Lekeitioko 23. kale Antzerki jaialdia sano arrakastatsua izan da
2012-07-10 14:37 KultureaDanetara, 30.000 ikuslek hartu dau parte jaialdian, eguraldia lagun. Kale-antzerkia edo kale-arteak bidaia dira. Arte eremu ikusgarri eta hunkigarrietan egiten dan bidaia. Aurrera jarraitzen dogu.
Lekeitioko Udalak zoriondu nahi ditu, Nazinoarteko 23. Kale Antzerki Jaialdian antolakuntza lanetan eta parte-hartzen ibili diran guztiei. Astegoien zoragarria izan da, danon lanagaz, punta puntako antzerki lanak danon eskura izan doguzalako.
Aurtengo edizinoan Luc Amoros talde frantziarraren kalidade gorena nabarmendu behar da. Azken hamarkada honetan Lekeitiotik pasau dan ikuskizunik onenetakoa izan dala esan daiteke. Kalidade handikoa, originala eta arte-eduki sendo eta harrigarriz jantzita. Luc Amorosen Page Blanche lanak zur eta lur itxi zituan ikusleak. Aldamioetan gora plazaratzen diran istorioak emozinoz beterik dagoz eta plazea leporaino bete eben ikusleak goitik behera hunkituta eta harrituta joan ziran etxera.
Nabarmendu behar da talde frantziarrak hizkuntza txikiakazko dauen miresmena. Hori dala eta, euskerearen presentzia ikuskizun osoan zehar eskertzekao izan zan. Artelan honek sentsazino liluragarriak itxi ditu pintura, musika eta testuen bidez; Ahaztezina edo ikaragarria bolo-bolo entzuten zan ikusleen artean.
Lekeitioko produkzinoek be berezi egiten dabe jaialdia. Holan, barikuko Nire Nia baino ez dut, Karkabia kultur taldearen lanak, eta zapatuko Mingorri korrefok-a, Lekittoko Deabruen agerraldiak maila ezin hobea emon dabe. Medio urriak eta esperientzia txikia ez dira traba izan maila profesionalaren pare izateko.
Karkabiaren proposamenak kartzelaren gai latza kaleratu eban eta primeran buztartu zituan erabilitako elementu guztiak: gorputz-adierazpidea, musikea, ikus-entzunezkoa eta jantzea. Giro itogarri baten ondorioak eszenaratu zituan maisutasun handiz.
Bestaldetik, Lekittoko Deabruak taldeak amesa egia bilakatu eban. Lekeition bertan produzidutako suzko kalejira propioa. Ezin da ahaztu Lekeition dagoan pasinoa suzko kalejiretan parte hartzeko. Holan, 4.000 bat persona hurreratu ziran su txinparten berora. Gozamena handia izan zan, Lekittoko Deabruak taldeak ez ebalako huts egin. Suaren erabilereagaz asmau eban bete betean eta gogoangarria da su-jauzietatik pasetan gazteek zelan gozau eben.
Clown garaikideak portu ona topau dau Lekeition. Errespetu handiz bertoko ikusleek bide barriak bilatzen dituan clown-a miresten dabe.
Industrial Teatrera talde kataluniarraren bikoteak jaialdia zarratu eban lan xarmangarri bategaz. Bizitzaren zikloan hartu genduan esku. Jokoetan gustura genbilzan. Gora bizitza eta gozau! aldarrikatu eben De Paso izeneko antzezlan zirkularrean.
Bizitza berak jarten dituan oztopo guztiak gainditzea erakusten deusku Salitreren Amor Ciego antzezlanak. Salitre Josu Bilbao clown historikoa da eta ikuskizunetik ikuskizunera ez dau galdu ikuslea harritzeko gaitasuna. Magia, gag txikiak eta kaleko umorearen giltzak menperatzen ditu.
Astegoienean zehar begirada soziala be kalean izan da. Horretan maisuak dira Gaztelako Zanguango taldekideak. Personen arteko hartu-emonetan dagozan huskeriak nabarmen geratu ziran errealidadetik oso gertu dagoan La Mecanica de la Naranja antzezlanean. Antzerkia gure miserien isla izan daiteke.
Irudiak ditu helburu Gaitzerdi talde bilbotarrak. Ilargia Lekeitioko Garraitz ugarte gainean egoan zabaltzen eta Talan Hansel eta Gretel ipuinaren moldaketa ikusgarria. Liluratu egiten gaitu talde honen irudigileen lanak. Landua eta beti harrigarri.
D’Ailleurs talde hegoamerikarrak maskaren erabilpen bikaina ekarri dau. Gaurko zirku eremuan, Trifaldo-ren hirukoteak bide barriak zabaltzeko dauen gogoa nabarmen geratu zan.
Jaialdia kale-arteetatik baino harantzago doa. Frantziako Libourne herriko nazinoarteko jaialdiren zuzendaria gurean izan da. Lekeition plazaratzen diran lanak Frantziara eroateko asmoagaz. Horrezaz gan, aste osoan zehar (gaur martitzena amaitzen da) Lekeition Arabako Aldundiak antolatutako arte-eszenikoen udalekua aitatu behar da. Bertan baitago harrobia. Gazte horreek jaialdia hur-hurretik biziteko aukera parebakoa izan dabe eta betirako gordeko dabe Lekeition izandako esperientzia.
Astegoien zoragarria. Domekan, gainera, Kataluniako Castell bat altxatu zan plazan Galarrena eta Aittitta Txiki Kultur Alkartearen eskutik. Altafullatik etorritako Castellets taldeak herritarren eta bisitarien miresmena jaso eben. Oso momento bereziak bizi ziran joandako domekan. Gaztelua egin eta udaletxeraino igon ziran kataluniarrak. Alkarlanaren irudirik indartsuenetakoaren metaforea. Kalean danok batzen gara. Danetara, 30.000 ikuslek hartu dau parte jaialdian, eguraldia lagun. Kale-antzerkia edo kale-arteak bidaia dira. Arte eremu ikusgarri eta hunkigarrietan egiten dan bidaia. Aurrera jarraitzen dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!