UPV/EHUren esku-hartzea dauen ikerketa bat, Science aldizkariaren azalean

Bizkaie! 2012-06-15 12:22

Kantaurikoko labar-artea Europako zaharrena dala frogatu dabe, uranio/torio desintegrazino-teknikeagaz; Europako aro paleolitikoko labar-artearen adibide antxinakoenak Kantaurikoko hatx-zuloetan dagoz, zehatz esateko Kantabriako El Castillo koban datatu dabe irudi zaharrena: orain 40.800 urte baino gehiago egin eben.

Kantaurikoko labar-artea Europako zaharrena dala frogatu dabe, uranio/torio desintegrazino-teknikeagaz; Europako aro paleolitikoko labar-artearen adibide antxinakoenak Kantaurikoko hatx-zuloetan dagoz, zehatz esateko Kantabriako El Castillo koban datatu dabe irudi zaharrena: orain 40.800 urte baino gehiago egin eben. Irudi horrek berak 30.000 urte zituala uste izan da denpora askoan, baina uranio/torio desintegrazinoaren metodoa erabilita frogatu dabe pentsau baino zaharragoa dala. Bristoleko Unibersidadeko Alistair Pike ikertzaileak zuzendutako azterketa horri eskaini deutsie aste honetan Science aldizkariaren azala. Aditu askok hartu dabe parte lan horretan; tartean dago Marcos García Díez UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko kidea. Historiaurreari buruzko Ikerketa Talde Finkatu eta Errendimendu Handikoan be egiten dau lan García Díezek; Ignacio Barandiaran Maestu Euskadi Ikerketa saridunak gidatzen dau talde hori.

Datzinoak egiteko sarri erabilten dan Karbono-14aren teknikeak labar-pintura gitxi batzuei apliketako baino ez dau balio. Esaterako, erabilgarria da ikatzagaz (materia organikoa) margotutako pintura baltzen kasuan, baina ez irudiak gorriz margotu (materia koloratzaile ez-organikoa, burdin oxidoa) edo grabatu zituenetan. Horrenbestez, uranio/torio desintegrazinoaren metodoaren alde egin dabe lan horretan. Teknika hori sarritan erabilten da ikerketa paleoklimatikoetan, baina labar-artean ez, baditualako zailtasun batzuk. Halan da be, García Díezek eta beste ikertzaileek prozedurea hobetzea lortu dabe, lagin-kantidade oso txikiakaz (miligramoaren neurrikoak) data oso zehatzak lortzeko.

Metodo horri esker, labar-artea datatzeko oinarrizko lehengaia pinturearen azpian eta gainean metatutako kaltzita izan da, eta ez pinturea bera. Holan, ez jako kalterik eragiten pinturen konserbazinoari, ez baita irudiaren materia koloratzailetik ezer erauzi behar; kaltzita apur bat nahiko da analisia egiteko. Ondorioz, ez dau inpakturik labar-artean (karbono-14aren kasuan bai, ostera). Holan, Asturiasko eta Kantabriako 11 hatx-zuloetan jardun dau Science aldizkariaren aintzatespena jaso dauen ikertzaile-talde honek, besteak beste, Unescok munduko ondare izentautako Altamira, El Castillo eta Tito Bustillo kobetan. Danetara, 50 artelanen gehienezko eta gitxieneko adina kalkulau dabe.

Datazino-metodo barri horri esker, El Castillon margotuta dagoan disko (puntu handi) gorri bat bihurtu da Europako labar-artearen adibide zaharrena. Izan be, uranio/torio desintegrazinoaren bidez jakin da 40.800 urtetik gora dituala, uste baino 10.000 urte gehiago; eta beraz, orain arte egindako mota honetako datazino zaharrenak (Frantziako Chauvet hatx-zuloan topautako irudi bat) baino 7.000 bat urte gehiago. Gainera, Kantabriako hatx-zulo horretan bertan topautako esku negatibo gorri batek gitxienez 37.300 urte dituala be egiaztatu dabe. Hori gitxi ez, eta Altamiran datatu daben sinbolo klabiforme gorri batek (triangelu handia) gitxienez 35.600 urte dituala ondorioztatu dabe. Horrek esan nahi dau uste baino 15.000 urte lehenago hasi zala labar-artea Altamiran, eta gizakiek hainbat aldiz bisitau eta atzera pintau ebela bertan, 30.000 urtean zehar.

Ez hori bakarrik. Labar-artearen sorrerea Homo sapiensari egotzi izan jako beti, giza garapenaren erakusle, baina ikerketa honen emoitzek aukerea emoten dabe beste bide bat aztertzeko. Izan be, Kantaurikoko inguru horretan, Homo sapiensaren arrastorik zaharrenak orain 41.500 urtekoak dira, eta hareek baino lehen neandertalak ziran hango biztanleak. Horrenbestez, García Díez kide dauen taldeak ondorioztatu dau Europara heldu ziran lehen Homo sapiensek baebela sinbolismoagaz jokatzeko ahalmen handia. Eta ez dabe baztertu beste aukera bat be: irudi horreen egileak neandertalak izatea.

UPV/EHUko irakasleaz gan, Bristol, Bartzelona, Sheffield, Alcalá de Henares eta Kantabriako unibersidadeetako, Giza Eboluzinoaren Espainiako Ikerketa Zentro Nazionaleko (Burgos) eta Altamirako Museoko ikertzaileek hartu dabe parte lan arrakastatsu honetan.

Science aldizkariko artikuluari erreferentzia: U-series dating of Palaeolithic Art in 11 Caves in Spain by A. W. G. Pike, D. L. Hoffmann, M. García-Diez, P. B. Pettitt, J. Alcolea, R. De Balbín, C. González-Sainz, C. de las Heras, J. A. Lasheras, R. Montes, J. Zilhão in Science (June 15th, 2012).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu