Maitasunaren kalezuloa
2012-07-13 15:53 BidaideTian’ai lu, berbaz berba, maitasun gozoaren kalea leku magiko horreetako bat da. Begiratu batean, deigarria egiten da Shanghái iparraldeko kalezulo horretan bat-batean atzemoten dan erritmo aldaketea.
Shanghái ez da uri erromantikoa. Hormigoizko eta altzairuzko munstroa da, Txinako finantza-erdigunea, munduko lehenengo itsasportua eta planetan etxe orratz gehien daukan megalopolia. Uri ikaragarria da, gizakiak inurri bihurtzen dituan eskalan eregia. Aitatu gizakien banakotasuna eta nortasuna zapaldu eta suntsitu egiten dau azpiegiturearen maileari eusteko burruka suizideari ekiten deutsien 24 miloe lagunen indar basatiak. Horregaitik, sare sozialean sakon begiratu behar da XXI. mendeko Dragoi Handiaren materialismoari aurre egin deutsien sentimentuak topetako.
Tian’ai lu, berbaz berba, maitasun gozoaren kalea leku magiko horreetako bat da. Begiratu batean, deigarria egiten da Shanghái iparraldeko kalezulo horretan bat-batean atzemoten dan erritmo aldaketea. Izan be, Sichuan, neoizko argiz jositako uriko merkataritza-kale zaratatsuenetik 1920an eregitako pasealeku eder eta lasai horretara ez dago transizinorik edo tarteko biderik, aldaketaz golpera jaubetzen zara. Eta hori nahikoa da jakingura handiko shanghaitarren interesa erakarteko. Begiratu zehatzagoak, barriz, 526 metro luze eta 13 metro zabal dituan kalezuloaren magia erakutsiko deusku. Tian’ai lu-n zehar dabilenak astindua sentiduten dau bihotza galtzeraino, idatzi eban Zhang Ye olerkariak 1984an.
Bertsoaren hiperbolea da baina ez dago ukatzerik magia berezia daukala inguru horrek, eraikinak txikiagoak, beste sasoi batekoen antza dabe eta denporan mendi erdia atzera egiten dogula emoten dau. Shangháin bazter guztiak hartzen dituan kolore grisa, berde bihurtzen da hemen, arbolak dagoz inguruetan eta herrialdeko arkitektura tradizionalaren osogaiakaz apaindutako horma zuriek be aparteko argia emoten deutsie inguruari. Sinpletasun horrek erakarri egiten zaitu. Abaniko edo haizemoile formako hormirudietan, harrietan grabautako 28 olerki agiri dira, maitasunaren indarra gogorarazoten dabenak eta akaso horregaitik hormirudiok ez ditue indusmakinek bota.
Gitxik ezagutzen dabe ingurua eta pena da ze hortxe dago Shanghái uritzarraren erromantizismo apurra. Edadekoek dinoe kalezulo horretan eskuetatik oratuta paseoan dabizan bikoteak betirako izango dirala. Hori bai, astiro, prisa barik, eskuko telefonoa amatauta eta ahal dala erloju barik ibiltea da gomendioa. Tian’ai lu-ren amaieran, parke bat dedikau deutsien Lu Xun idazlea zan kalezulo berezi horren sustatzaile nagusienetakoa. Gaur egun be martxan dagoan Neishan liburutegiko jaubeakaz berba egin ostean, kalezulo horretatik emoten zituan paseoak ziran idazlearen maitasun eta pasino kontuen inspirazino iturri onenak.
Duda barik, mistizismo hori guztia nahikoa eta lar da zeozertan sinistuteko beharra sentiduten daben bikote gazteak erakarteko. Faltan hartzen doguz gure guraso eta aitita-amamen baloreak adierazoten dau Du Xiang-ek, mutil-laguna Tian’an lu-ra ia-ia arrastaka eroan dauen unibersidadeko ikasleak. Gaur egun ia ezer ez da betiko, baina kalezulo hau hementxe dago. Lelokeria izan daiteke baina transmitiduten deustazan sentsazinoak maite dodaz. Akaso, ilusinoa, besterik ez da izango baina antxinako moduan zeozer egiteak poz handia eragiten deust.
Ibilbidearen hasieran gutun bat idatzi eta oinarri-oinarrian bihotz handia dauen buzoian sartu dabe. Han sartzen dan mezuak maitasunaren ideogramea eroango dau itsatsita. Kalezuloaren amaieran, Du-k eta Zhang-ek euren sentimenduak idazten ditue hormako adreiluetan. Eskerrik asko nire bizitzan sartzeagaitik idatzi dau neskeak; maitasuna ez da sekula hilten mutilak, Francis Ford Coppolaren Dracula filmako lemea gogoratuz.
Leitekeana da horman idatzitako mezu horreek laster agintariek ezabatzea, izan be, grafiti eta holakoak galarazota dagoz. Astero, lan handia izaten dabe kaleen garbiketaz arduratzen diranak baina alperreko beharra izaten da boligrafo edota errotuladoreakaz barik, mezuak adreiluetan grabeten dabenakaz. Tian’ai lu-n bihotz ezabaezin asko dago. Gaur egun nahi beste gauza daukagu baina espiritualtasuna falta jaku, dino Du-k. Ibilbideagaz amaitzeko, bikoteak te berdea hartuko dau Tian’ai Café nostalgikoan eta laster maiteminduen amaiera bako jente moltsoak ibilbideari ekingo deutso emozinoen arnasbide moduan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!