Bernardo Atxagaren 'Soinujolearen semea' antzezlana produziduko dau Arriaga Antzokiak datorren denporaldian
2012-06-11 15:41 KultureaArriaga Antzokiak ikuskizunen produkzinoari eutsiko deutso datorren denporaldian, 2012-2013ko programazinoaren aurkezpenean Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak eta Emilio Sagi Arriagako zuzendari artistikoak nabarmendu dabenez. Danetara, lau sorkuntza propio izango dira.
Arriaga Antzokiak ikuskizunen produkzinoari eutsiko deutso datorren denporaldian, 2012-2013ko programazinoaren aurkezpenean Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak eta Emilio Sagi Arriagako zuzendari artistikoak nabarmendu dabenez. Lau sorkuntza propio izango dira, opera bat, antzezlan bi eta jantza pieza bat. Denporaldia 2012ko abuztuan hasi eta 2012ko bagilean amaituko da.
Egoera ekonomikoa gatxa izan arren, ikuskizun kopuru bera eskainiko dau Arriaga antzokiak hurrengo denporaldian. Baliabideak optimizau egin dituela azpimarratu dabe. Arriagak esfortzu handia egin dau sorkuntzea eta koprodukzinoen alde egindako apostua indartzeko, nabarmendu dau Ibone Bengoetxeak.
Kanpotik lan interesgarriak ekarteaz aparte, etxean egindakoak kanpora eroateko ahalegin berezia egingo dau Arriagak. Antzoki baten izaerea bertan egiten diran produkzinoek erakusten dabe. Ganera, Arriagaren zigilua zabaltzeko aukerea emoten dabe, hemengo lanak esportetako, azaldu dau dau Emilio Sagik.
Bilboko Aste Nagusiak abiatuko dau 2012-2013ko programazinoa. Tricicle taldearen Bits umorezko ikuskizuna eta Paloma San Basilio kantariaren My fair lady musikala izango dira ikusgai, hain zuzen be, Bilboko jaietan.
Antzerkian, lan bi produziduko ditu Arriagak: Soinujolearen semea eta Naturaleza muerta en una cuneta. Bernardo Atxagaren nobelea dau oinarri Soinujolearen semea antzezlanak. Patxo Telleriak egokitu dau antzerkirako, eta aktore ezagunek hartuko dabe parte, besteak beste, Aitor Beltranek, Joseba Apaolazak, Mikel Losadak eta Mireia Gabilondok. Fernando Bernues izango da obrearen zuzendaria. Arriaga Antzokiak, Donostiako Victoria Eugeniak eta Gasteizko Principalek, Ttanttaka konpainiagaz batera produzidu dabe. Lankidetza hau sano garrantzitsua da, lehenengo aldiz batuko dira-eta hiru antzokiak eta konpainia pribadu bat, adierazo dau Sagik. Urriaren 18tik 21era bitartean taularatuko dabe, euskeraz eta gaztelaniaz.
Naturaleza muerta en una cuneta zezeilean ailegauko da Arriaga Antzokira. Faustino Paravidianoren nobelea dau oinarri antzezlanak. Adolfo Fernandezek zuzenduko dau lana.
Arriagak opera bakarra produziduko dau datorren denporaldian, Il mondo della luna, Montecarloko Opereagaz batera. Emilio Sagi bera da eszena-zuzendaria, eta Daniel Bianco, eszenografoa. Aurten bakarra egingo dogunez, interprete zerrenda oso ona ekarriko dogu, eta zuzendaria be oso garrantzitsua da, ganeratu dau Sagik. Maiatzaren 16an eta 18an eszenarauko dabe.
Jantza arloan be, produkzino bakarra egingo dau Arriagak, Kukai eta Ttanttaka konpainiekaz batera, Komunikazioa-Inkomunikazioa. Martiaren 1ean eta 2an izango da.
Programazino barriko sarrerak garagarrilaren 4an ipiniko ditue salgai.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!