'Poesia hutsa edo azukreagaz?' lemapean, badatoz aurtengo Eako Poesia Egunak

Bizkaie! 2012-07-05 15:46   Kulturea

Poesia hutsa edo aukreagaz? Poesia beste barik, ala hoba beste osogai batzuekaz? Hori da aurtengo Eako Poesia Egunek plazaratutako gogoetea. Garagarrilaren 13tik 15era bitartean egingo ditue Poesia Egunak Ean, Bedaron eta Natxituan. Aurten be, egitarau bete-betea atondu dabe.

Poesia hutsa edo aukreagaz? Poesia beste barik, ala hoba beste osogai batzuekaz? Hori da aurtengo Eako Poesia Egunek plazaratutako gogoetea. Bilboko Plaza Barriko Café Bilbaon aurkeztu dabe poesia topaketen bederatzigarren edizinoa, izan be bertan hartzen eban kafea Estepan Urkiaga Lauaxetak, eta keinua egin gura izan deutse antolatzaileek. Garagarrilaren 13tik 15era bitartean egingo ditue Poesia Egunak Ean, Bedaron eta Natxituan.

Prentsaurrekoan Eako Poesia Egunen antolaketan jardun daben hainbat lagun izan dira, tartean Castillo Suarez idazlea eta HEA Herrijeri emon arnasa kultur taldeko Emi Larrinaga eta Asun Landa.

Emi Larrinagak Poesia Egunean lau ardatzak, gure markak nabarmendu ditu. Alde batetik emakume sortzaileen parte-hartze aktiboa, poesiaren erakusleihoa izatea, esperimentazinoa eta inguruaren garrantzia. Eak eta inguruak eskaintzen deuskun eszenatoki naturalak aprobetxau gura doguz, esan dau.

Batzuen ustez, poesia gizartetik kanpo dago, asmo estetikoa besterik ez dauka, eta beste batzuen eretxiz, gizarteari lotuta egon behar da. Eztabaida horren ganean jardungo dogu -azaldu dau Castilo Suarezek-, poesia huts-hutsik entzun edo irakurri behar dan, edo beste adierazpide batzuen bitartez zabaldu daiteken, hori bere eztabaidan dago.

Xabier Amurizaren Arestiren koplak ahoan berbaldi-errezitaldiak abiatuko ditu 2012ko Eako Poesia Egunak, garagarrilaren 13an, Beletxen. Gabriel Arestiren poemen aukeraketea egin dau Amurizak, olerkion bidez poeta bilbotarreran estiloaz jardungo dau, eta bidez batez haren zein testu propioak errezitauko ditu. Gauean, Norte Apache taldearen kontzertua izango dau Eskolapen. Poemak rapeatzen izeneko emonaldiak Arestiren hainbat poema rapeauko ditue.

Garagarrilaren 14an, goiz eta arratsalde, egitarau bete-betea izango da. Mikel Elortza Susa argitaletxeko editoreak Lp bat poema berbaldian XIX. mendeko egile klasikoetatik XXI. mendekoetara arteko makina bat olerki izango ditu berbagai. Kanta bihurtu diran olerkien bidez, bere bizitzaren Lp-a eskainiko deusku, ganeratu dau Castillo Suarez idazleak.

Ostean, aurten olerkigintzeak emon dituan lan barrien erakusgarri, hiru euskal poetaren errezitaldia atondu dabe Talaian. Jon Gerediagak Zentauro-hankak aurkeztuko dau; Ione Gorostarzuk, Des egiten, eta Iñigo Astizek, Baita hondakinak ere. Aurtengo egile konbidau Yolanda Castaño galiziarrak be parte hartuko dau.

Bedaroan egingo daben herri-bazkarian ederto bazkaldu ostean, aspaldian isilik egon dan Mikel Lasa bihurtuko da protagonista, Edorta Jimenezen gidaritzapean. Mikel Lasa gure artean bariketaldi musikatuan Lasaren poesiaz jardungo dau Jimenezek, eta Lasak berak bere bai. Urteetan isilik egon da, isiltasun horrek harenganako miresmena handiagotu besterik dau egin.

Urtero lez, Eako Poesia Egunetarako beren-beregi prestautako sormen-lana aurkeztuko dabe, Apikalean izango da hitzordua, 19:00etan. Iñigo Aranbarri idazleak eta Labea laborategiak Munduan beste emonaldia eskainiko dabe, Eguzki-Jaia etxearen historiatik abiatuta, identidadearen inguruko gogoeta kritikoa.

Ondoren, barruko moilan, Dantzaz konpainiak eta Biraka jantza taldeak, Eako umeen laguntzinoagaz, Sarritsasoa beharra antzeztuko dabe. Zapatuko egitaraua Ruper Ordorikak eta Jon Pirisek itxiko dabe, Joseba Sarrionandiaren berbez osotutako Oroimenaren mapa emonaldiagaz.

Domekan, garagarrilkaren 15ean, Yolanda Castañok Poetika eta poemak: landa-sakontasunezko ikuspegia berbaldia emongo dau, eta Leire Bilbao poeta ondarroaarrak igaz argitaratutako Scanner liburuko poemen errezitaldia eskainiko dau, Domentx Uzin musikaria lagun.

Domekako herri-bazkaria Natxituko bolatokian izango da. Bazkalostean ezohiko poema errezitaldia egingo dabe bolatokian bertan, Mikel Ayerbe, Ibon Egaña, Angel Erro, Katalin Miner eta Juanjo Olasagarrek. Ez dok/n armairu, Asun Landaren eretxiz, errezitaldi irreberentea izango da, duda barik.

Zaldiarri bildumako bigarren eta hirugarren zenbakiak aurkeztu ditue prentsaurrekoan, Koldo Izagirreren Emakumeak trena hartu zuenekoa eta Harkaitz Canoren Ene diarioak eta izkiriaturik aurkitu ditudanak.

Aurtengo kartela be, Erramun Landa Eako artisteak egin dau, eta berak sortutakoak dira bere bai, Zaldiarri bildumako liburuen azalak.

Eako Poesia Egunen egitarau osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu