CoroPiccolo eta Jatorki abesbatzek kontzertua eskainiko dabe Bilboko Gizakundearen eleizan

Bizkaie! 2012-07-30 15:47   Musikea

CoroPiccolo talde alemaniarrak eta Jatorki bilbotarrek kontzertu berezia eskainiko dabe eguaztenean, abuztuaren 1ean, Bilboko Gizakundearen eleizan. Kontzertua 20:00etan hasiko da, eta sarrerea doban da.

CoroPiccolo talde alemaniarrak eta Jatorki bilbotarrek kontzertu berezia eskainiko dabe eguaztenean, abuztuaren 1ean, Bilboko Gizakundearen eleizan. Karlsruhe uriko abesbatza birea egiten dabil egunotan estadu espainiarretik, Goethe Institutuak eta Alemaniako Kanpo Arazoetarako Ministerioaren laguntzinoari esker. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu dau emonaldia. Kontzertua 20:00etan hasiko da, eta sarrerea doban da.

CoroPiccolo taldea 1996an sortu zan, Karlsruhe urian. Christian-Markus Raiser organisteak zuzentzen dau 30 ahotseko taldea. Antxinako musikea, Barrokoko piezak eta gaur eguneko lanak ditu euren errepertorioan. Eleizako musikearen arloan, erreferentziazko talde bihurtu dira Europan.

Christian-Markus Raiserrek eleizako musikea ikasi eban Stuttgart eta Trossingen-eko unibersidadeetan. Orain dala hogei urtetik, Karlsruhe katedraleko organo-jotzailea da, eta hainbat musika ziklotako arte zuzendaria da Alemanian.

Jatorki Abesbatza 1973 abiatu zan, 18 ahost mistogaz. Euskal musikea, polifonia eta abesbatzaren ezaugarrietarako egoki diran nazinoarteko egileen lanak interpretetan ditue. Lan handia egin dabe, eta leku askotara eroan dabe euskal kulturearen alderdi aberats horren lekukoa, nabarmendu dabe Bilboko Udaleko iturriek. Sari ugari irabazi ditu taldeak. Euskadiko, Bilboko eta Donostiako Orkestra Sinfonikoekaz abestu dabe, eta Josu Loroñoren Akordeoi Orkestregaz bere bai.

Errepertorioa 20:00etan hasiko da, Atxietaren Virgo et mater lanagaz. Ondoren Julio Domínguezen Ave María, Aretxabaletaren Beti Maite eta beste hamar lan eskaini arte, Marian Urkiolaren zuzendaritzapean. Aingeruen soinuak izeneko Karlsruheko CoroPiccoloaren errepertorioari jagokonez, Melchor Vulpius eta Jacobus Gallus bezalako musika sagraduko maisuen lanak jasoten ditu, eta A. Becker, Max Reger edo Felix Mendelssohn XIX. mendeko musikagileen lanak bere.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu