Nafarroako Gobernuak ezezkoa emon deutso Eguzki irratiaren helegiteari

Eguzki 2012-05-31 11:04

Uste dogu erresoluzino honek kalte egiten deutsola, batez be, interes publikoari, ze ez dau bermatzen Nafarroako gizartearen aniztasun ideologikoa eta, batez be, ez dauelako bermatzen informazinoa askatasunez emoteko eta jasoteko eskubidea, hau da, gizon-emakumeen adierazpen askatasuna.

Aurtengo martian, Nafarroako gobernuak 44 irrati lizentzia emoteko lehiaketearen deialdia egin eban. Eguzki irratiak helegitea jartea erabagi eban, 24/2012 foru ordenaren kontra, ulertzen gendualako Ikus-entzunezko Komunikazino Lege Orokorraren urraketea egoala. Besteak beste, ez zalako eskaintzen lizentzia aukerarik irabazteko asmorik bako Komunikazino Zerbitzu Komunitarioentzako, nahiz eta lege orokorrak horreek onartu. Gainera, Komunikazino Zerbitzu Komunitario legez lizentzia bat eskatzen zan.

Orain gitxi, Nafarroako Gobernuak ezezkoa emon deutso helegite horri, lehiaketearen geroratzea ukatuz, ulertzen dabelako foru legearen aplikazinoak ez deutsola kalterik eragiten erakunde helegileari eta, halan da be, euren erabagian esaten daben moduan, interesa publikoa eta lehiaketan aurkeztu diran guztiona konprometitua geratuko zan.

Era berean, idatzian behin eta barriro errepetiduten daben moduan, erabagi bat hartzeko ez dabe beharrezkoa ikusten gaiaren muinari aitamen egitea, hau da, ez dituela eskaini Komunikazino Zerbitzu Komunitarioak lizentziak edota horreek erregularizetako aukerarik.

Eguzki irratitik zera uste dogu: komunikabide komunitario edo irrati libreak erregularizetako aukerarik ez izateak kalte egiten deutsola gurea lako proiektuei, eta babesik barik ixten deusku, komunikazino korporazino handien aurrean. Esangura horretan, gogoratu behar da aurreko lehiaketan eztabaiden ostean banatu ziran lizentzien ondorioz, lizentzia barri horreetako batek okupau ebala momentu haretan Eguzki irratiari dialean zegokiona. Eta horrexegaitik mobidu behar izan ginan dialean. Gure ustez frekuentzia lapurreta bat besterik ez zan izan, lizentzia ez izatearen ondorio bat.

Gainera, uste dogu erresoluzino honek kalte egiten deutsola, batez be, interes publikoari, ze ez dau bermatzen Nafarroako gizartearen aniztasun ideologikoa eta, batez be, ez dauelako bermatzen informazinoa askatasunez emoteko eta jasoteko eskubidea, hau da, gizon-emakumeen adierazpen askatasuna.

Gure ustez, komunikabide komunitarioentzako lizentziak emoten ez diran bitartean, bazterketea emoten jarraituko da, komunikazino eredu hau onartzen ez dalako. Eta alternatibea ez da izango holako lehiaketa bat, izan be, Eguzki lako irratiek ezin izango dabe lehiatu irrati komertzial handiakaz. Eta hau holan da, bai lehiaketara aurkezteko baldintzek, baita hautatzeko erispideek bideragarritasun ekonomikoa jarten dabelako gauza guztien gainean.

Azkenik, uste dogu erresoluzino honek, Nafarroako gobernuaren idatziak onartzen dauen lez, ez dauela gaiaren muina jorratzen: Nafarroako gizarteak eskubidea dauela komunikabide komunitario erregularizatuak izateko, adierazpen askatasuna eta aniztasuna bermatzeko. Borontate politikoagaz egin leitekeena.

Azken buruan, esan behar dogu, erabagi honen aurrean TSJNren aurrean helegitea jarteko aukerea dogun arren, ez egitea erabagi dogula, gure jarrerea ez baita arazoak epaiketaratzea, alkarrizketaren bidez konpontzea baino. Hori da Eguzki irratiak defendiduten dauen bidea, eta bide horretan jarraitzeko asmoa daukagu.

Gure egoerea erregularizetako lanean jarraituko dogu eta horretarako nafar gizartearen laguntzinoa beharko dogu, gure entzuleak izan ala ez, askatasunak bermatzeko beharrezkoa baita gurea lako proiektuen presentzia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu