Bilboko Antzerki Eskolen eta Unibersidade Antzezlanen I. Lehiaketea antolatu dabe
2012-06-27 18:25 KultureaSGAEren, Autore Fundazinoaren eta Anima Eskolearen eskutik dator garagarrilaren 10etik 14ra egingo dan Bilboko Antzerki Eskolen eta Unibersidade Antzezlanen I. Lehiaketea.
SGAEren, Autore Fundazinoaren eta Anima Eskolearen eskutik dator garagarrilaren 10etik 14ra egingo dan Bilboko Antzerki Eskolen eta Unibersidade Antzezlanen I. Lehiaketea. Aurkezpena gaur egin dabe Bilbon Ignacio Casado, Bilboko Arteria Campos Eliseos Antzokiko zuzendariak eta Algis Arlauskas Anima Eskolako zuzendariak. Izena emon daben antzezlan guztien artean, azkenean lau aukeratu ditue garagarrilaren 10etik 14ra antzeztuak izateko. Garagarrilaren 15ean, ostera, amaierako ekitaldia egingo da Bilboko Campos Elíseos antzokian. Prozesu guztia zezeilean jarri zan abian, eta Euskadiko zein Nafarroako prestakuntzazko antzerki-talde askok parte hartu dabe bertan. Parte hartu eta hautatuak izategaitik, besterik ez, aukeratutako lau taldeek 250na euro irabaziko ditue. Ikuskizun, egokitzapen eta zuzendaritza onenaren sariak emongo dira. Horrezaz gan, emakumeen interpretazino onenari eta gizonen interpretazino onenari be emongo jake diploma bana, baita ikus-entzuleen saria be. Ikuskizun Onenaren Sariak bere antzezlanaren grabazino editatua jasoko dau, eta hurrengo udagoienerako egitarauan sartuko da.
Honako honeek dira hautatutako konpainiak: Donostiako Ivim Antzerki Eskolako IVIM eta César Sabaliak zuzendutako Sergi Belbelen Criaturas lana (garagarrilaren 10ean, martitzenean); Nafarroako Unibersidadeko Mutis por el Foro eta Naiara Herrerok egokitutako Jean Paul Sartreren Muertos sin sepultura lana (garagarrilaren 11n); Getxoko Antzerki Eskolako 96 Unicornios eta Carlos Baigesek egokitutako William Shakespeareren Noche de reyes… o como queráis lana (garagarrilaren 12an); eta Nafarroako Unibersidadeko Speculum Vitae eta Patxi Muñozek egokitutako Pierre de Mariveauxen La isla de los esclavos lana (garagarrilaren 13an).
Bestetik, Bilboko Ánima Eskolako taldeak jaialdiaren erakunde antolatzailea danez, lehiaketa ofizialetik kanpo parte hartuko dau, eta Antón Chejov dramaturgo errusiarraren lanetan (Tres hermanas eta La Gaviota) zein kontakizunetan oinarritutako Para qué recordar… lana aurkeztuko dau. Zuzendaria eta egokitzailea Marina Shimanskaya izango da. Jaialdiko bosgarren egunean ikusi ahal izango da, garagarrilaren 14an.
Jaialdiaren zuzendaritzea Algis Arlauskas, hau da, Bilbon bizi dan errusiar sortzaileari jagoko eta Anima Eskolako zuendaria be badanak, SGAEren, Autore Fundazinoaren eta Campos Eliseos Antzokiaren laguntza eskertu dau, Ignacio Casadori berenberegi eskerrak emonez, bera baita antzokiko zuzendaria.
Hautatutako taldeek Teatro aretoan eskainiko dabe euren ekitaldia, 20:00etatik aurrera. Sarrerearen prezioa 6 €-koa izango da, 10 edo hortik gora ikus-entzuleko taldeentzako deskontuak egongo dira eta 15 €-ko abonua egongo da salgai jaialdia oso-osorik ikusi nahi dabenentzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!