Enkarterrietako Museoak Ismael Fidalgo margolariaren atzera begirako erakusketea inaugurau dau
2012-06-19 18:44 KultureaSopuertan jaiotako Ismael Fidalgo Enkarterriko margolari espresionistea eta XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal margolaririk garrantzitsuenetakoa izan zan. Enkarterrietako Museoak omenaldia egin gura deutso, Trapagaranen hil zaneko bigarren urteurrenean.
Sopuertan jaiotako Ismael Fidalgo Enkarterriko margolari espresionistea eta XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal margolaririk garrantzitsuenetakoa izan zan. Enkarterrietako Museoak omenaldia egin gura deutso, Trapagaranen hil zaneko bigarren urteurrenean. Atzera begirako erakusketea atondu dabe, 100 koadru baino gehiagokoa, baita papel ganean egin zituan beste hogeita hamar lan ingurukoena be (marrazkiak, gutun apainduak, dokumentazinoa…); horrezaz gan, produkzino propioko dokumentala be emongo da, Enkarterrigaz, Ezkerraldeagaz eta Meatzaldeagaz oso loturik egon zan artista horren bizitzari eta lanari buruzkoa.
Erakusketea 2012ko bagilaren 20tik 2013ko urtarrilaren 5era ikusi ahal izango da Museoak atondu barri dauen erakusketetarako areto barrian. Sopuertako margolariaren bizitza eta lana agertzen dauen bildumaz gan, erakusgai izango dira Fidalgoren hiru busto irudi eta beste artista garrantzitsu batzuk egindako erretratuak, Ibarrola, Apezetxea, Etxarte, Marce Bañales edo Chumy Chúmez karikaturagile ezaguna horreen artean dirala.
Erakusketa horren bitartez, Batzar Nagusiek eta Enkarterrietako Museoak alkar hartuta jokatu gura izan dabe zor jakon omenaldia egiteko gerra osteko belaunaldian giltzarri izan zan artista bati, beste artista batzuakan eragina izan eban horri, adierazo dau Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak gaur goizeko ekitaldian. Madariagak esan dau meatzen, kolorearen eta espresinoaren margolaria izan zala, haren lanek eskualdeko jente askori aspaldiko bizipenak dakartsezala gogora. Javier Barrio Enkarterrietako Museoko Zuzendaria be izan da erakusketearen inaugurazinoan, baita erakusketearen edukinak atondu dituan taldeko kideak be: Xavier Sáez de Gorbea, Amalio García eta José Antonio Martínez Liceranzu (Fidalgoren lobea).
Hasierako lanak
Ismael Fidalgo gerra osteko artisten belaunaldikoa izan zan eta lagun izan zituan margolari eta eskultoreak, esaterako Agustín Ibarrola, Norberto Ariño de Garay, Ricardo Toja, edo idazleak, Blas de Otero, besteak beste. Berariazko maisurik izan ez ebala esaten dan arren, eragin handia egin eutsan —berari eta bere belaunaldiko artista guztiei— Jorge Oteizak, haregaz hartu-emon estuak izan zitualako.
XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal artistarik garrantzitsuenen artean kokatzen dabe, eta arte kritikoek balio handia emoten deutsie haren lanari. Dana dala, eremu jakin batzuetatik kanpo, nahiko ezezaguna da. Baztan haranean bizi izan zan aldiari esker, Nafarroan artearen eta margogintzearen iraultzaile handitzat joten dabe Fidalgo. Gerra ostean, hain sasoi gogor eta informazino gitxikoan, barritasuna eta modernotasun-arnasea sartu zitualako —eta beste gauza asko egin zitualako be— emoten jako balio handia Fidalgori.
Meatzarien margolari espresionistea
1957. urtean, Trapagaranera joan zan eta hantxe ekin eutsan industriak eta meategiak margozteari. Lan horreek ganeratu jakozan Baztanen, Zamoran, Errioxan edo Madrilen margoztu zituan paisaje edo personaiei. 70en hamarkadan, Zierbenako Marcelino Bañales margolaria ezagutu eban eta haregaz urte askotan egin eban lana eta adiskidetasun handia izan eban. Naturalean margozten azkenetarikoak izan ziran biok; La Balco (Babcock Wilcox) izeneko Margolarien Taldea sortu eben biek lantegi euken horretatik, eta eragin handia izan eben beste artista batzuakan.
Lehen urteetan inpresionismora hurreratzen ziran margoak egiten zituan arren, handik gitxira argi eta garbi lerrokatu zan joera espresionistetan. Meategien margolaria eta Enkarterriko Margolaria izentau daben arren, izendapenok labur geratzen dira haren lanaren balioari erreparetan badeutsagu, haratago be joan zan eta. Balioa batez be margolari kalidadezkoa izatetik, koloreak erabilten dituan moduan erabiltetik eta agertzen dauen espresibidade indartsutik jatorko, espresionismoaren barruan XX. mendeko euskal margolaririk esanguratsuenetarikoa bihurtu arte, beste euskal artista askorengan eragin handia izan ebana.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!