'Lingua Nabajorum', euskerearen historia zoro-zoroa
2012-06-12 15:53 KultureaEz Dok Hiru bikoteak, Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek, Lingua Nabajorum antzezlan barria aurkeztu dabe prentsaurrekoan. Euskerearen historia zoroa, ezelango asmo zientifiko edo pedagogiko bakoa sortu dabe, Jokin Oregiren zuzendaritzapean. Estreinaldia, bagilaren 13an, Bilboko Kafe Antzokian.
Ez Dok Hiru bikoteak, Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek, Lingua Nabajorum antzezlan barria aurkeztu dabe prentsaurrekoan. Euskerearen historia zoroa, ezelango asmo zientifiko edo pedagogiko bakoa sortu dabe, Jokin Oregiren zuzendaritzapean. Euskera Sencilloaren Manifestoa (2002), Larru Haizetara (2005) eta Euskarazetamol (2009) aurreko lanetan lez, oraingoan be euskerea bera da protagonistea. Jentaurreko estreinaldia bagilaren 13an izangon da, Bilboko Kafe Antzokian, 20:00etan.
Euskera Sencilloaren Manifestoa lanagaz hasitako trilogiaren hirugarren emoitzea da Lingua Nabajorum, egileek eurek aurkezpenean adierazo dabenez. Euskerearean jatorria eta bilakaerea azaltzen dau antzezlanak, Neolitikotik gaur egunera arte. Istorioa euskera batuaren sorrereagaz amaitzen da.
Aurreko lanetako estiloari eutsi deutse, nahiz eta eszenaratzean aldaketatxu batzuk egin dituen. Danetara, 15 sekuentzia edo eszena ditu antzezlanak, eta bakotxak personaia bi ditu, Edan eta Epa, Santimamiñeko ehiztaria eta artistea, erromatarrak eta baskoiak...
Mikrohistoria kontetan dau Lingua Nabajorum beharrak, historiako momentu zehatz batzuetako historia intimoa, zehaztu dau Telleriak. Jazoera bakotzaren amaieran, euskereak aurrepausu bat egiten dau; oinaztarren eta ganboatarren arteko burruken sasoian, esaterako, ergatiboa asmau zan, osterantzean, ezinezkoa zalako nork hil dauen nor, argitu dau Martinezek, umorez. Baina, mesedez, inork ez gaizala serio hartu, ganeratu dabe.
Bagilaren 13an estreinau ostean, udagoienera arte emonaldi gitxi izango ditue. Bagila ez da antzerkirako hilea. Baina, orain estreinau eta programatzaileak ikusteko aukerea eukiko dabe, udagoienean programetako, azaldu dau Telleriak.
Sano gustura dagoz Ez dok Hiruren aurreko lanena harreregaz. Gero eta emonaldi gehiago eta ikusle gehiago batzen ditue, eta antzezlan honegaz be holan segidutea espero dogu
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!