Gunilla Klinberg suediarraren 'A Sign in the Space' instalazinoa inaugurau dabe Laga hondartzan
2012-07-19 16:43 KultureaGunilla Klinbergek tokian bertan azaldu ditu bere ekarpenaren ezaugarriak. Bere esanetan, Laga hondartzan marea bajatuten danean, kamioi-pneumatikoakaz egindako izarren txantiloi grafiko bat grabauko da hondarretan. Marea igoten danean, marrazkia desagertu egingo da apurka-apurka.
Gunilla Klinberg artista suediarrak sorturiko A Sign in the Space izenburuko arte garaikideko instalazino ikusgarria inaugurau dabe gaur, eguena, Laga hondartzan, Ibarrangelun (Bizkaia). Zentzua eta iraunkortasuna erakusketa artistikoan barruan dago obrea; erakusketa hori bihar, hilak 20, inaugurauko da eta nazinoarteko hamar artista ospetsuk Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren hainbat pasaje-kokalekutan eginiko sorkuntza ugarik osotuko dabe.
Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea ekimenaren garapena kudeatzen dauen 2012 Fundazinoaren presidentea izan da artista suediarraren instalazinoa inauguretako arduraduna.
Zentzua eta iraunkortasuna erakusketan, eguen honetako ekitaldian izan diran Gunilla Klingberg (Suedia), Lara Maider López (Donostia), Lara Almarcegui (Zaragoza), Carlos Irijalba (Iruñea), Renata Lucas (Brasil) eta Haegue Yang (Hego Korea) artistez gan, nazinoarteko artearen alorreko beste zenbait izen ospetsuk be parte hartuko dabe, besteak beste, Liam Gillick (Erresuma Batua), Oscar Tuazon (AEB), Rafael Lozano-Hemmer (Mexiko) eta Pieter Vermeersch (Belgika) artistek.
Urgellek dei egin deutse sortzaileei, kultura-arloko jenteari eta euskal herritar guztiei indarkeria helburuak lortzeko metodo lez deslegitimetan eta kulturea zabaltzen laguntzeko, etorkizunean bakea eta alkarbizitza lortzeko tresna dan aldetik.
Gunilla Klinbergek tokian bertan azaldu ditu bere ekarpenaren ezaugarriak. Bere esanetan, Laga hondartzan marea bajatuten danean, kamioi-pneumatikoakaz egindako izarren txantiloi grafiko bat grabauko da hondarretan. Marea igoten danean, marrazkia desagertu egingo da apurka-apurka.
Zentzua eta iraunkortasuna proiektua Madariaga Torretxean inaugurauko dabe bariku honetan, garagarrilaren 20an, Kultura salburua Blanca Urgellek eta Urdaibaiko bost udaletxetako ordezkariek. Proiektura batutako esku-hartze artistikoak Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren hainbat kokalekutan egongo dira jentearentzat zabalik, garagarrilaren 21etik irailaren 23ra arte.
Holan, Lagan ikusgai izango dan Klingbergen instalazinoagaz batera, Haegue Yang hegokorearraren Tectonic Texture Andrabideko harrobian egongo da, Gautegiz-Arteagan; Oscar Tuazon estadubatuarraren Birds, Atxarreko San Pedroko ermitarako igoeran; Liam Gillick britainiarraren Faceted Revision Structure, Astrako Fabrikan, Gernika-Lumon; Pieter Vermeersch belgikarraren Untitled, Gernikako Industrialdean; Renata Lucas brasildarraren El visitante, Santa Klara kalean, Gernikan.
Era berean, Lara Almarcegui zaragozarraren Materiales de la montaña Peña Forua lana Kare Labe zaharretan izango da, Forun; Carlos Irijalba iruindarraren High Tides, Errepublikako eskola zaharretan, Busturian; Rafael Lozano-Hemmer mexikarraren Regar corazonadas Madariaga torrean, Busturian; eta Maider Lopez donostiarraren In Situ, Oka ibaiaren ezkerraldeko hainbat kokalekutan.
Antimonumentuen komunidadea
Artistek, eskualdeko persona ospetsuakaz eta biztanleakaz egiten dagozan bisiten, ibilbideen eta alkarrizketen bitartez, Urdaibairen ingurune fisikoari eta sozialari buruz eskuratu daben jakintzari esker, komunidade bat sortu eta eratu nahi dabe, betibe beren lanen kokaguneko giza baliabideak eta baliabide materialak ahalik eta gehien inpliketako ahalegina eginez.
Esperientzien eta zalantzaz beteriko antimonumentuen komunitate bat izango litzateke, alkarrizketea eragingo dauena norbanakoa bere alderdirik gizatiarrenagaz bat eginez. Beraz, hainbat proposamen artistiko espezifiko garatzeko proiektuan parte hartu daben arte garaikidearen hamar egile ospetsuen lanean batutako ahalmen etiko eta kritikoak sustatzeko nahia laburbiltzea da helburua.
Erakusketearen komisario Alberto Sanchez Balmisak adierazo dauenez, Zentzua eta Iraunkortasuna, artearen, naturearen, pentsamenduaren, lurraldearen eta herritarren arteko aliantza moduan pentsau da, eta produkzino estetiko kritiko batzuk (zentzua) proposatu nahi ditu, errealidadearen eta munduaren gaineko beste ideia bategaz, hau da, kapitala oinarri hartuta, sentiberatasunaren ohiko zatiketei jarraitzen ez deutsen ideiagaz bat egitera konbidatzen daben produkzinoak izanik (iraunkortasuna).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!