Arrigorriagak Clown eta Pailazoen Jaialdiaren edizino arrakastatsua agurtu dau

Bizkaie! 2012-05-14 11:20   Kulturea

Aurreko urteetan baino emonaldi gitxiago izan badira be, egitarauak agerraldi guztietara hurreratzea ahalbidetu dau, erlojuaren ezelako estutasunik barik. Batez beste, bostehun ikusle inguru hurreratu dira saio bakotxera; danetara, hamazazpi agerraldi izan dira eskola-umeentzat gehienbat.

Arrakasta osoz agurtu dabe Arrigorriagan Nazinoarteko Clown eta Pailazoen Jaialdiaren azken edizinoa, hamazazpigarrena, hain zuzen be. Astegoienean batu dan jentetzeak argi erakusten dau aurreko edizinoetan lortutako onespena berretsi egin dala eta iragarritako agerraldietan edade guztietako zaleak gogotsu eta parte hartzeko prest egon dirala denpora guztian. Onarpen hori lortzeko, ezagunak dira osogaiak: umorea ardatz daben eta zirkuko teknikak nagusi dituen ikuskizunakaz osotutako programazino landua.

Aurreko urteetan baino emonaldi gitxiago izan badira be, egitarauak agerraldi guztietara hurreratzea ahalbidetu dau, erlojuaren ezelako estutasunik barik. Batez beste, bostehun ikusle inguru hurreratu dira saio bakotxera; danetara, hamazazpi agerraldi izan dira eskola-umeentzat gehienbat. Circ Menut konpainiak antolatutako ekitaldiak edo Niño Costrinik eskainita Humanus Cómicus ikuskizunak sobran gainditu eben batez bestekoa, eta azken horrek antzeztutako esketxakaz publikoaren esker ona eskuratu eban.

Ikuskizunakaz gozetan hurreratu diran ikusleek, herrikoak zein kanpokoak, era askotariko gaiakaz zein teknika anitzetan oinarritutako lanak izan ditue aukeran. Lonbo Aretoan eszenaratu diran ikuskizunak aspaldidanik ezagunak diran antzezleek eskaini ditue. Toni Albàk eskainitako Audiencia I-rreal bakarkako lanak, monarkiaren gorabeherak jarten ditu agirian eta Nola Raek, barriz, ondo baino hobeto menperatzen dauen keinuen antzerkia darabil, gerraren inguruko Exit Napoleon tragikomedia antzezteko. Marcel Goresek kiroldegian antzeztu dauen La gran A... ventura (Historia de un payaso) lanak, agur ederra emon deutso aurtengo ekitaldiari.

Kirol gune horretan izan diran ganerako ekitaldiak PTV Clowns eta Ganso & Cíak eskaini ditue. Valentziarrek pailazoen teknikan oinarritzen dira Shakespeareren obra bat umeei kontetako eta Gorka Gansok umore baldarrena darabil Mediopelo lanean edade guztietako ikusleen barrea sortarazoteko.

Udaletxe eta Juan XXIII plazetan eskaini dira ganerako agerraldiak, eguraldia lagun izanik. Cabaret Elegance-ren emonaldian izan ziran euri tanta apurrak, ez zituen ikusleak kikildu, umorea, trapezioa, malabareak, masta txinatarra eta monozikloa batzen dituan lan borobilean.

Aurten izan diran ikuskizunak, aldez aurreko gogoa asetu dabe eta barikuan agerraldiei hasierea emon eutson Circ Hula konpainiak, esaterako, magia eta bestelako baliabideak erabili zituan. Jarraian izan zan Jamek, malabareak eta aspaldiko argazkilarien lana buztartuz ikuskizun ederra osotu eban. Cronopia talde argentinarrak bihurrikatze sinistezinak eskaintzen ditu eta Hortzmugak benetako antzezleak txotxongilo bilakatzen ditu Libertia lanean.

La Güasa taldeak bikote baten ika-mikak jarten ditu agirian malabare-jolasak tartekatuz; Erresuma Batutik etorritako Bowjangles laukoteak mobimentuaz eta umoreaz nahasten dau zaindutako musika errepertorioa eta zirku garaikidea da Lusco e Fusco bikoteak eskainitako ikuskizunaren oinarria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu