XXX. Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketara lanak bialtzeko epea edegi dabe

Bizkaie! 2012-07-11 18:02   Kulturea

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketearen XXX. edizinoaren deialdia egin barri dau Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak. 10.000 euro baino gehiago banatuko ditu saritan. Uriko literatur sariketa zaharrena da.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketearen XXX. edizinoaren deialdia egin barri dau Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak. 10.000 euro baino gehiago banatuko ditu saritan, izan be modalidade bakotxean, hau da, euskeraz eta gaztelaniaz, lehenengo saria eta akzesita emongo ditu, 3.500 eta 1.750 euroko sariak, hurranez hurran. Uriko literatur sariketa zaharrena da.

Orain dala 30 urte ipini zan martxan Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketea, literatur sorkuntzea bultzatu eta Arestiren irudia eta lana ezagutarazoteko. Gabriel Arestik (Bilbo, 1933-1975) olerkia, eleberria, ipuina eta antzerkia landu zituen, horrezaz gan, literatura unibersaleko lan batzuk itzuli zituan euskarera. eta Euskaltzaindian egindako lanari esker, euskal hizkuntza modernoaren oinarriak indartzeko pausuak emoten lagundu eban. Idatzi zituen lan ezagunenak Harri eta herri (1964), Euskal harria (1968) eta Harrizko herri hau (1971) poesia liburuak dira.

Munduko edozein bazterretako idazleek parte hartu leikie lehiaketan, beti be lanen jatorrizko hizkuntzea euskerea edo gaztelania badira. Ez da itzulpenik onartuko, sariketako arduradunek azpimarratu dabenez. Ipuinen gaia librea izango da, eta ipuinak jatorrizkoak, argitaratu bakoak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso bakoak izan beharko dira. Gehienez bere hamabost orrialde izango ditue.

Aurreko urteetan lez, modalidade bakotxak bere epaimahaia izango dau, eta literatur munduko pertsona ezagunek osotuko dabe. Ipuinak Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailean aurkeztu beharko dira, edo bestela posta arruntez edo udaleko webgunearen bitartez bialdu beharko dira urriaren 26a baino lehen. Jakingarri guztiak www.bilbao.net gunean dagoz.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren aurreko edizinoan Jose Inazio Basterretxea Polo galdakoztarra izan zan irabazlea, Berunezko iretargia quilates baporean lanagaitik. Mariano Quirós idazle argentinarrak irabazi eban gaztelaniazko kategoriako lehenengo saria, Cazador de tapires kontakizunari esker. Danetara, 1.498 lan jaso zituen lehiaketek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu