Wayne Shorter saxo-jotzailearen laukotea, Getxoko 36. Jazz Jaialdian

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-06-26 15:30   Musikea

Getxoko XXXVI. Nazinoarteko Jazz Jaialdiak abiatuko dau EAEko jazz festibalen egitaraua, garagarrilaren 4an. Estilo askotako 15 taldek joko dabe Algortako Bihotz Alai eta Geltokia plazetan. Izen ezagunenen artean, Wayne Shorter, Larry Carlton, Eliane Elias eta Mike Stern dagoz, besteak beste.

Getxoko XXXVI. Nazinoarteko Jazz Jaialdiak abiatuko dau EAEko jazz festibalen egitaraua, garagarrilaren 4an. Estilo askotako 15 taldek joko dabe Algortako Bihotz Alai eta Geltokia plazetan. Kalidadea eta aniztasuna dira aurtengo eskaintzearen ardatz nagusiak. Izen ezagunenen artean, Wayne Shorter, Larry Carlton, Eliane Elias eta Mike Stern dagoz, besteak beste.

Aurkezpena Bilboko BBK Salan egin dabe, eta bertan izan dira BBK Fundazinoko Gorka Martinez, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari Gonzalo Olabarria, Getxoko Kultura zinegotzi Koldo Iturbe eta Getxoko Jazz jaialdiako zuzendari Iñaki Saitua.

Aurten be punta-puntako musikariek joko dabe Getxon, gazte zein betaranoek. Koldo Iturbek jazzaldiaren arduradunek egindako lan itzela goraipatu dau, izan be aurrekontuan % 15eko beherakadea izan arren, kalidadeari eutsi deutse. 290.000 euro inguruko aurrekontua izan dau jaialdiak. Jazza gustuko dauenek zein musikea gustetan jakienek, danak, gustura egoteko moduko egitaraua prestau dabela adierazo dau Iñaki Saituak.

Larry Carlton Quartetek estreinauko dau Bihotz Alai plazea, garagarrilaren 4an. Igaz, laugarren Grammy saria irabazi eban AEBetako gitarristeak. Urrezko edo platinozko 100 diskotik gora ditu. Jazz musikea popa eta rockagaz nhasten dituan laukoteagaz batera dator Getxora, hain zuzen be Dennin Hamm (tekladuak), Travis Carlton (Baxua) eta Gene Coye (bateria) musikariekaz.

Garagarrilaren 5ean, China Moses abeslari gazteak, Dee Dee Bridgewater ezagunaren alabeak, This one is for Dinah disko barria aurkeztuko dau, Dinah Washingtonen omenezko lana. Raphaël Lemonnier (pianoa), Fabien Marcoz (kontrabaxua) eta Jean Pierre Derouard (bateria) musikariak izango ditu alboan.

Aurtengo jazzaldiko izarrik handiena, akaso, barikukoa izango da, Wayne Shorten saxo-jotzaile handia, hain zuzen be. Izar handia da. Miles Davisen boskoteko kide izan zan, 6 Grammy irabazi ditu eta hainbat proiektutan parte hartu dau. 50 bat urteko ibilbidea dauka, azaldu dau Iñaki Saituak. Danilo Pérez (pianoa), John Patitucci (kontrabaxua) eta Jorge Rossy (bateria) talde gazteagaz igongo da eszenatokira.

Zapatuan, Mike Stern gitarristeak eta Richard Bona baxu eta abeslariak jazz fusion eta world music doinuz beteko dabe Bihotz Alai plazea. Artista biek bide oparoa egin dabe musikearen munduan. Bobn Franceschini saxo-jotzailea eta Dave Weckl bateria-jotzaileagaz izango dira zuzenean.

Eliane Elias pianista, abeslari, konpositore eta moldatzaile brasildarrak zerratuko dau domekan 2012ko Getxo Jazz. Light my fire disko barriko kantak joko, bere piezez aparte, Jim Morrison, Stevie Wonder eta Paul Desmonden bersinoak batu ditu. Rafael Barata bateria eta Marc Johnson kontrabaxuagaz joko dau, Saituak nabarmendu dauenez, gaur egun jazzean dagoen saxo-jotzaile onena.

Bihotz Alai plazako kontzertu guztiak 21:00etan hasiko dira. Aitatutako kartelburuez gan, bertan joko dabe Talde Lehiaketako lau finalistek: Miroslav Hloucal Quartet (Txekiar Errepublikea), Piotr Pawlak Jazztet (Austria) eta Tobias Meinhart Quintet (Polonia). Irabazleak domekan be emongo dau kontzertua, Eliane Eliasegaz.

Kalidadea eta aniztunaz gan, Iñaki Saituak musikati gazteen lana sustatzeko ahalegina azpimarratu dau. Lehiaketako talde irabazleak sariaren diruagaz batera, CDa grabetako aukerea dauke. Ganera, beste kontzertu batzuk lotzen ahalegintzen gara. Elorrion, Eibissa Jazzen eta Belgikako Hoeilaart jaialdian joko dabe, adibidez. Aurten, 60 talde aurkeztu dira.

Algortako Geltokia plazan Hirugarren milurteko ataleko saioak egingo ditue, garagarrilak 4tik 8ra, 19:00etan. Ondoko taldeak izango dira zuzenean: Kb Connection, Carlos Celasco Trio, Coda, High Definition eta Juan de Diego Trakas. Kontzertu guztiak doban dira. The Piper´s pubean Jon Urrutia Quartetek egingo dituan jam sessions saioak be debalde dira.

Getxo Jazzen ganeko informazino osoa, egitaraua, sarrerak, ordutegia eta abar, hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu