Euskomedia Fundazinoak KulturMapp aplikazinoa sortu dau eskuko telefonoetarako

Bizkaie! 2012-06-13 15:01

Euskomedia Fundazinoak smartphone telefonoetarako KulturMapp aplikazinoa sortu dau. Helburua da Euskal Herriko kaleak gure ondarearen erakusleiho bihurtzea. Klik bat eginez erabiltzaileak urietako zein herrietako kultura, ondare edota turismo edukien gaineko informazinoa eskuratzen dau modu arin eta erosoan.

Euskomedia Fundazinoak smartphone telefonoetarako KulturMapp aplikazinoa sortu dau. Tresnaren helburua da Euskal Herriko kaleak gure ondarearen erakusleiho bihurtzea. Klik bat eginez erabiltzaileak urietako zein herrietako kultura, ondare edota turismo edukien gaineko informazinoa eskuratzen dau modu arin eta erosoan.

Momentu honetan Euskal Herri osoko 175 interes gune baino gehiago batzen ditu, eta 400 irudi inguru eskaintzen ditu. Aplikazinoa dobakoa da eta, momentuz, Android sistema eragilea daben eskuko telefonoetan erabil daiteke.

KulturMapp gida birtualak euskal kulturea herritarren eskura jarten dau. Aplikazinoa erabilten dauenak gure herrietako monumentu esanguratsuak, eraikin garrantzitsuenak, jazoera historikoak edo pertsonaia ezagunenak hurretik ezagutzeko aukerea dauka. Horretarako informazino zehatza eta laburra batzen dau, klik batean balio handiko edukiak boltsikoan daroagun telefonoan izateko.

Bestalde, euskarriak eskaintzen dauen geokokatze zerbitzuak KulturMapp aplikazinoa osotzen daben uri eta herri bakotxean egon daitekezan kultur-guneak identifikau eta mapetan kokatzen ditu.

Iraganera bidaiatzeko aukerea be emoten dau, jasoten dituan ia 400 argazki eta irudi zaharrei esker. Modu horretan, erabiltzaileak hautatu dauen tokiaren itxurak urteetan izan dauen eboluzinoa ikusteko modua dauka, esaterako, Donostiako Igeldo Jolas Parkeak ehun urteotan izan dauen bilakaerea.

Euskal kulturearen gida barriak euskeraz eta gaztelaniaz eskaintzen dau informazinoa, eta epe laburrean ingelesez eta frantsesez egongo da. Gainera, metatzen dituan edukien audio-irakurketea egiten dau eta, horrenbestez, eskuko telefonoan eskaintzen dauen informazinoa irakurri egiten dau aplikazinoak. Zerbitzu horri esker, erabiltzaileak aurrean dauen eraikina ikusten dagoan bitartean barruan gordeten dauen historia zuzenean entzuteko aukerea izango dau.

Egunetik egunera aplikazinoak gero eta interes gune gehiago eskaintzen joango da. Momentu honetan 175 item baino gehiago batzen ditu, Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kultur-guneak, eta baita hainbat herritakoak be, besteak beste, Tolosa, Bastida, etab. KulturMapp Android sistema eragilea erabilten daben eskuko telefonoetan instalau daiteke. Aurrera begira IPhoneOS sistema eragilea erabilten dabenentzako be egokituko da.

Euskomedia Eusko Ikaskuntzaren Fundazinoa da, 2000an sortua. Honen helburu nagusia, Eusko Ikaskuntzak eta kanpoko lagunek sortu eta eduki zientifiko eta kulturalak baliabide telematikoen bitartez zabaltzea da, euskal kultura eta gizarteaz interesa daben lagunentzat baliogarriak izango diralakoan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu