Euskerearen Jatorriaren 7. Biltzarrak etnografia izan dau ardatz
2012-05-14 12:11 Euskerea berbagaiEuskerearen Jatorriaren 7. Biltzarrean hainbat gai jorratu zituen: euskal erritoak eta euskerea, Barandiararen aitz erroa, Julio Caro Barojaren Barscunesei buruzko proposamena, lur eta papeletan jasotako euskerearen oinatz galduak, sardana izentapen iberiarra, euskerearen jatorriari buruzko aurreretxiak eta Iruña-Veleiako grafitoek iradokitzen daben euskerearen egonkortasuna.
Diman joandako zapatuan egin zan etnografian oinarritutako Euskerearen Jatorriaren 7. Biltzarra. Bertan, hainbat gai jorratu zituen: euskal erritoak eta euskerea, Barandiararen aitz erroa, Julio Caro Barojaren Barscunesei buruzko proposamena, lur eta papeletan jasotako euskerearen oinatz galduak, sardana izentapen iberiarra, euskerearen jatorriari buruzko aurreretxiak eta Iruña-Veleiako grafitoek iradokitzen daben euskerearen egonkortasuna.
Feliz Zubiaga hizkuntzalariak esan eban moduan, erritoetan eta jaietan egiten dan errepetizino ariketeari esker euskereak gorde ahal izan dau gaurdaino bere hitza argi eta esanguratsu. Bere ustean hizkuntzea gizakia bere historia kontetan hasi zanetik hasi zan. Euskerazko hainbat izentapenek beste herrialdetako hizkuntzakaz dituen paralelismoak aitatu ditu (Ma.at, Maite, Maide, Mari, Maya...).
Zubiagaren eretxiz, kosmogonia zaharreko lau elementuak, hau da, ura, sua, airea eta lurra, zein baino zein behinenak eta ezinbestekoak, giza bizitzarako eta asabek lau jainko legez ohoratu zituen eta hareen omenez urteroko jaiak ospatu zituen, Onunzaro, Subilaro, Oronzaro eta Olentzaro deituak.
Felixentzat ospakizun horreetan ikusten da, gure arbasoek izadiaz eta jainkoez eben susmoa eta eretxia eta hortik batu eben euren nortasuna eta herri jakintzea, jainko seme-alaben burueritsia jasoteraino hatan be, ez baikagoz geure barruan, beste harenaren barruan baino J. M. Barandiaran etnografo handiak herri galdeketan jaso ebanez.
Ondoren Joxemiel Barandiaran izan eben gogoan, pasa dan zemendian haren heriotzearen 20. urteurrenean. Horretarako aitz erroari buruz esandakoaren azterketa sakona egin eben, proposamen etimologiko hau 10 ikuspuntuetatik aztertuz. Holan, aitz erroa daben berben familiaren trinkotasuna aitatu da, besteak beste, azkora, aiztoa, aitzurra, azkona, aizturra, zulakaitza, azpila... Gainera, berba horreek ezin dirala latinetik etorri ikusi da, dispersino handia ikusten dalako: ligo, ferro, auge, bin, lacus, culter, bidentis, asciola…
Bestetik, Mendebaldeko Europako hizkuntzetan azkorea izentetako erro bera ikusi dala aitatu eben: portugeseraz mACHado, gazteleraz hACHa eta mACHete, ingelesez: AX edo AXe, italieraz AScia, ASciola, alemaneraz: AXt, sajoniera zaharrez ACHus eta AKus eta frantsesera zaharrez AXa.
Azkorea paleolitoaren oinarrizko tresna izanik eta mendebaldeko Europako populazinoa KEAL aterpetik (Kantabria, Euskal Herria eta Akitania Lurraldea) zabaldu zanez, Barandiaranen proposamena zuzena izan daiteke. Izan be, atx (ax, az, axt, acha…) lehenengo azkorea izango litzateke, aitz zati batez egindakoa. Eta azkorea (asciola?) ondorengoa, aitza lotu egin zanean (kora, oratu). Gainera, tresna horreek harriz zein atxez egiten ziranez Joxemielen proposamena ez da hain arin baztertu behar izan.
Julio Caro Baroja ikerlaria be gogoan izan eben, numismatika iberiarrean ezagutza handia eukana. Haren eretxiz Nafarroan topau dan txanpon baten testua Barscunes azaltzeko kontuan hartu behar dan lehenengo hipotesia garai horretan bertan bizi ziranen izena izatea: baskoiak, zelta hizkuntzea baino lehen behintzat.
Hurrengo hizlaria Jabier Goitia izan zan eta bere sistema metodologia azaldu eban. Azterketa toponimikoak egiteko, besteak beste, Espainiako Institutu Geografikoak dauen datu base erraldoi batean (1.500.000 toponimo) egiten ditu bilaketak eta, programa baten laguntzaz, antzekotasunak dituen terminoen multzoak modu automatikoan egiten ditu. Bere ustez, Iberiar peninsulako toponimoak ondo aztertu ezkero, euskerearen historia zati handi bat idatz daiteke, galdutako berba asko horreetan gorderik dagozalako. Mendi eta ibaien izenei emoten deutse garrantzia gehien, horreek gitxien aldatu diralako. Goizeko saioa amaitzeko Antonio Arnaizek sardana jantza iberiarri buruzko proposamen etimologikoa azaldu eban.
Arratsaldean, Baltzolako kobak bisitau zituen eta bertan etnografia arloko hainbat kontu ikasteko aukerea egon zan. Ondoren, euskerearen aurreretxiei buruzko eztabaida zabala izan zan Euskararen Jatorria: enigma europar bat dokumentala oinarri hartuta eta, amaitzeko, Iruña Veleia izan eben berbagai, Luis Silgo epigrafista valentziarraren eskutik. Aldundiko Batzordeko txosten arkeologikoan izan diran hutsuneak azalduz, Hispanian kristinautasunak II. mendean bertako hizkuntzetan izan eban hedadureari buruzko testu garrantzitsu bat aurkeztu eban. Amaitzeko izen akitaniarrei jagokezan euskera garaikidearen baliokideak azalduz, Silgok grafitoetako zenbait izen erraz itzultzen ditu Batzordeko hizkuntzalarien mesfidantzak eta ezintasunak gaindituz.
Euskerearen Jatorriaren 7. Biltzarra Sarkisian, Kapanaga eta Txillardegiren omenaldiagaz amaitu zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!