Goyaren 224 grabadu, Bilboko Arte Eder museoko 'Asmatutako estanpak' erakusketan
2012-06-11 15:50 KultureaGoya. Asmatutako estanpak. Kapritxoak, Hondamendiak, Tauromakia eta Burugabekeriak erakusketea aurkeztu dau Bilboko Arte Eder Museoak. Danetara, 224 estanpa batu dira, guztiak museoaren fondoetakoak.
Goya. Asmatutako estanpak. Kapritxoak, Hondamendiak, Tauromakia eta Burugabekeriak erakusketea aurkeztu dau Bilboko Arte Eder Museoak. Danetara, 224 estanpa batu dira, guztiak museoaren fondoetakoak. Museoko zuzendari Javier Viarrek eta Javier Novo komisaroak erakusketearen zehaztasunak azaldu ditue prentsaurrekoan. Erakusketea bagilaren 12tik irailaren 23ra arte egongo da ikusgai.
Francisco de Goya (1746-1828) artista espainiarraren erreferentziazko lau grabadu-serie dagoz ikusgai museoan: Kapritxoak (80), Gerrearen hondamendiak (82), Tauromakia (40) eta Burugabekeriak (22). Goyak hainbat elementu buztartu zituan lanotan, akuafortea, urtintea eta xixela, besteak beste.
Museoaren bildumeagaz osotu da erakusketea; holan, lanak zabaldu eta erakusteaz aparte, artelanak aztertu eta ikertzeko aukera ederra daukagu, adierazo dau Javier Viarrek. Museoak aspalditik eukan Goyaren grabaduen ganeko erakusketea egiteko asmoa. 2008an erosi genduzan azkenengo lan biak, 'Burugabekeriak' sailekoak, eta oraintsu, dohaintzan, 'Hondamendiak' serieko beste bi jaso doguz. Horreekaz erakusketa osotzea erabagi genduan, argitu dau zuzendariak.
Sormenezko grabaduak dira nagusi Goyaren lanean. Aitatutako lau seriek egilearen pentsamenduaren alderik libreena batzen dabe, izan berte garaiko errealidadearen aurrean jarrera kritikoa adierazoten dau. 'Kapritxoak' sailean, sasoiko hutsak eta bizioak salatzen ditu, berbarako -azaldu dau Javier Novo komisarioak - 'Tauromakia' seriea, barriz, ia-ia dirua lortzeko egin eban.
Goyaren grabaduek eragin handia izan eben ondorengo egileengan. Horren erakusgarri, beste artista batzuen hogeita hamar bat lan dagoz ikusgai erakusketan.
Erakusketearen osogarri, grabaduaren teknikea azaltzen dauen ikus-entzunezkoa prestau dau museoak; bertan, modu praktikoan azaltzen da grabaduak zelan egiten diran, Goyak erabilitako teknikak oinarri. Horrezaz gan, Gabriel Ramos Uranga margolari eta grabatzailearen prensea ipini dabe ikusgai, haren familiak 2005an dohaintzan emondakoa.
Ganera, pantaila multitaktil bat prestau dabe, idatzizko oharrak irakurteko eta bereizmen handiko hainbat irudi ikusteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!