David Hockney britainiarrak paisaje koloretsuz bete dau Bilboko Guggenheim museoa

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-05-14 15:30   Kulturea

Paisajez bete dau David Hockney-k Guggenheimeko bigarren solairua; kolorez ganezka, pintzelez zein iPadagaz egindako 150 irudi baino gehiago batu ditu. Erakusketea irailaren 30era arte egongo da ikusgai, ostean, Koloniako Ludwig Museoara eroango dabe.

Paisajez bete dau David Hockney-k Guggenheimeko bigarren solairua; kolorez ganezka, pintzelez zein iPadagaz egindako 150 irudi baino gehiago batu ditu. Jardunean dagoan britainiar pintore garrantzitsuena dala dinoe adituek. Erakusketea irailaren 30era arte egongo da ikusgai, ostean, Koloniako Ludwig Museoara eroango dabe.

Erakusketearen aurkezpenean, Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao museoko zuzendaria, Edith Devaney Londreseko Royal Academy of Art-eko arte garaidekideko proiektuen arte arduraduna eta erakusketako komisarioa, Iberdrola Fundazinoko zuzendari Rafael Lanvín eta David Hockney artistea bera izan dira.

David Hockney: ikuspegi zabalago bat erakusketea Londreseko Royal Academy of Art-ek antolatu dau, Guggenheim Bilbao Museoaren eta Koloniako Ludwig Museoaren lankidetzeagaz. Izan be, Bilbon egon aurretik Londresen egon da, eta hemendik Koloniara joango da.

Estadu espainiarrean Hockney-ren ganeko lehenengo erakusketa handia dala nabarmendu dau prentsaurrekoan Juan Ignacio Vidartek; artista britainiarraren lanak museoan izatea pribilegio bat dala ganeratu dau.

Edith Devaney eta Marco Livingstone izan dira erakusketearen komisarioak. Devaney-k erakusketearen gorabeheren barri emon dau. Orain bost bat urte hasi ziran erakusketea mamitzen; artisteak proiektuagaz bat egiten ebala ikusita, beharrean hasi ziran. Ikusgai dagozan ia lan guztiak barriak dira; lan handia eskatu deutso artisteari, azkenengo bost urteotan honetan egin dau lan, azaldu dau Devaney-k. Hockney-ren energia, trebetasuna eta sortzeko ahalmena azpimarratu ditu komisarioak.

David Hockney-k aste bi inguru daroaz Bilbon, edegi barri dan erakustea atontzen eta montetan. Erakusketearen itxurea asko gustau jakola adierazo dau. Atzo amaitu genduan. Itxurea asko gustau jat, argia be oso ondo geratu da. Sormen-sasoi liluragarri baten emoitzea da erakusketea. Tamainu handiko hiru lan handi egin ditu britainiarrak, 2007an ez ziran existiduten, ezta nire buruan bere, azaldu dau. Udabarria heldu da, Woldgate, East Yorkshire, 2011 beharrak, berbarako, areto oso bat hartzen dau. Egileak berak autortu dauenez, ez da ohikoa holango lan handiak egiteko aukerea izatea.

Artistearen jaioterri dan Yorkshire-ko paisajeak eta naturea dira erakusketearen muina. Azkenaldiko lanakaz batera, ibilbidearen hasierako paisajeak be topauko doguz, 1956tik 1988ra bitartean pintautakoak, hain zuzen be. Paisajeak, espazioa irudikatzeko modua, naturea islatzeko koloreak erabiltea Hockney-ren beharren aspaldiko ezaugarriak dira.

David Hockney: ikuspegi zabalago bat-eko lan asko iPad eta iPhone bidez egindakoak dira. Hockney-rentzat lanerako tresna serioak dira biak, ez dira tramankuluak beste barik, tresna zoragarri batzuk dira, sano serioak, argitu dau.

David Hockney 1937an jaio zan, Bradford herrian, Britainia Handian. Bradford School of Art-en ikasi eban lehenengo, eta ostean, Londreseko Royal Colege of Art-en. Ikaskide izan zituan, besteak beste, Peter Blake eta R. B. Kitaj. Han egoala egin zan ezagun, Young contemporaries erakusketan parte hartzeagaitik, hain zuzen be, Britainia Handiko pop artea biztu eban ekimena.

Erakusketeak jarduera osogarri bi izango ditu: bata, Edith Devaney komisarioaren berbaldia, maiatzaren 15ean; eta bestea, iPad-ekaz sortzeko ikastaroa maiatzean eta bagilean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu