Euskal hiztun komunidadearen komunikazino beharrak aztergai, Tokikom jardunaldian

Bizkaie! 2012-05-22 11:51

Zer egitura komunikatibo behar dau euskal hiztun komunidadeak? Galdera horri erantzuten saiatzeko jardunaldia antolatu dabe Tokikomek eta Topaguneak bagilaren 15erako, Arrasaten. Gogoeta teoriko-praktikoa egin nahi dabe, Euskal Herriko zein kanpoko adituen eskutik. 100 lagun batuko dira euskal hedabideen etorkizunaz eztabaidatzeko.

Zer egitura komunikatibo behar dau euskal hiztun komunidadeak? Galdera horri erantzuten saiatzeko jardunaldia antolatu dabe Tokikomek eta Topaguneak bagilaren 15erako, Arrasaten. Gogoeta teoriko-praktikoa egin nahi dabe, Euskal Herriko zein kanpoko adituen eskutik. 100 lagun batuko dira euskal hedabideen etorkizunaz eztabaidatzeko.

Azken hamarkadan, aldaketa erraldoiak gertatzen dagoz hedabideen alorrean. Interneten zabalkundeak goitik behera aldatu ditu informazinoa konsumitzeko ohiturak, eta horrek eskaintza egokitzeko beharra ekarri dau. Hedabide analogikoetatik digitaletarako transizino sasoi honetan, medioek errentabilizetako zailtasun handiak ditue, horren azkar aldatzen dagoan testuingurura egokitzeko formulea topau ezinik. Hori gitxi balitz, krisi ekonomikoak be publizidade inbersinoaren beherakada nabarmena ekarri dau, orain arteko diru iturririk nagusiena kolokan jarriz.

Euskal hedabideek be zuzen-zuzenean sufridu ditue krisiaren zein globalizazinoaren ondorioak, euren problematika bereziari gehitu jakozanak: atomizazinoa, merkatu mugatua, erderazko egitura handiakaz lehiatu beharra... Egoera horretan, euskal hedabideak alkarlaneko dinamika batean sartu dira oraintsu, etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliabide eta estrategiak alkarregaz garatzeko. Zailtasunak zailtasun, momentu eder eta itxaropentsuak bizi dira gaur egun sektorean.

Tokiko hedabideak be sendo dabilz aldaketa garaiari aurre egiten: hasteko eta behin, Tokikom eben 2009an, marka bateratu lez. 2012an, barriz, marka hori edukiz hornidu eta azpisektorearen ordezkari bilakatzen dagoan Tokikom enpresea sortzea erabagi dabe, tokiko hedabideen esparru komunak, solaskidetza bateratua eta integrazino bideak kudeatzeko.

Tokikomen jarduerearen estrategia nagusiak finkatzeko momentua heldu da, eta horixe da hain zuzen jardunaldi honeetan alkarlanean landuko dana. Helburu nagusia, galdera orokor bezain garrantzitsuari erantzutea: zer egitura komunikatibo behar dogu euskaldunok? Zelan erantzun ahal deutsagu horri tokiko hedabideetatik? Jardunaldia Topaguneak eta Tokikomek antolatu dabe, Eusko Jaurlaritzearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mondragon Unibersidadearen laguntzaz. Galdera horri erantzuteko, gogoeta teoriko-praktikoa egingo dogu bagilaren 15ean, barikua, Arrasateko Garaia Barrikuntza Gunean. Adituek azaltzen deuskuezan zertzelada teorikoak, han eta hemengo hedabideen esperientzia praktikoak eta bertan bultzatutako ideiak buztartuz, euskerazko tokiko hedabideen etorkizuneko estrategiarako gakoak adosten saiatuko gara. Euskal komunidadeak soziolinguistika ikuspegitik zelako hedabideak behar dituan hausnartzeaz gan, behar horreetara egokitzeko medioek egokitu beharreko arloetan sakonduko da maila handiko adituen eskutik. Besteak beste, lagun honeek konbidau ditue:

· Nekane Goikoetxea (Huhezi, Sorguneak ikertegia), Sorguneak ikertegia eta Topagunearen arteko alkarlanaren haritik, hedabideen funtzino eta helburu soziolinguistikoak izango ditu berbagai Nekanek.

· Aitor Zuberogoitiak eta Eneko Bidegainek (Huhezi) hedabideen munduan atzemoten diran joera nagusiak hartuko ditue berbagai eta, batez be, joera horreek zer abantaila eta desabantaila ekar leikien tokiko hedabideon esparrura.

· Luistxo Fernandezek eta Gari Araolazak (CodeSyntax) ikuspegi teknologikoa txertatuko dabe jardunaldian, IKTek tokiko hedabideei aurkezten deutsezan aukerak eta erronkak aztertuz.

· Belgikatik, Bart Bijnens-ek Belgikako Het Belang Van Limburg tokiko egunkari arrakastatsuaren online eta offline esperientziaren barri emongo deusku.

Horrezaz aparte, Eñaut Agirrek Hernaniko Kronika-ren eredua azalduko dau. Hernanikoa egunero-egunero argitaratzen dan euskerazko barripaper bakarra da, izan astelehen zein domeka, eta 15.000 irakurletik gora ditu. Bidasoaldetik barriz, Agus Hernanek Pausumedia eta Antxeta Irratiaren ikuspuntua ekarriko dau. Irratigintzan be gorabehera handiak dagoz, martxan dagoan lizentzien banaketea tarteko, eta horren eraginaz jardungo dau Hernanek.

Adituen ekarpenak entzunda, parte-hartzaileek be izango dabe euren ideiak, gogoetak eta kezkak azaltzeko aukerea. Jardunaldiaren helburu nagusia euskaldunon komunidadeak behar dauen esparru komunikatibo barria diseinetako gakoak topetea da, eta horretarako, funtsezkoa da dagoeneko esparru horretan lanean dabilzanen ekarpenak batzea.

Kontuak kontu, jardunaldia bagilaren 15ean izango da Arrasateko Garaia Barrikuntza Gunean.

Jardunaldiok presentzia zabala izango dabe sarean. Sare sozialetan #tokikom traola erabiliz jarraitu ahal izango dira, eta streaming bidez ikusteko aukerea be izango da, Goienari esker, Topagunearen webgunean zein jardunaldienean: http://tokikom.jardunaldiak.org

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu