'Taxi zuria, taxi baltza, garrantzitsuena gura dogun lekura eroan gaiezala da'
2012-07-24 16:35 BidaideShangháiko agintarien ustez, legez kanpoko 5.000 taxi inguru dabiz uriko kaleetan, Txinako uriburu ekonomikoan dabilzan ibilgailu guztien % 10 inguru. Merkatu baltzean erosten ditue kotxerako bereizgarri eta seinale guztiak eta ikuskatzaileen kontrolei aurre egiteko poliziak erostea ohikoa izaten da.
Shangháin kolore desbardinetakoak dira taxiak, urdin ilunak eta argiak, berdeak, beilegiak, zuriak eta gorriak. Gehienak Volkswagen Santana Vista marka eta modelokoak dira eta konpainia ofizialak: Dazhong, Bashi, Jinjiang… Normala danez, guztiek daroe taximetroa (14 yuan da abiasaria eta hirugarren kilometrotik aurrera, 2'4 yuan gehiago kilometro bakotxeko); nahikoa seguruak dira baina leku gehienetan legez, arrisku bakarra da taxi gidariak upealako 'ibilbide turistikoa' eskaintzea urian zehar. Era berean, taxi fidagarrien kategorian sartzen dira Erakusketa Unibersalerako estreinautako Volkswagen markako monobolumenak, erosoenak dira baina gitxi ikusten dira kaleetan.
Granate koloreko taxiak be badagoz, gehienak Santana modelokoak; ez dagoz ezelako enpresara batuta, kotxe autonomoak dira, lizentziadunak dira baina, halan da be, zintzotasun faltea da euren ezaugarri nagusia, gidariena, hain zuzen be. Arauak gidari bakotxak jarten ditu eta ahal dala, taxi honeek baztertzea da aukerarik onena. Hori bai, euria bada eta trafiko handiko momentuan badaukagu taxi beharrizana, beste erremediorik ez da izango. Ibilbidea luzatuko dabela ia segurua da eta badaezpada taximetroaren erritmoari erreparetea komenidu da, kotxe pilaketearen erdian, sorpresarik ez hartzeko.
Granate koloreko txaxien artean, Volkswagen markakoak ez diranak be badabiz eta horreek susmagarriak dira. leitekeana da legearen barruan dabilzanak be egotea baina holako kotxe baten sartzen bagara, arazoak izan geinkez. Are gehiago, bezeroari informazinoa helarazoteko kotxearen kanpoaldeko argidun kutxatxua bersino zaharrekoa bada, hau da, angeluzuzenduna eta LED marka (berdea, libre dagoala adierazoteko eta gorria, barriz, hartuta dagoala ohartarazoteko) txiki bakoa. Horrezaz gan, kristal ilunak baditu, ia seguru ‘shanzhai’ taxia izango da, hau da, merkatu txikietan erosi daitekezan ‘Gocci’ boltsoena lako kopia edo bersino txarra.
Kontuak kontu, Shangháiko agintarien ustez, legez kanpoko 5.000 taxi inguru dabiz uriko kaleetan, Txinako uriburu ekonomikoan dabilzan ibilgailu guztien % 10 inguru. Merkatu baltzean erosten ditue kotxerako bereizgarri eta seinale guztiak eta ikuskatzaileen kontrolei aurre egiteko poliziak erostea ohikoa izaten da. Legez kanpoko taxi horreeek dira bezeroakandik salaketa gehien jasoten dituenak, taximetro faltsu eta trukatuakaitik eta sarritan taxi gidarien jarduera mafiosoakaitik; jarduera horreetako ohikoena aurretiaz prezio bat berbatzea izaten da (Hori be legez kanpokoa da) eta taxi gidaria leku bakartian geratu eta diru gehiago eskatzea; onartu ezean, hor geratuko gara taxirik barik eta kasurik gehienetan bestelako garraiobide bat topau ezinik. Ez da sarri jazoten baina indarkeria erabilita, lapurreta kasuak be izan dira eta hildakoak be bai taxi gidariei aurre egin osteko burruketan. Labur esateko, holako taxirik ez hartzea da gomendioa, ezta euria danean edota benetako beharrizana dagoanean be. Gehienak leku turistikoenetan ibilten dira eta erraz atzemoten dira, izan be, gidariak kotxearen kanpoaldean egoten dira era guztietako trikimailuakaz turistak erakarri guran.
Azken buruan, taxi baltzak be badagoz, ibilgailuaren koloreagaz bape zerikusirik ez dabenak. Taxi itxura eta mozorrorik be ez dabe izaten. Shangháin taxi bat lortzea sano gatxa dala ondo baino hobeto dakien lagunen ibilgailuak dira; normalean, seguruak izaten dira baina taxi ofizial baten prezioak bikoiztu edo hirukoiztu egiten ditue, horixe da arazo bakarra. Erbesteratuek erabilten ditue taxiok eta taxi-motoak Shangháin, batez be, trafiko handieneko momentuetan baina ez dira bape gomendagarriak turistentzat; ze Deng Xiaoping parafraseatuz, taxi zuria, taxi baltza, garrantzitsuena gura dogun lekura eroan gaiezala da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!