'Delirium T. Band' ikuskizunaren estreinaldia Lekeition
2012-07-10 15:41 MusikeaAzken urteotan barrikuntzeari ateak zabaldu deutsozan Lekitto Musika Bandeak atondutako kontzertu hau, 21 urte igaro ondoren, 80. hamarkadako Delirium Tremens euskal rock talde arrakastatsuenetako abeslariaren eskenatokirako itzulerea izango da.
Lekitto Musika Bandeak, Andoni Basterretxea, Delirium Tremens taldeko abeslaria lagun dauela, datorren barikuan, garagarrilaren 13an, gaueko 11:00etan, Delirium T. Band kontzertu eta ikuskizun barritzailea eskainiko dau.
Azken urteotan barrikuntzeari ateak zabaldu deutsozan Lekitto Musika Bandeak atondutako kontzertu hau, 21 urte igaro ondoren, 80. hamarkadako Delirium Tremens euskal rock talde arrakastatsuenetako abeslariaren eskenatokirako itzulerea izango da.
Ikuskizun barritzailearen ezaugarri nagusiak ondorengo puntuen bitartez laburtu daitekez: sorkuntza barri bat helburu hartuta, Euskal kultur adierazpide desbardinak Musika Banda bategaz alkarlanean jardutea; ikuskizunean 60 lagunek parte hartuko dabe; kanta batzuen moldaketa barriak produzidu dira: musika banda batentzako lehen aldiz idatzitakoak; kalidadezko azpiegitura baliabideak erabiltea; prestaketa artistiko zein teknikoan erabilitako denporea; emanaldia ikustera etorriko dan ikuslego kopurua (1500 inguru). Ezaugarri horreek ardatz hartuta, Lekitto Musika Bandeak 2010. urtean Bertso Band ikuskizuna atondu eban, Amets Arzallus eta Jon Maia bertsolariakaz alkarlanean eta 2011n, Ttakun Band, Oreka Tx taldeagaz.
Aurten, ibilbide barritzaile horri, 80. hamarkadako euskal rockeko talde erreferente baten doinuek emongo deutsie hauspoa, Delirium Tremens taldeko doinuek hain zuzen; 21 urteko isilunearen ondoren, Andoni Basterretxea taldeko abeslariaren tabladu gaineko itzulereagaz.
Egun, 50 bat musikariz osotutako taldea da Lekitto Musika Banda alkartea. Edade desbardinetako mutil eta neskez osotutako banda gaztea da. Gazte izaera horrek eta zuzendariaren bultzadeak, hainbat ekitaldietan parte hartu eta proiektu barriei gogor eta gogotsu heltzea ekarri dau, azken helburua musikeagaz disfrutau eta disfrutarazotea izanik. Musika bandearen beste helburuetako bat, musikearen kultura zabaldu eta musikearen lengoaia barriak publikoari eskaintzea izan da. Bide horretan urte guztian zehar, Musika Bandeak, jazz kontzertuak antolatu ditu Lekeition eta Mutrikun, eta udan zehar jam session eta Big Band kontzertuak Lekeition, Gorka Benitez jazz saxofoi jolearen laguntzinoagaz eta Hasier Oleaga, Teresa Zabalza edo Alejandro Mingot mailako musikarien parte hartzeagaz.
Honi guztiari, musikarien formakuntzea gehitu behar jako. Bide barriak jorratzeko bandea izanik, irakaspen barriak jasotera zabalik dagoan banda bat be bada eta horren adibide dira, kanpoko adituen eskutik jasotako formazino tailerrak.
2006tik, Urtzi Iriondo (Mutriku, 1975), Lekitto Musika Bandearen zuzendari dogu. Lekeitiora heldu zanetik, musika bandeari eta Lekeitioko bizitza musikalari haize barriak emotea izan dau helburu. Haize barri horreen isla dira, besteak beste, adituen eskutik musikarientzako ikastaroak antolatzea, urteeren bitartez musika bandea kanpora begira jartea, musika eskolaren bultzatzaile izatea, Gorka Benitez edo Hasier Oleaga jazz musikariakaz hartu-emon estuak garatzea eta azkenik bere ekimen eta sormenaz burututako kontzertu barritzaileak sortzea (Bertso Band, Ttakun Band eta Delirium T. Band). Ikasten jarraitzeko gogoa eta ikasitakoa bandako kideei transmititzeko ilusinoa izan ditu orain arte bidaide, eta etorkizunean be bide hori bere jardunaren zutabe izateko lanean darrai.
Delirium Tremens taldea
1985ean, Mutrikun (Gipuzkoa) sortu eta 1991. urtean desegin zan Euskal Rockaren erreferentziazko taldea da Delirium Tremens. Andoni Basterretxea kantariaren ahots urratuak, gitarrea joteko era bereziak eta kresal usaineko berbek nortasun berezkoa emon eutsien Delirium Tremensen musikeari.
Taldearen iraupen luzeko lehen lana, 1989 grabau eben, hamar kantuz osotutako Ikusi eta ikasi. Arrakasta handia izan eban diskoak, besteak beste Laino ilunak, Boga boga, Kaixo eta Ikusi kantuei esker. 1990. urtean, Hiru aeroplano izan zan taldeak estudioan grabautako bigarren eta azken lana.
Kritika bikainak jaso zituen prentsa musikalaren eskutik, eta taldearen sona areagotu egin zan zuzeneko arrakastatsuak tartean. 1991n, zuzeneko lan bat argitaratu eben: Bilbo zuzenean lana. Lan hau, Delirium Tremensek zuzenean eskaintzen ebanaren isla zintzoa zan. Mutrikuko Venecia aretoan emon eban azken kontzertua, sarrera guztiak agortuta egozala, 1991ko zemendiaren 27an.
Delirium T. Band. Egitaraua
Garagarrilaren 13an, barikuan, gaueko 23:00etan, Lekeitioko plazan.
1. Andoni Basterretxearen sarrerako kanta.
Lekitto Musika Bandea bakarrik:
2. Aires vascos nº1, José Franco.
3. Tambor de granaderos, Ruperto Chapí.
Lekitto Musika Bandea + Andoni Basterretxea (Delirium Tremens):
4. Ikusi eta ikasi, moldaketea: Xabier Zabala.
5. Kaixo, moldaketea: Xabier Zabala.
6. Ihes, moldaketea: Jabier Ituarte.
7. Boga-Boga, moldaketea: Jabier Ituarte.
Lekitto Musika Bandea bakarrik:
8. American patrol, Glenn Miller.
9. Rhapsody in blue, George Gershwin.
10. West Side Story, Leonard Berstein.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!