Baserri giroa nagusituko da astegoienean Bilboko Plaza Barrian, Latxaldiagaz eta Arkide Foroagaz
2012-06-14 12:31Latxaldia, ardi latxaren jaialdia Arkideren ekimena da, artzain profesionalen alkartea, euskal artzaintzearen lehiakortasunaren eta ardi latxaren defentsa eta sustapenaren alde lan egiten dauen alkartea.
Arkide Alkarteak eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkarteak ekitaldi bi atondu ditue astegoien honetarako Bilbon: Latxaldia Ardi Latxaren Jaialdia eta Arkide Foroa. Ardi Latxaren Jaialdia barikutik zapatura egingo da Alde Zaharreko Plaza Barrian, eta bertan, artzain produktuen erakusketea eta salmentea egongo da. Gainera, hurreratzen diran ume guztiak Latxiñe munduko ardirik handienera igon eta barruan daroan txirristatik behera bajatzeko aukerea izango dabe.
Antolatzaileek adierazo dabenez, Latxaldia, ardi latxaren jaialdia Arkideren ekimena da, artzain profesionalen alkartea, euskal artzaintzearen lehiakortasunaren eta ardi latxaren defentsa eta sustapenaren alde lan egiten dauen alkartea.
Ardi Latxaren Jaialdia bariku goizeko 11:00etan hasiko da Latxiñe ardiaren bataioagaz Plaza Berrian. Hiru metroko altuerea eta bost metroko luzerea dauen panpina artikulatua da Latxiñe, eta Legazpiko Haztegi ikastolako gurasoek egin dabe Paco Burgueraren zuzendaritzapean.
Bestalde, Bilboko Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkartean, 11:30ean, Felix Rodriguez de la Fuente Fundazinoak ConSuma Naturalidad proiektua aurkeztuko dau. Kontsumo arduratsua bultzatzen dauen berme marka barri honek biodibersidade produktiboaren kontserbazinoa bilatzen dau.
Latxiñeren bataioaren eta Consuma Naturalidad proiektuaren aurkezpenaren ondoren, azoka berezi bat zabalduko da. Bertan, Etxolako artzain gazteen alkarteko eta Artzain Kontseiluko produktuak salgai egongo dira: gaztaiak, mamiak, gazta-kremak eta abar. Azokea zapatu arratsaldera arte egongo da zabalik, eta orduan, LatxaDrop!! ardi latxaren inguruko lehiaketearen aurkezpena eta Artzain Country kontzertua izango dira.
LatxaDrop!!
Ardilatxa pegatinearen irudi barria ezagutarazoteko sortu da LatxaDrop!! lehiaketea. Irudia gaurkoratu egin da ardi latxari adarrak, buztana eta uleak ipinita. Hori dala eta, Ternua mendi-erropa markeagaz batera Ardilatxak elastiko bat atara dau ardiaren irudi barri horregaz.
Parte-hartzaileek euskal paisaje bat aukeratu beharko dabe, Ardilatxa logo barriaren elastiko bat jantzi eta bai bakarka bai familia edo lagunakaz saltoka filmau edo argazkia atara. Ondoren euskerazko abesti bategaz Lip Dub montaje bat preparau eta drop@latxakluba.org helbidera biadu.
Lehiaketea Bilboko Plaza Barrian hasiko da zapatu arratsaldean, 18:00etan.
Artzain Country
ArtzainCuntry musika estilo barri bat da, euskal nekazarien country-a hain zuzen be. Baztango artzaina eta kantaria dan Pottokak and Eskortz eta Wolkom Project taldeek kontzertua eskainiko dabe zapatuan Plaza barrian, gaueko 21:30ean.
Arkide Foroa
Arkide Foroa be antolatu dabe Arkidek eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteak. Think Tank egitasmo honetan hainbat aditu batuko dira euskal artzaintzeari buruzko hausnarketa estrategikoa egiteko. Bilerea zapatu goizean izango da, Burtsa eraikinean. 2013rako preparetan dagozan nekazaritza-politika bateratu (PAC) barriak eskaintzen dituan aukera eta erronken aurrean euskal artzaintzearen agenda estrategikoa zehaztea da bilerearen helburu nagusia.
Testuinguru barri horretan ardi latxaren artzaintzeari eutsi gura jako. Gaur egungo abeltzainen hazkuntza intensiboen sistemek betiko artzaintzearen biziraupena desagertzeko zorian jarri dabe, baita euskal baserri-ingurune paisajea eta baliabide natural eta kulturalari eustea be.
Ekitaldian 50etik gora aditu batuko da, besteak beste, Eduardo Ramos, Kordoba Unibersidadeko Nekazaritzako Ekonomiaren Katedraduna eta Landa-garapeneko Nazinoarteko Masterraren zuzendaria eta Odile Rodriguez de la Fuente, Rodríguez de la Fuente Fundazinoko presidenteordea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!