Alibabaren kobea

Zigor Aldama 2012-06-26 18:26   Bidaide

Ez da normala turista talde antolatuak enpresa bateko egoitzea bisitetako gogoz egotea. Hangzhou urian ez da holangorik jazoten, ez sikeran orain arte. Baina, Alibaba ez da edozein gauza. Enpresa berezia da. 240 estadu eta eskualdetako internautei eskaintzen deutse zerbitzua. Txina Barriaren bultzadearen irudia da.

Ez da normala turista talde antolatuak enpresa bateko egoitzea bisitetako gogoz egotea. Hangzhou urian ez da holangorik jazoten, ez sikeran orain arte. Baina, Alibaba ez da edozein gauza. Enpresa berezia da, eraikinak diseinu psikodelikoa dauka, eta 25.000 behargin ditu sei herrialdetan banatuta. 240 estadu eta eskualdetako internautei eskaintzen deutse zerbitzua. Txina Barriaren bultzadearen irudia da. Bandera gorri eta megafonodun artzainaren atzetik doan giza artaldeak merkatu birtualaren sekretua zein dan gura dau jakin, izan be Alibabak minuturo 36 eskuko telefono, 85 liburu, 800 jantzi, eta hainbat kosmetika produktu saltzen ditu.

Txinako elektronikearen merkatuko erraldoiaren bihotza da, itzelezko booma bizi dauen sektorea. Igaz, 400 miloe internauta baino gehiagok -danetarea, 513 miloe dira- 7 bilioi yuaneko (886.000 miloe euro) salerosketak egin zituen ziberezpazioan, 2010ean baino % 46,4 gahiago. Eta hau hasikerea besterik ez da, dino pozarren Li Junlin Alibaba taldeko presidenteordeak. Duda barik, bere enpresea sano ondo kokatuta dago oraindino labetik urten ez dan pastelari haginkada ederra emoteko. Txinako 12. Bost Urteko Planean jasotako Interneteko industriaren garapen-proiektua izenekoak, 2015ean, on line negozioaren neurria 18 bilioi yuanekoa izatea espero dau, hau da, 2,27 bilioi eurokoa.

Ziberezpazioa txinatarrean dirua ze abiadura bizian mobiduten dan ulertzeko nahikoa da Alibaba taldeko atarien jarduerearen barri emoten dauen pantaila erraldoiari begiratzea. Txinako geografian milaka argi dagoz dir-dir, batez be sortaldeko kostaldean. Hormaren erdi-erdian, mapamundi bat dago, atzerriko erabiltzaileek egindako erosketak erakusteko. Bombay uriko bisitariak, India, diesel generadore bila dabil. Europa oraindino lotan dago, eta ilunetan agiri da. Ameriketan, ostera, oraindinokoarren ez dira ohera joan. Littleton uriko bisitariak, AEB, gas-sueteetarko balbulak behar ditu". Munduko lantegiak ez dau lorik egiten.

Alibabaren bulegoetan ez dago Google estiloko denporapsa cool-etarako lekurik. Munduko merkatu elektronikoan nagusi izateko gogor dabilz beharrean. Taobaok -taldeko C2C adarra- lortu dau daborduko. Ebay edo Amazon gainditu ditu. 800 miloe prodututik gora daukaguz zerrendauta, eta 370 miloe erabiltzaile baino gehiago izena emonda. Izan be, munduan bisita gehien dituen 20 webguneetako bat da, adierazoten dau, harro, Lik. Txinako sektore pribaduaren dinamikotasunaren adierazle da. Taobaok negozioa egin gura daben hainbat enpresa txiki eta norbanako batzen ditu, holan bultzadea emoten deutse Txinako ekonomiari.

Argiaren abiaduran aldatzen dira gauzak herrialde honetan, bertako konsumitzaileak ohitu dira dirua bankuan itxi eta kode bitarrean gastetan. Hu Yuan Nanjing uriko neska gazteak pentsakera barria esaldi honetan laburtu dau: Taobao gunean merkatuko produktu guztiak daukadaz eskura, prezioak alderatu neikez, ez dot tratuan ibili behar, prezioagaitik burrukan, eta korforme banago bakarrik ordaintzen dot. Izan be, Alibabak ordaintzeko sistema propioa dauka: Alipay.

Paypal sistemearen bersino txinatarrak igazko abenduan 650 miloe erabiltzaile zituen, eta zemendiaren 11n, 24 orduan, 33,69 miloe salerosketa egin zituen, ordura arteko marka guztiak gaindituz. Bezeroen arriskua txikitzeaz aparte, erositako produktuekaz gustura dagozan jakin geinke holan, azaltzen dau Lik. Taobao erabilten hasi nintzanean ezustekoren bat edo beste izan neban. Espero nebana baino kalidade bajuagoko produktua ailegau jatan, baina ezin izan neban itzuli, banku-transferentzia bidez ordainduta neukan eta. Orain ez dot ordainketarik onartzen harik eta erositakoa ikusi arte. Holan, konfiantza osoa daukat sisteman, dino Huk.

Askok pentsetan dabe bere moduan. Taobao hainbeste hazi da Alibabak enpresea hiru zatitan banatu behar izan dauela. Nahaste handiegia egoan, leku berean egozan kalidadezko zerbitzu ona emoten dabenak, eta zerbitzu ez hain ona daukenak, autortzen dau presidenteordeak. Lehenengo horrreentzako, Tmall sortu eben igaz. Daborduko, atari hori Txinako B2C merkatuan nagusi da, merkatuaren % 50 dauka, hain zuzen be.

Enpresa batzuen eretxiz, Tmall-ek salbau egin ditu. Wang Xiaoleiren dendea, berbarako. Erropa denda txiki bat dauka Chongqing uritzarrean, Txina erdialdean. Ez dago ondo kokatuta eta negozioa ez joian lar ondo. Orduan, lagun batek egin eban lez, Tmall-en izena emotea pentsau neban. Salmentak gora eta gora egin dabe ordutik. Salmenten % 85 'on line' egiten dot. Gazteen pentsetako modua aldatu egin da, eta geure burua berrasmau behar dogu.

Alibaba horren guztiorren adibide ona da. Sarritan Mendebaldetik datorrena kopietan dogula esaten deuskue, baina uste dot barrikuntzak egiten doguzala, eta eurak baino arinago moldatzen garala, dino Lik. Alibaba.com (B2B) 1999an abiatu zan, mundu osoko Pyme-ri Txinako produktuak eskura ipinteko. Hamarkada batean Txina merkatu erakargarriena bihurtu da. Egoereari ahal danik eta etekinik handiena atarateko, Alibabak 1688.com sortu dau, barruko merkatuari zuzenduta, eta aliexpress.com, merkatari txikiagoei munduko edozein tokitan produktu kopuru txikiak erosi eta denpora gitxian jasoteko aukera emoten deutsena. Ganera, smartphone dalakoen merkatuan be sartu da; bere sistema opartiboa daukan miloe bat Aliyun eskuko saldu ditu.

Krisialdi sasoian egon arren, Alibabaren hurrengo helburua AEBetan nagusi dan WalMart enpresea hiru-bost urtean Taobao eta Tmall-en bidez gainditzea da. Ordurako, 3 bilioi yuaneko (379.000 miloe euro) salerosketak egitea espero dogu. Aurten bilioi bategaz (126.000 miloe euro) amaituko dogu, azaltzen dau Lik. Baina, hemen be bada alde ilunik. Alibabak etxea ondo garbitu beharko dau, produktu faltsuak han eta hemen agiri jakoz eta. Txinan bertan, ganera, beste antzeko enpresak sortu dira, lehiatzeko prest. Dana dala, enpresako zuzendaritzeak dinoenez, ez dago lapurrik daborduko Alibabaren koban.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu