Pierre Yves Cousteau protagonista nagusi III. Getxo Seaweeken

Bizkaie! 2012-06-12 14:07

III. Getxo Seaweek Itsas hondoak lemapean egingo da bagilaren 25etik garagarrilaren 1ra bitartean eta Pierre Yves Cousteau, Cousteau Komandantearen semea izango da protagonista nagusia.

Kirol campusak, berbaldiak, musikea zuzenean eta sukaldaritza-dastamenak dira, besteak beste, III. Getxo Seaweek Astearen barruan aurreikusitako ekitaldi batzuk. Ekimen hori Getxoko Udalak antolatuta dago Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz eta hainbat alkarte, erakunde publiko, pribatu eta bertoko enpresen laguntzinoagaz.

Imanol Landa Getxoko Alkateak eta Itziar Epalza Turismo zinegotziak aurkeztu dabe Getxo Seaweeken egitaraua. Itsas hondoak izango da ekimenaren lema eta bagilaren 25etik garagarrilaren 1ra arte egingo da.

Imanol Landa alkateak aurreratu dauenez, 20.000 persona batzea espero dauen ekimen horren helburua, Getxoko kostaldearen eta itsas baliabideen garrantzia agirian ixtea da, alde batetik, gure udalerria kostaldeko turismoaren erreferente bihurtzeko eta, bestetik, herritarrak itsas kulturea zaintzeko garrantziaz sentiberatzeko.

Jarduerak (batzuetan izena aldez aurretik emotea ezinbestekoa izango da), Ereaga hondartzan eta bere inguruetan eta Algortako Portu Zaharreko zabalgunean egingo dira eta persona guztientzat izango dira: udalerrian eta inguruetan bizi diran familientzat; Euskadiko eta inguruetako probintzietako bisitarientzat eta Bilbon eta inguruetan ostatua hartu daben turistentzat.

Itziar Epalzak azpimarratu dauenez, egitarauak jarduera turistikoak, kulturalak eta didaktikoak eta kirolak aurreikusten ditu. Gehienak doban eta jai girokoak izango dira, eta parte hartu nahi daben guztientzat egongo dira zabalik. Getxo Seaweek-eko egitarauan astegun guztietan aurreikusten dira jarduerak; halan da be, gehienak astegoienean izango dira.

Seaweeken Ereaga hondartzea, Getxo Camp-agaz, futbola, bolei, beisbol, Stand Up paddle eta abar praktikaetako gune bihurtuko da; Igeretxe Hotelean Urpeko Astearen berbaldiak egongo dira, itsas ekosistemea ezagutu ahal izateko; Los Tamarises jatetxean Sukaldaritza Jardunaldiak izango dira eta Fadurako ugerlekuetan urpekaritza ikastaroak eskainiko dira.

Portu Zaharreko zabalgunean, barriz, astegoieneko ekitaldiak egingo dira, famila osoak disfrutau ahal izateko helburuagaz. Txikientzat Marinel Jolasaren Jaialdia, arrantza tailerra edo itsas ipuin-kontalariak egongo dira. Scuba Pro Days, paseoak piraguan, herri snorkel, itsasontzi klasikoen erakustaldia edo nasapuntakoa lako ekitaldiek itsasoagaz lotuko gaitue.

Eskaintza gastronomikoa be garrantzitsua izango da: herriko sardina jana, magurioak, Bizkaiko txakolina, eta euskal kostaldeko kontserbagileen hegaluze eta antxoa dastatzeak egongo dira.

Algortako Portu Zaharreko karpapean La Caixako Gizartekintza Fundazinoak diruz lagunduta, kontzertu bi egongo dira: hilaren 29an, barikua, Alma Afrobeat Ensamble taldearena eta hilaren 30an, zapatua, Gafieira Miúda-rena.

Berbaldiak eta proiekzinoak be protagonista izango dira eta konbidatu berezi bat izango da, Pierre Yves Cousteau, Cousteau Komandantearen semea, Getxo Seaweekeko hainbat ekitaldietan parte hartuko dauena. Era berean, Getxo Seaweeken azken jardunaldian, Andres Isasi Udal Musika Eskolako jazz konbo bat garagarrilaren 1ean, domekan, ibiliko da bazterrak alaitzen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu