Shanghain etxea topau gura badozue...

Zigor Aldama 2012-05-29 12:42   Bidaide

Bost urtean, nire etxea nabarmen txikitu da, lehengo erdia da orain, hain zuzen be. Ez nabil guzurretan: 100 metro koadro neukazan lehen, orain, barriz, 52. Arrazoia? Txinatar batzuei ez jakezala kanpoko kazetariak gustetan.

Bost urtean, nire etxea nabarmen txikitu da, lehengo erdia da orain, hain zuzen be. Ez nabil guzurretan: 100 metro koadro neukazan lehen, orain, barriz, 52. Arrazoia? Txinatar batzuei ez jakezala kanpoko kazetariak gustetan. Oraintxe azalduko deutsuet: 2007tik, militarrentzako etxebizitza bloke baten bizi izan naz, jakina, neu nintzan kanpotar bakarra. Kasualidadez ailegau nintzan hara, izan be nire bikoteak alokatu eban etxea, ni Txinatik kanpo nengoala. Egundo ez da arazo izan ni bertan bizitea.

Orain aste bi, etxeko ugazabak -bera be militarra- pisua behar ebala esan eustan, bera bizi zana konpontzen eban bitartean han biziteko asmoa eukala eta. Lanak amaitu arte, bi-hiru hilean, neu bizi nazen etxera etorriko zan, alokairu-kontratua amaitzen zala aprobetxatuz bidez batez. Behin bere etxeko konponketak amaituta, atzera be alokatuko eustan pisua, lehengo prezio berean. Istorio politegia akaso, baina sinistu egin geuntsan. Beti izan da zintzoa gugaz eta ez dogu inoiz arazorik izan. Beraz, nomaden antzera ibiltea erabagi genduan, hiruhileko gogorra izango zan, maletakaz hara eta hona, baina nire ehun metro koadroak berreskuratzeko amesa neukan, izan be, nire bizileku eta bulegoa ziran ehun metroak.

Baina eraikineko admnistrazinoko langileek jaubeari esan eutsen kanpotarrei etxea alokatzea ez jakela bape gustetan, eta askozaz gitxiago kazetari bati. Badakigu ez dozuela ezelango arazorik emoten, eta etxea bera hobeto jagoten dozuela, baina auzoko batzuk kexau egin dira, ez jake egokia begitantzen atzerritarrei Estaduaren ondasunak alokatzea, erantzun euskuen azalpen eske joan ginanean. Beraz, ez geunkan beste aukerarik. Shanghaiko etxegintza-sektorea aurrez aurre geunkan, Espainiako burbuila inmobiliarioa ez da jaboi-burbuilatxu bat be hemengoaren aldean. Etxeen salmentea behera eta behera dabilen arren, alokairuen prezioa Bilbo moduko urien antzekoa da. Kontua da Shanghain, batez beste, soldatea 400 eurokoa dala.

Hotel txiki batera joan behar izan genduan; arrastiro hamar bat txartel sartzen euskuezan ate azpitik, danak prostitutak eskaintzen. Internet izan zan gure bilaketearen abiapuntua. Han ikasi genduan sarea sano ondo dagola gauza askotarako, baina ezin dala izan beste askotan bizitza tradizionalaren ordezkoa. Gauza horreetako bat pisua topetea da. Milaka etxe iragarten ditue inmobiliarietako webguneetan, baina gehienak jentea atrapetako amua besterik ez dira. Jauregiak emoten dabe batzuk, prezio onekoak, baina deitzen dozunean erantzuna beti da bera: Ai, sentitzen dot, oraintxe alokatu dogu. Dana dala, prezio berean beste batzuk be badaukaguz... Beste horreek beti dira txarrikorta enpagugarriak. Izan leike, hain antojugarriak ez izatea, baina dan-danak daukie zeozer: zazpigarren pisua igogailu barik, erdigunetik ordu bira eta abar.

Halanda be, sagar ustel guztien artean, badago errege-sagar gozo eta itxura onekorik. Orduan azkar jokatu behar da, sano azkar. Auzo lasai baten etxe bat ikusi genduan. Eraikinaren kanpoko aldea ez zan erakargarria, zaharra eta leihoetan barroteduna. Ez eukan itxura onik kanpotik. Baina, barruko aldea perfektua zan: argitsua, zabala, altzari politekaz. Eta hau danau 4.300 yuanen truke, 540 euro inguru.

Errentadoreak maletea egiten egozan oraindino. Ezin denporarik galdu, beste batzuk be etxe hori alokatzeko asmoz ebilzan eta. Zoritxarrez, gu inmobiliariaren bulegora mila yuaneko bermea ixtera joan orduko, gure ostean etxea ikustera joan ziran txinatarrak ailegau ziran. Hilean 300 yuan gehiago ordaintzearen truke, etxearen ugazabak guri emondako berbea jan, eta besteekaz sinatu eban kontratua.

Beste hamar bat zulo ikusi ostean, azkenean gure bizitokia dan pisua agertu zan. Modernoa, baina liliputiarrentzako modukoa. 52 metro koadro pisu bitan. Logelan, buruagaz goia joten dogu, baina kokapena sano ona da: hiru metro linea bost minutura, aireportuko autobusa minutu bira, eta Carrefour bat, seira. Baina, bulegoz betetako eraikina da, biziteko atondutako apartamentu gitxi batzukaz, eta argiaren fakturea karua da, negozioen preziokoa. Suetean ez dago gasik, dana da elektrizidade bidez. Sikeran, gaueko hamarretatik aurrera argindarra erdi prezioan daukagu. Beraz gauez bizi beharko dogu...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu