'Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak' erakusketea edegi dabe Bilboko Euskal Museoan

Bizkaie! 2012-07-11 12:01   Kulturea

Bilboko Euskal Museoak eta Bilboko Udaleko Jaietako Sailak Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak aldi baterako erakusketea aurkeztu dabe. Iñaki Irigoien eta Jon Gaminde arduratu dira dokumentazino historikoaz. Erakusketea irailaren 30era arte egongo da zabalik.

Bilboko Euskal Museoak eta Bilboko Udaleko Jaietako Sailak Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak aldi baterako erakusketea aurkeztu dabe. Iñaki Irigoien eta Jon Gaminde arduratu dira dokumentazino historikoaz, eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren, Bizkaiko Gaiteroen eta Renferen lankidetzea izan dau. Erakusketea irailaren 30era arte egongo da zabalik.

Bilboko jaietako ezinbesteko elementua dira erraldoiak eta buruhandiak. Kalean, jantzarien atzetik egiten daben desfilean, ume eta helduen segitzen deutse, eta danek hartzen dabe parte. Euskal Museoak jai-giroko izaera horretan parte hartu nahi izan dau eta, bide batez, personaia horreen historia erakutsi publikoari. Buruhandi eta erraldoien lehengo aitamenak, mendeetan izandako aldaketak eta beste hainbat kontu batu ditue erakusketan.

Irigoien eta Gaminderen informazinoaren arabera, XIV. mendearen hasieran, Corpus Christi eguneko jai eta prozesinoa garrantzi handiko uriguneetara zabaldu zanean, Bilbora, berbarako, hainbat antzezpen eta irudi gehitu ziran. Horretako batzuk erraldoiak, buruhandiak, nanoak, jantzariak eta bestelako personaia nabarrak.

Bilboko erraldoiei buruzko lehenengo erreferentzia 1654. urtean egin zan; San Antongo Sakramentu Santuaren Kofradiako Kontuen Liburuan hain zuzen be, harek eukan Bilboko Corpus eguneko jaiak antolatzeko ardurea.

Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak erakusketako pieza guztien jaubea Bilboko Udala da. Belaunaldi bitako buruhandiak dagoz, 1980koak eta 1988koak, danetara, 24 figura. 1980ko belaunaldiko erraldoiak dira: Don Terencio, Baserritarrak, Ingelesa eta Bilbotar neskatilea, Olagizona eta Zigarrogilea, Marinela eta Zamaketaria eta Zumalakarregi. 1988ko belaunaldiko erraldoien zerrendea: Don Terencio eta Doña Tomasa, Ingelesa eta Bilbotar neskatilea, Olagizona eta Zigarrogilea, Marinela eta Zamaketaria, Zumalakarregi eta Isabel II eta Pichichi eta Lina.

Horrezaz gan, ondoko buruhandiak dagoz: Erdi Aroko euskalduna, Erdi Aroko tontor burukoaz jantzitako euskal emakumea, Mezalaguna, Diakonoa, Don Celes, Athletic Klubeko lehoia eta Baserritarra.

Horreekaz guztiekaz batera, Euskal Museoak 1980ko erraldoien 12 miniatura gehitu ditu, danak bere bildumakoak. Miniaturok Fernando eta Esperanza Pallaresek egindakoak dira. Pieza honeen jantziak Maritere Villamorrek egin zituen, Euskal Museoak 1990ean egindako ikerketa historikoaren barruan. Erakusketa osotzeko, jaietako 84 argazki dagoz ikusgai, antzinakoak zein modernoak. Argazkirik zaharrena XIX. mende amaierakoa da.

XVIII. mendearen bigarren erdialdean, bikote dotoreari Don Terencio eta Doña Tomasa izena ipini eutsen. XIX. mendearen hasieran, beste bi gehitu ziran, Turkiarrak izenekoak. Errege-erregina Mairuekaz batera, ia XIX. mende osoko konparsea osutu eben. Gaur egun ez dago Turkiarrik ez Mairu bikoterik, Bilboko herri abesti batean besterik ez da aitatzen Erregina Mairua.

1934an, H. Basterrak eregitako erraldoi familia barri urten zan kalera, Radio Bilbaoren ekimenari eta herritarren lankidetzeari esker.1962an, Radio Bilbaok, hainbat erraldoi barri egiteko ekimena bultzatu eban. Orduan, lehenengo aldiz aurkeztu eben Bilbora etorritako Ingelesa, ha liluratu eban Bilbotar Neskatila, gure itsasadarreko Angula-arrantzalea eta Santurtziko Sardina-saltzailea, Bilboko herri abestietatik ateratako personaiak.

1978an, Aste Nagusia ospatzen hasi zenean, eta aurreko saga desagertuta, Cómicos de la Legua –Kilikilariak konpainiako Pedro Goirienak erraldoi belaunaldi barri osatu eban. Aurrekoakaz batera, Marinela eta Zamaketaria, Meatzaria eta Zigarrogilea, eta Zumalakarregi general karlista eta Isabel II.a erregina personaiak agertu ziran, 1980an. 1998. urtean, Athletic taldearen mendeurrenean, futbol talde horretako jokalari bat batu zan, Rafael Moreno Pichichi, eta haren emazte Lina bere bau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu