Xabat Galletebeitia eta Nerea Ibarzabal bizkaitarrak txapeldun Plazatik Gaztetxera Sariketan

Bizkaie! 2012-07-03 14:09   Bertsolaritzea

Pasa dan zapatuan jokatu zan Plazatik Gaztetxera Sariketako finala Eibarko Gaztetxean eta 200 bat lagunen aurrean, Xabat Galletebeitia lekeitiarra eta Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra izan ziran nagusi.

Pasa dan zapatuan jokatu zan Plazatik Gaztetxera Sariketako finala Eibarko Gaztetxean eta 200 bat lagunen aurrean, Xabat Galletebeitia lekeitiarra eta Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra izan ziran nagusi. Honako bikote honeek heldu ziran finalera:

- Peru Vidal eta Imanol Uria
- Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia.
- Eneko Beretxinaga eta Mikel Olaizola.
- Maddi Sarasua eta Aimar Karrika.

Bi zatitan jokatu zan finala. Lehenengoan 8ko handian eta txikian ofiziotan, puntu banari erantzunez, amaierea emonda bertso bana osotuz, kopletan binaka eta bakarkako gaiari bina bertso botaz jardun eben bertsolariek. Maila ederreko saioa izan zan, umoretsua, eta saioak aurrera egin ahala gora egin ebana, alerik onenak berbea emonda eta bakarkako gaiari erantzunez bota zituen bertsolariek. Behin lehenengo atal hau osotu ondoren, antolatzaileek papel batzuk banatu zituen publikoaren artean gustuko bikotea hautatzeko.

Azkenean, epaileek Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia aukeratu zituen buruz burukora pasetako. Publikoak aukeratutako bikotea, barriz, Eneko Beretxinagak eta Mikel Olaizolak osotutakoa izan zan. Bi bikote horreen artean erabagi zan txapela.

Buruz buruko ederra izan zan. Lehenengo hamarreko txikian hasi ziran Xabat eta Eneko. Eibarko Gaztetxeak Udalari mahaiak eskatu eutsozan saiorako, baina Udalak, azkenean, emondako berbea bete ez ebala eta Soraluzeko Udaletxeari eskatu behar izan eutsiezan Gaztetxeko kideek. Gai horren inguruan ibili ziran biak bertsotan, eta saio dotorea osotu eben.

Ondoren kartzelako ariketan, gai baten inguruan bi bertso bota behar izan zituen Enekok eta Nereak. Gaia morboa izan zan, eta bi bertsolariek bikain erantzun eutsien, bakotxak bere bidetik.

Azkenean, epaileek hola erabagita, Xabat Galletebeitia eta Nerea Ibarzabalen buruetara joan dira aurtengo Plazatik Gaztetxera Sariketako txapelak. Holan gelditu ziran puntuazinoak:

1.- Xabat Galletebeitiak eta Nerea Ibarzabalek 247,5 puntu (buruz buruko eta guzti)
2.- Maddi Sarasuak eta Aimar Karrikak 236,5 puntu
3.- Mikel Olaizolak eta Eneko Beretxinagak 230 puntu
4.- Peru Vidalek eta Imanol Uriak 226,5 puntu

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu