'Zeu zara Aste Nagusia' lelopean, 300 ekitaldi inguru izango dira aukeran Bilboko jaietan

Bizkaie! 2012-07-11 15:05

Zeu zara Aste Nagusia lelopean, Itziar Urtasunek Bilboko Udaleko Jaietako Sailak aurtengo Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dau. Eskaintza zabal-zabala atondu dabe, adin eta gustu guztietarako.

Virginia Berasategiren pregoia eta Zaratas konparsako Nerea Orizaolaren txupinaren ostean, abuztuaren 18an Bilboko Aste Nagusiak bederatzi eguneko jai giroari hasierea emongo deutso. Zeu zara Aste Nagusia lelopean, Bilboko Udaleko Jaietako Sailak aurtengo Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dau. Eskaintza zabal-zabala atondu dabe, adin eta gustu guztietarako.

Umeek makina bat jarduera eta joko izango ditue Txikigune barrian, Kasilda Iturriza parkeko Anselmo Clavé kalean. Aurten leku gehiago izango dabe, eta gurasoek hainbat bidar eskatutako gerizpea eukiko dabe. Musikazaleek estilo guztietako musikea izango dabe aukeran, Aste Nagusiko zortzi eszenatokietan. Su artifizialak, antzerkia, herri-kirola eta jai giro parebakoa gogoko dabenek hamakatxui hitzordu topau ditue.

Udalak eta Jai Batzordeak antolatutako egitarau ofizialak kultur eta aisialdirako 300 ekimen inguru ditu. Programazinoa dobakoa da. Krisi ekonomikoa dala eta, aurrekontua %10ean txikitu dabe aurten. Halan be, diru gitxiago eukinda be, ia ekintza guztiak egingo doguz, kalidade beragaz, eta doban, azaldu dau Bilboko Udaleko Jaietako Zinegotzi eta Jaietako Batzordeko buru Itziar Urtasunek. Bai egunez bai gauez, ehunka ekintza eskaintzen dauen jai egitarauaren kalidadea, aniztasuna eta dobakotasuna ezinbestekoak dira uriko ekonomian eragiten daben bisitariak erakarteko, ganeratu dau zinegotziak.

Ruper Ordorika, Esne Beltza, Celtas Cortos, Revolver, Public Enemy, Ana Torroja eta Manuel Carrasco musikariek joko dabe Bilbon, besteak beste. Antzerkiri jagokonez, 23 emonaldi izango dira Ariaga plazan, tartean, Trapu Zaharraren Ametsetan bizi, Teatro Salitreren Maitasun itsua, Cabaret Eleganceren Elegants eta Les Krilatiren Fando comme Lis.

Goizeko gastronomia lehiaketekaz batera, Arenalean eta Zazpi Kaleetan hainbat ekitaldi atondu ditue: bertsolariak Santiago Plazan, txistulariak, euskal jantzak, bertoko instrumentuen erakusketea eta erromeriak Plaza Barrian, bilbainadak eta erraldoi eta buruhandiekin kalejirak.

Bilbao Uria Su Artifizialen Nazinoarteko Lehiaketa eta Erakustaldiaren 22. edizinoa izango da aurtengoa. Ikuskizunak aurreko urteetan baino ordu laurden beranduago hasiko dira, 22:45etan, hain zuzen be.

Aste Nagusiko egitaraua, oso-osorik dago www.bilbao-astenagusia.net gunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu