Dragoiak lehoien zaindari

Zigor Aldama 2012-05-07 15:24   Bidaide

Lo egin bako beste gau bat Shanghain, atzera be. Bukaresten baino sei ordu gehiago. Baina, merezidu dau eguzkiak urten arte itzarrik egoteak. Badira hiru urte Txinako uriburu ekonomikoan bizi diran athletic zaleek taldearen koloreak harro jantzi zituenetik, eta oraingoan baikortasuna da nagusi. Aurten kopetakoren bat irabaziko dogu, ziur, dino Iriborio Ugartek.

Lo egin bako beste gau bat Shanghain, atzera be. Bukaresten baino sei ordu gehiago. Baina, merezidu dau eguzkiak urten arte itzarrik egoteak. Badira hiru urte Txinako uriburu ekonomikoan bizi diran athletic zaleek taldearen koloreak harro jantzi zituenetik, eta oraingoan baikortasuna da nagusi. Aurten kopetakoren bat irabaziko dogu, ziur, dino Iriborio Ugartek. Gabarrea Bilboko errioan ibili zan azkenengo aldia ondo gogoratzen dau. Itzela izan zan. Orain, Bielsagaz, taldeak merezidu dau garaipen bat emotea holango ospakizunik ezagutu ez dauen zale belaunaldi osoari.

Europa League dalakoa irabaztea aukera ederra izan daiteke Bilboren eraldaketea mundu osoan erakusteko. Batez be Txinan, futbol zale gehien daukan herrialdean. Gabarrea ataraten badogu, 1984ko argazkia eta gaur egungoa konparetea ikaragarria izan daiteke, dino Ugartek, Fagor enpresako behargina Kunshan urian. Ontziola barik, eta itsasadarra garbi, kirol lorpenagaitik bakarrik ez, beste arrazoi batzuekaitik be harro egoteko moduan izango ginateke, ganeratu dau.

Baina, Txinan bizi diren euskaldunek badakie ez dala erraza izango Athleticek arrakastea lortzea munduko herrialde populatueneko merkatuan. Asko gustauko jatan taldea Txinatik biran ikustea, autortzen dau Mikel Mendibek. Baina txinatarrek Athleticen partiduak ikusteko eta jakin-mina izateko urtero egon behar da Europan. Manchester United moduko lorpena, eta urtebetean final bitara ailegetea ez da nahikoa. Halanda be, Mendibe guztiz harritu zan Chengdu uriko aireportuko pantaila batean lehoien ligako partidu bat ikusi ebanean. Eta ez zan Barça edo Madrilen kontra, beraz bide onetik goazela uste dot.

Askoren eretxiz, clubaren filosofia berezia traba handia da taldearentzat Txinan. Txinatarrei gauza handiak gustetan jakez. Diru asko balio daben jokalariak ditue gustuko, izar handiak eta nazinoarteko taldeak. Eta guk ez daukagu holangorik, azaltzen dau Mendibek. Wu Lifan-ek arrazoia emoten deutso. Talde zuri-gorria segiduten dauen txinatar gazte bakarrenetakoa da, eta esfortzu handia egingo dau beharraren ostean partidua ikusteko. Txinatar gehienek ez dakie Euskal Herria zer dan be. Horregaitik, jokalari guztiak bertakoak izateak ez dauka garrantzirik eurentzat. Ganera, jarrera arrazistea dala pentsau leikie, akaso, dino.

Edozelan be, Wu-k clubaren filosofia harro egoteko modukoa dala erixten deutso. Euskal Herriak Shanghaiko auzo baten antzeko biztanle kopurua dauka. Bertako jokalariak besterik ez dituan taldea izatea eta sekula be Bigarren Mailara bajatu ez izana marketingerako erabili beharko zituan Athleticek nazinoartean. Zalantza barik, clubari mundura zabaltzea faltau jako, hain bereziak ez diran taldeek, Valencia eta Sevilla, berbarako, proiekzino handiagoa daukie eta. Alberto Sarasketak dinoenez, Espainiako Ligeak berandu erantzun deutso txinatar garapenari, eta beste liga batzuek, Premier League-k, esaterako, aurrea hartu deutse. 2009 eta 2011ko italiar superkopak Pekineko Estadio Nazionalean jokatu zirala gogoratu dau Sarasketak. Publiko aldetik arrakastatsua izan zan, eta italiar ligeari ospea emon eutson. Espainian, partidu batzuk eguerdian jokatzen badira be, antzeko gauza gehiago egin behar litzatekez.

Makina batek emongo dau gaua lo egin barik Asian eguaztenean, eta ahal daben guztia egingo dabe Vicente Calderón estadioagaz bat egiteko. CCTV5 eta STV telebisino publikoek ez badabe partidua emoten, partidua txineraz ikustea deserosoa dan arren, Internetegaz konpondu beharko dabe. Euskaldunak Euskal Etxean eta Kuluskan, Shanghaiko euskal taberna bakarrean, batuko dira. Interneteko konekzinoa nahiko eskasa da Txinan, eta batzutan bertan behera geratzen da, edo soinua eta irudia ez doaz batera. Baina ez dau ardura. Athletic ikustearren, edozein gauza, dino David Fundazurik. Ligako, kopako edo beste edozein partidu ikusteko ahalegina egiten dau beti, eta batzuetan nahiko gatxa da. Etxeko ugazabandrea Internet ipinteko estutu neban. Ez eban ulertzen zer dala eta hainbesterako beharrizana, dino barrezka.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu