2013ko behin-behineko arte egitaraua: 4 aldi baterako erakusketa eta Bilduma Iraunkorraren aurkezpen 2
2012-06-21 11:19 KultureaGuggenheim Bilbao Museoak bere ibilbide osoan arreta berezia ipini deutse tokiko artistek sortutako artelan moderno eta gaur egungoei eta horreek nazinoartean ezagutarazoten lagundu dau. Izan be, urteko azken erakusketeak Euskal Autonomia Erkidegoagaz loturak dituen artistak batuko ditu. Ganera, egun sortzen dagozan hainbat euskal artisten lanen aukeraketea aurkeztuko da.
Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazinoaren Patronatua bart batu zan, lehenengoz 2012an. Bertan izan dira Patronatuaren presidente Patxi López lehendakaria, Bizkaiko ahaldun nagusi José Luis Bilbao, Bizkaiko kultura diputadu Josune Ariztondo, kultura sailburu Blanca Urgell, Bilboko alkate Iñaki Azkuna, New Yorkeko Guggenheim Museoaren zuzendari Richard Armstrong, Bilboko Guggenheim Museoaren zuzendari Juan Ignacio Vidarte eta Fundazinoaren gobernu-organo gorenaren kide diran enpresen eta erakundeen ordezkariak.
Batzarrean 2011ko jarduneko kontuak onartu dira, eta Patronatuak 2013ko behin-behineko arte-egitaraua aztertu dau: lau aldi baterako erakusketa eta Bilduma Iraunkorraren aurkezpen bi izango dira 2013an. Ondokoak izango dira jentaurrean jarriko diran aldi baterako erakusketak: udabarri eta udan zehar Artea gerran. Frantzia 1938—1947: Picassotik Dubuffetera egongo da ikusgai. Erakusketa hau Parisko Arte moderno museoagaz lankidetzan antolatu da eta Bigarren Mundu Gerraren inguruko urteetan Parisen sortzen egoan artea ezagutzeko ibilbidea proposatzen dau. Horretarako 120 artistek (besteak beste: Pablo Picasso, Henri Matisse, Pierre Bonnard, Marc Chagall, Vasily Kandinsky, Jean Fautrier, nahiz Alberto Giacometti) egindako 400 artelan baino gehiago batuko dira.
Aitatutako horregaz batera, udan, Barroko bizia: Cattelanetik Zurbaráneraino aurkeztuko da. Erakusketeak Barrokoko egile ezagunak (Pieter Aertsen, Valentin de Boulogne edo Jacob Jordaens) gaur egungo artistakaz (Nathalie Djurberg, Maurizio Cattelan eta Oscar Tuazon) aurrez-aurre jarriko ditu. Kunsthaus Zürich museoagaz batera antolatu da erakusketea eta Bice Curiger du komisario. Erakusketa honetan bizitza aztertzen da bere alderdirik alaienak kontuan hartuta baina, aldi berean, galerearen kontraesana ahaztu barik. Barrokoa sortu zan garai gorabeheratsuaren testuingurua aztertzen da, egonkortasunik eza eta ezarritako ordena apurtzeko mobimentuak bizi ziranean.
Udagoienean Antoni Tàpies artisteari eskainitako erakusketea izango da ikusgai. Harek 1960ko hamarkadatik 2002 urtera arte sortutako objektuak eta eskulturak aztertuko dira historiografia eta kronologia kontuan hartzen dituan erispideari jarraituz. Guggenheim Bilbao Museoak orain gitxi hildako artista kataluniarraren omenez antolatu dau erakusketea, 2013 urtean zehar egingo diran bestelako omenaldi ekimenakaz bat egiteko.
Guggenheim Bilbao Museoak bere ibilbide osoan arreta berezia ipini deutse tokiko artistek sortutako artelan moderno eta gaur egungoei eta horreek nazinoartean ezagutarazoten lagundu dau. Izan be, urteko azken erakusketeak Euskal Autonomia Erkidegoagaz loturak dituen artistak batuko ditu. Ganera, egun sortzen dagozan hainbat euskal artisten lanen aukeraketea aurkeztuko da.
Guggenheim Bildumak ezagutarazoteko aurkezpen bi egingo dira 2013an. Lehenengoan, urtarriletik hasita, Guggenheim Bilbao Bildumako artista bik, Cy Twomblyk eta Georg Baselitzek, egindako bi serie esanguratsu sakon aztertuko dira. Urte amaieran Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak IV zabalduko da. Aurkezpen hau Guggenheim Bilbao Bildumaren funtsen inguruan 2009 urtean hasitako erakusketa-zikloaren laugarrena dogu. Honako honetan, 1990ko hamarkadan pinturearen eta eskulturearen inguruan sortutako arte-eztabaidetan sakontzen da; besteak beste, ondorengo artisten lanak aztergaitzat hartuz: Juan Muñoz, Miquel Navarro, Cristina Iglesias, Miquel Barceló eta Susana Solano.
Bestetik, Batzorde Betearazleak eta Patronatuak datorren udagoieneko arte egitarauan aldaketa bat egitea onartu dabe. Cristina García Roderoren argazki-lanei eskaini nahi jakon erakusketea preparetako proiektua hasieran uste baino zabalagoa bihurtu da eta denpora gehiago beharko da behar dan moduan taiutzeko. Beraz, irailerako erakusketa hori antolatzea ezinezkoa izango danez, Bilboko Bildumaren lanen aukeraketa bat aurkeztuko da. Bizitako arkitektura izenburupean, aurkezpen honek espazioa bete eta biziteko moduak aztertzen ditu: bere barruan narrazino bat jasoz, aurretik ezarritako kontakizunak proposatuz, edo ikusleak sortzeke dituanak batuz. Jarduteko modu horreen adibide dira erakusketan izango diran artistak: Liam Gillick, Mona Hatoum, Pello Irazu eta Doris Salcedo.
Era berean, bileran, 15. Urteurrena ospatzeko 2012 urte osoan egingo diran ekitaldien egitaraua gainbegiratu da. Ekitaldiok diziplina anitz hartuko ditue: artea, musikea, jantzea, modea, gastronomia, arkitekturea eta arte eszenikoak. Museoak jarduera lagungarrien egitaraua esparru eta gai barrietara zabaldu ahal izan dau hainbat erakunde, profesional, diseinatzaile eta artistakaz lotutako lankidetzei esker.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!