Eskena eta Faeteda Arte Eszenikoen BEZaren igoerearen kontra

Bizkaie! 2012-07-03 18:50   Kulturea

Krisiaren eraginaren ondorioz, atzerakada nabarmena egin dau antzerkiaren konsumoak eta egoera horrek eragin zuzena dauka ikusleen kopuruari zein sarreren salmenta prezioari jagokonez eta, jakina, baita produkzino eszenikoaren bideragarritasun ekonomikoan be.

Espainiako Gobernuak BEZaren tipo murriztua (Balio Erantsiaren gaineko Zergea) igon leikela zabaldu da Estaduko komunikabideetan eta zerga honek Arte Eszenikoak batzen dituan zenbait zerbitzutan eragina dauka. Eskena, Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak eta Espainiako Autonomia-Erkidegoetako zenbait enpresa eszenikoakaz batera osotzen daben Faeteda, Estaduko Antzerki eta Dantza Federazinoaren Elkarteak kezka adierazo nahi dabe erabagi horregaitik, ezelako duda barik, kaltegarria izango dalako kultur jarduerearen oreka ahula dala-eta.

Egoera horren aurrean, datuak gogoangarriak dira: antzerki sektoreak, estadu mailan, 250 miloe euro inguru mobiduten ditu urtero eta 20.000 langileri emoten deutse lana, Kultur Ministerioko kultur adierazleek emondako informazinoaren arabera.

Halan dabe, krisiaren eraginaren ondorioz, atzerakada nabarmena egin dau antzerkiaren konsumoak eta egoera horrek eragin zuzena dauka ikusleen kopuruari zein sarreren salmenta prezioari jagokonez eta, jakina, produkzino eszenikoaren bideragarritasun ekonomikoan be.

Ganerako kultur sektoreakaz batera, antzerkiaren arloan diru laguntza publikoen murrizketa nabarmenak izan dira, bai produkzinoari emondakoetan, bai banaketeari jagokezanak be eta horri gehitu behar jako herrietako kultur programazinoetan be % 50 jarduera gitxiago antolatzen dirala.

Gauzak holan dirala, antzerkiari jagokon BEZaren igoereak honako ondorioak eragingo ditu: sarreren prezioak karutu egingo dira eta ondorioz konsumoak behera egingo dau; horrezaz gan, gure inguruko herrialdeakazko aldeak gora egingo dau, oro har, artea eta kultureari babesa emoten deutsielako murriztutako BEZ tasak ezarriz.

Era berean, Estaduko produkzino eszenikoaren kalidadea murriztu egingo da.

Kontuak kontu, BEZaren igoereagaz batu daitekeen diru kopurua beti izango da txikiago sektorearen ekonomian izango dituan ondorio kaltegarriak baino.

Kultura arloak momentu larria bizi dau eta nahitaezkotzat joten da gizarte osoaren ahaleginagaz bat egitea gaur egun bizi dogun krisi egoerea gainditzeko. Euskal Herriko antzerki enpresak, Estadukoen antzera, astiro baina atzerabiderik ez dauen aldaketa prozesuan sartuta dagoz eta profesionaltasun handiagoa eta enpresen sendotasuna areagotzea beharrezkoak dira; horregaitik sektoreak bere gain hartu zituan bere garaian BEZaren igoerak eta horrek ez eban eraginik izan sarreren prezioan. Orain, barriz, egoerea larriagoa da.

Beraz, kultureagazko konpromiso politiko eta sozialari eutsiz, krisiaren eraginez etenbako berregituratzearen ondorio larriak ez areagotzeko eta seguru etorriko diran enpresa eta antzokiak zarratzea ebitetako, gure uste sendoa adierazo nahi dogu kulturea oro har eta, batez be, antzerkia, zerbitzu publiko lez izan behar dala aintzatetsiak eta horregaitik babestutako BEZa ezarri behar jako herritarrak errazago hurreratu daitezan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu