik azpimarratu dabe, enpresea baino, alkarte kulturala dirala. Izan be, helburuen artean, musikea eta beste sorkuntzak modu librean zabaltzea da, merkaduaren legeetatik urrun eta copyleft moduko sistemak lehenetsita. Alkartearen funtzionamendua, kideen arteko hartu-emonean eta lankidetzan oinarrituko da. Taupakaren bultzatzaileetako bat da Maria, Siroka taldeko abeslaria, eta nabarmendu dauenez, kulturearen pribatizazinoak desdemokratizazino kulturala dakar, edonork ez dau izaten eduki kulturaletarako sarbidea. Ganera, kultura alternatiboari ateak zarratzen deutsoz eredu horrek eta Taupakak beste bide bati jarraituko deutso, autogestinora joko dau, MusikHerria diskoetxean egin zan legez.

Sorkuntza eta produkzino lanean ahalik eta esparru gehien kudeatzea da Taupakaren asmoa. Holan, diskoak grabau edo bestelako edukiak sortzeko azpiegituraz ganera, banaketan eta zuzeneko emonaldiak topetan be jardungo dabe, beti be taldeen beharrizanen arabera. Katalogo bat be osotu dogu gaur egun proiektuan dagozan taldeakaz, gure webgunean ikusgai dago eta banaketarako aproposa da sistema hori, zehaztu dau Norte Apache taldeko Ibonek.

Taupakaren konpromiso soziala be nabarmendu dabe sortzaileek, laguntza kolektiboa indartzea, sortzaile alternatiboei lekua egitea eta euskerazko sorkuntzea sendotzea aitatu ditu Ibonek. Hori guztia, parte-hartzaileen arteko harremonak landuaz, sortzaileon arteko indar metaketa bat da hau. Autogestinoa eta produkzinoaren zabalpen librea da euren filosofiaren beste alderdi bat. Holan, copyleft bidez zabalduko ditue lanak eta Taupakari buruzko erabagiak sortzaileen esku egongo dira, sormen lan erabat baldintzatubakoak eratu nahi ditue, Ibonen esanetan, baldintza duinetan.

Musikatik abiatutako proiektua da Taupaka eta, esparru horretan, hedatzen jarraitzeko asmoa daukie. Sorkuntzearen beste arlo batzuetara be zabalduko dabe egitasmoa, laster hartu-emonetan hasiko gara hainbat kultur eragilegaz, gure helburuak ezagutu daiezan eta bat egiteko prest dagozanak erakarteko, dino Ibonek. Orain, helburu handietako bat, Taupaka kultur mundu osoan ezagutarazotea da, ganeratu dau Mariak, Taupaka sortzaile guztiona dalako, ez musikariena bakarrik. Euskal Herrian kulturearen arloan dabilzanen esperientziak alkarbanatuz, alkarren arazoak ezagutuz, helburuak errazago beteko dituelakoan dagoz. Urriren 6an, Taupaka Jaia egingo dabe Bilbon, Zazpi Katu gaztetxean, egitasmoa gizarteratzeko.

Taupaka alkarteak badauka webgunea, www.taupaka.com eta egun gitxiren buruan martxan egotea espero dabe. Bertan, alkarteari buruzko informazino guztia ez eze, online dendea be ipiniko dabe. Bestetik, Taupadaz taupada izeneko bideoa be grabau dabe Taupakan parte hartzen daben talde guztien artean eta hemen ikusi daiteke: http://www.youtube.com/watch?v=RSTs8DjtUeY

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu