Lekeitioko 23. Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdia hemen da

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-07-02 15:54   Kulturea

Atzera be, kale eszenatoki eta herritarrak protagonista bihurtuko ditu Lekeitioko Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdiak. Garagarrilaren 6tik 8ra bitartean, bertoko eta kanpoko lanak ikusteko aukerea izango da Lekeition. Hortzmuga konpainiaren Libertia lanak abiatuko dau egitaraua, plazan, bariku arrastian.

Atzera be, kale eszenatoki eta herritarrak protagonista bihurtuko ditu Lekeitioko Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdiak. Garagarrilaren 6tik 8ra bitartean, bertoko eta kanpoko lanak ikusteko aukerea izango da Lekeition. Hortzmuga konpainiaren Libertia lanak abiatuko dau egitaraua, plazan, bariku arrastian. 35.000 lagun inguru espero ditue astegoienean.

Aurkezpena Bilboko BBK Salan izan da, eta bertan izan dira Maitane Larrauri Lekeitioko alkatea, Imanol Agire jaialdiko zuzendaria, Mikel Toral Eusko Jaurlaritzako Kultura zuzendaria, Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, BBK Fundazinoko Gorka Martinez eta Irina Petresku Bilboko Frantziar Institutukoa.

Maitane Larrauri alkateak jaialdiko egunetan giro berezia sortzen dala adierazo dau, herria bera eszenatoki bihurtzen da. Horregaitik, krisi sasoi latza bizi arren, jaialdia bultzatzea sano garrantzitsua dala azpimarratu dau. 75.000 euroko aurrekontua dauka festibalak aurten.

Euskal antzerkiaren portu izango da Lekeitio, izan be euskal antzerkiak garrantzi berezia eukiko dau jaialdian, Imanol Agirre zuzendariak prentsaurrekoan azpimarratu dauanez. Kantauriko itsasportu baten kale antzerkiaren itsasargia biztu zan orain 23 urte. Gure ibilbide osoan euskal antzerkia oso garrantzitsua izan da, eta aurten bere bai. Aurten, ganera lekeitiarrek produkzino bi aurkeztuko ditue, bata Mingorri, eta bestea, Nire Nia baino ez dut.

Lekittoko Deabruak taldeak sortu dau Mingorri, Aste Santuan Lekeitiora etorten dan mihin luze eta gorridun txakur bildurgarria, heriotzearen laguna ei dana. Suzko kalejirea egingo dau, plazatik hasita, garagarrilaren 7an, 00:30etik aurrera.

Nire Nia baino ez dut lanak emakumea eta kartzelea ditu ardatz. Udabarrian estreinau zan -azaldu dau Agirrek-, baina Lekeitiora etorri nahi eben. Kalean antzezteko egokitu dabe. Karkabia talde amateurra da, baina antzezlana guztiz profesionala.

Horrezaz gan, Euskal Herriko beste hiru konpainiek hartuko dabe parte jaialdian: Hortzmuga taldeak Libertia ekarriko dau; Gaitzerdik Suz piezea; eta, Salitrea-Teatro Mutantek, Amor ciego.

Frantziako Luc Amoros konpainiaren Page Blanche da aurtengo formatu handiko piezea. Garagarrilaren 7an izango da hitzordua, 23:30ean, plazan. Aktoreek antzeztu, kantau, pintau, jolsatu... egingo dabe, aldamio handi baten. Bilboko Frantziar Institutuaren laguntasuna izan dabe lan hau ekarteko. Irina Petresku jaialdiaren egitarau edegia eta nazinoartekoa azpimarratu ditu, bertoko artistei laguntzen deutse eta herritarren ikuspegia zabaltzen.

Uruguaiko D´Ailleurs konpainia behin baiho gehiagotan izan da Lekeitioko jaialdian, 23. edizinoan hiru lan eskainiko ditu: Un homme et une femme, Les Quincoces eta Parle-moi d´Ailleurs.

Kataluniatik Trifaldó eta Industrial Teatrera taldeak ailegauko dira, lehenengoak L´es 3 beharra aurkeztuko dau, eta bigarrenak, De paso. Gaztelako Zanguangok be ezagutzen dau lehenagotik Lekeitiorako bidea, barikuan La Mecánica de la Naranja komedia antzeztuko dabe.

Egitarau osoa ikusteko, hemen.


Jaialdi mapa barria EAEn

Eusko Jaurlaritzeak Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdia babesten dau, eta erakundearen izenean Mikel Toral Kultura zuzendari izan da prentsaurrekoan. Jaialdien mapa barria egin behar dala adierazo dau.

Lekeitioko festibala EAEko zaharrena eta ospe handikoa dala esan dau, eta erabagitzeko dagoan mapa horretan lekua izango dauala. Jaialdien mapa barria egin behar dogu. Jaialdiak behar doguz, baina kalidadezko jaialdiak, esan dau.

Lekeitioko jaialdiak lan profesionala eta amateurra buztartzen ditu, eta herritarren parte-hartze handia izaten dau. Horreek dira festibalaren berezitasunetako batzuk, beste jaialdi batzuk ez dituenak. Eusko Jaurlaritzea arduratuta dago kale antzerkiagaz, ganeratu dau Toralek.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu