Txina barriko gorria asmau eban emakumea

Zigor Aldama 2012-06-13 14:01   Bidaide

Yue Sai ez da edonor, ez. Txinako emakumerik polifazetikoena da, behin eta barriz bere burua berrasmetako gai dana, Ekialdea eta Mendebaldearen arteko zubia. Txinatar askok, helduek batez be, telebisinoko aurkezle zanean ezagutu eben.

Gorriak tonalidade asko ditu. Txinan, gehiago. Izan be, Txinan bandera politikoa da, indarraren ikurra eta zoriontasunaren seinale. Baina, horreetako bakarrak dauka berezko izena: Yue Sai gorria. Izena emon deutson emakumeak, ganera, harro daroa kolorea ezpanetan. Pentsau bez holango arrakastarik izango ebanik, dino, ordenagailutik begiak kendu barik. Txinako emakumerik ospetsuena izentau dau People aldizkari ezagunak, eta Time-k, Erdiko Inperioko erreginea dala dino. Xinhua albiste-agentzia ofizialak munduko 20 emakume poderetsuenen artean dagoala aldarrikatu eban. Ganera, Pekineko gobernuak posta-silua atara eban bere argazkiagaz.

Yue Sai ez da edonor, ez. Txinako emakumerik polifazetikoena da, behin eta barriz bere burua berrasmetako gai dana, Ekialdea eta Mendebaldearen arteko zubia. Txinatar askok, helduek batez be, telebisinoko aurkezle zanean ezagutu eben, orduan mundua erakutsi eutson Txinari, Deng Xiaoping-en sasoian. One World-en 104 saio zuzendu zituan, mundua goitik behera azaltzeko. 80ko hamarkadan telebisino-kanal bakarra egoan, egunean 5 ordu besterik ez zituan emitiduten, horregaitik saioen eragina itzela izan zan, gogoratzen dau.

Askatasun osoz jardun eban munduko puntatik puntara, eta zentsoreek emakumeak Danimarkan toplessa egiten agiri ziran plano batzuk besterik ez zituen ebagi. Sasoi hareetan, 300 miloe lagunek ezagutu eben Yue-Sai kazetaria. Gaur egun, telebisinoko saioei eusten deutse. Yue-Sai´s World-ek, berbarako, arrakasta handia izan dau. Jakina, orain dana da desbardina. Ikus-entzuleak zatikatuta dagoz eta munduaren ezagutza askozaz handiagoa daukie, azaltzen dau.

Gazteenek, ostera, beste kontu bategaitik daukie haren barri: Miss Uniberso Txina lehiaketea. Txinaren irudia atseginagoa izatea da nire helburua, izan be azterketa politikoak eta ekonomikoak pisu handiegia dauka. Lehiaketeagaz, ganera, emakumeak Txinan dauen rol barria ospatu gura dot, dino.

Dana dala, Yue-Sai ez da profil horren isla. Guilin urian jaio zan, kasualidadez, Maok Txinako Herri Errepublikea aldarrikatu baino apur bat lehenago. Orduan kolonia britainiarra zan Hong Kongen hazi zan Yue-Sai, eta 16 urtegaz AEBetara joan zan. Oraindino bertako nazionalidadea dauka. Orain, Shanghain bizi da. Txinatarren izaeran eragin handia izan daben Iraultza Kulturaleko momentu latzak ez nituan bizi, horregaitik ez dot nire burua txinatar ekintzailearen eredu lez onartzen.

Halanda be, txinatar gehienek kosmetikearen mundua herrialdean zabaltzearren ezagutzen dabe. Nire familiak ez eutson itxureari egundo garrantzirik emon. 19 urte bete arte ez neban edertasunaren arloagaz hartu-emonik izan, azaltzen dau. Urte haretan, missen lehiaketa baten parte hartu eban, Hawaiin. Ohorezko bigarren dama izentau eben. Orduan sentidu nintzan eder lehenengo bider.

Baina, horren guztiorren atzean egoan negozioak erakarri eban batez be. Txinan emakumeak apenas makiletan ziran, ez egoan eurentzako berenberegi egindako produkturik. Euren azala desbardina da, eta han nagusi dan edertasun kanona bere bai. Emakume txinatarrentzako edertasuna zurbiltasuna da. Gure produktuak Txinako emakumeakan probautako bakarrak dira. Ganera, bertoko osabedarrakaz egiten doguz. Sano ondo funzionetan dau. Enpresa gitxik bete ditue 20 urte arrakastaz gure herrian, nabarmentzen dau, harrotasunez.

Yue-Saik argi eukan harago joan beharra ebala. Produktuak merkaturatzea ondo dago, baina ez dau ezertarako balio bezero izan leitekezanek ez badakie zelan erabili. Behin arazoa ikusita, Yue-Saik atoan topau eban konponbidea: Barbie itxurako andrakoak diseinau zituan, YueSai Wawa izenekoak, eta zazpi liburu argitaratu zituan, tartean, hiru bestseller -Ekialdeko edertasunaren Yue Sairen gidea, Eder egoteko eta Txinatar emakumea osotasunean- emakume txinatarren edertasun-entziklopedia bihurtutakoak. Emakume txinatarrari dotore izaten eta bere bere buruagaz gustura egoten erakutsi behar jakon.

Eta 2004an diru piloa egin eban. Yue Sai Cosmetics enpreseak urtean 50 miloe dolar irabazi zituan urtean, markea L’oreal etxeari saltzea erabagi eban. Bizitzan beste pausu bat emon behar neban, erronka barriak topau, dino. Miss Uniberso lehiaketeak emoten deutso behar gehien orain. Ez da erraza martxan ipintea, Gobernuari ez jako interesetan, eta Txinan ez dago edertasun lehiaketak egiteko ohiturarik, Latinoamerikan lez, esaterako. Halan be, igaz Luo Zilin Miss Uniberso lehiaketako finalisten artean geratu zan. Mugarri historikoa izan zan. Shanghaiko emakumea Txinako belaunaldi gazteen kemenaren eta sakrifiketako eta ikasteko gaitasunaren eredu bihurtu da.

Emakumea alderdi guztietan hezi nahi dogu. Ez deutsagu guapa izaten erakusten, beste barik; protokolo eta etiketa ikastaroetara be joaten da. Eta, jakina, ingelesezko eskoletara, hori da eta txinatar emakumeen ahulunea eta. Orain arte, missen lehiaketak klase oso bajuko jentearen kontua izan dira. Antolatzaileek ospearen truke edozer egiteko prest egozan emakumeak erabili ditue. Astakeriak egin dira nerabeekaz. Sarritan gurasoak eurek bultzatzen ditue, okerrena hori da, dino penatuta.

Txina aukera handien herrialdea dala pentsau arren, herritarren gehiengoaren balioekaz ez dago bape konforme. Garapenak alde sano iluna dauka. Dana da guzurretakoa. Diruak agintzen dau, eta ez dago zintzotasunik. Jente lar aberastu da derrepentean etika bako jarduerei esker, eta hortxe dago hainbeste eskandaluren jatorria. Gaur prentsan ikusi dogu jatetxe askok estoldetan batutako orioa erabilten dabela, eta atzo silikonaz egindako arrautzen barri izan genduan albistegietan. Eta bihar beste edozer izango da. Nire ahiztea Hong Kongen bizi da eta ez dau Txinatik datorren ezer jaten. Ulertzen deutsat.

Horregaitik, Yue Sai ongintza-galak antolatzeari ekin deutso. Txinaren arrakastea osoa izan daiten, alkartasuna eta altruismoa bultzatu behar doguz. Nire behar morala dala uste dot. Izan be, Miss Uniberso Txina zuzentzeko erabagia hartu neban irabazleak hainbat alkartasun jardueratan parte hartuko dauelako. Txina herrialde anitza da, eta jentearen arteko alde ikaragarriak agirian geratzen dira lehiaketan. Barrualdeko lurraldeetako castingetan igarten dogu batez be. Txina abiadura desbardinetan mobiduten da, eta hori ez da ona. Indar guztiak batu behar doguz txinatar guztiek antzeko aukerak izateko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu