Karmengo Ama, Axular, Lauro eta Hernani BHI ikastetxeak, irabazle Teknoskopioa proiektu-lehiaketan

Bizkaie! 2012-05-07 12:43

Elhuyar Fundazinoak antolatutako Teknoskopioa proiektu-lehiaketearen azokea eta sari-banaketearen ekitaldia barikuan, maiatzaren 4an, izan ziran UPV/EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan. Karmengo Ama, Axular, Lauro eta Hernani BHI ikastetxeak nagusitu dira aurten. Danetara, 75 talde izan dira lehian.

Elhuyar Fundazinoak antolatutako Teknoskopioa proiektu-lehiaketearen azokea eta sari-banaketearen ekitaldia barikuan, maiatzaren 4an, izan ziran UPV/EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan. Karmengo Ama, Axular, Lauro eta Hernani BHI ikastetxeak nagusitu dira aurten. Danetara, 75 talde izan dira lehian; 21 taldek amaitu dabe bigarren faea, eta 11 pasau dira hirugarrenera.

Parte hartu daben talde guztien proiektuak ezagutzeko aukerea izan zan EHUren Bizkaia Aretoan, bertan antolatu eben-eta egitasmoen azokea. Parte-hartzaile guztiek stand bana euken, bisitariei euren proiektuaren barri emoteko. Horrezaz gan, finalistek lanak epaimahaiaren aurrean defendau behar izan zituen.

Oihana Jauregik gidatuta, talde guztiek proiektuak aurkeztu zituen. Epaimahaiaren eritxiz, maila altuko dagoz. Gaiak askotarikoak eta interesgarriak izan dira, gizarte ikuspegidunak asko. Lanketa ona ez ezik, komunikazino gaitasuna erakutsi dabe. Geuk be asko ikasi dogu.

Kategoria bi izan dira, proiektu onena eta komunikazino onena. Proiektu onenentzako sarietan Zornotzako Karmengo Ama eta Donostiako Axular Lizeoa ikastetxeak izan ziran irabazleak. Karmengo Amako taldeak Gikore Proiektua aurkeztu eban, ikerketa-proiektuaren modalidadean. Maitane Artetxe, Lander Moya, Oier Beaskoetxea eta Rafa Diez-Coronado ikasleek osotu dabe taldea.Proiektu teknologikoen modalidadean, Ukipen plano digitala eroan eban Axular Lizeoak. Imanol Perez, Javier Gaminde, Andrea Arrechea eta Haitz Olaverri gazteak egozan taldean.

Komunikazinoaren sarietan, Lauroetako Lauro Ikastolea eta Hernaniko Hernanni BHI izan dira onenak. Lauroko Ane Orbezua, Beñat Isunza, Jon Viar eta Gaizka Olabarriaren Alergenoen kontrola egitasmoak irabazi eban ikerketa-proiektuen modalidadean. Josu Azkuek, Ander Killian Grayk, Aritz Hernanik eta Aitor Ugartek, Hernani BHI taldeak, Denboraz besteko mugikorra proiektuari esker irabazi eben proiektu teknologikoen atalean.

Proiektu onenaren sariaren talde irabazleetako kide bakotxak tableta bat eta Tecnalia korporazinoaren zentro teknologiko bateko ikertzaileen lana bertatik bertara ezagutzeko egonaldia irabazi zituan. Holan, ikertzaile gazteek benetako ikertzaileen eskutik ezagutuko dabe han egiten dan lana. Joseba Jauregizar Tecnaliako zuzendari nagusiaren eskutik jaso zituen sariak. Komunikazio-lan onenen taldeetako kideek, ostera, tableta bana eta Elhuyarren produktu-sorta bana jaso zituen Itziar Nogeras Elhuyar Fundazinoko zuzendari nagusiaren eskutik.

Ikerketearen eta hezkuntzearen arloko personek osotu dabe epaimahaia: Elvira Gonzalez, Hezkuntza Saileko natura-zientzietako aholkularia; Joseba Alkorta, Hezkuntza Saileko teknologia-aholkularia; Aitziber Lasa, Elhuyar Fundazinoko Zientziaren Komunikazinoa saileko kidea eta Ana Galarraga, Elhuyar Fundazinoko Zientziaren Komunikazinoa saileko kidea.

Finalera ailegautako proiektu guztiak ikusgai dagoz http://teknoskopioa.elhuyar.org webgunean.

Elhuyar Fundazinoak orain zortzi urte ipini eban martxan Teknoskopioa. Urterik urte erabarritu eta zabaldu egin dabe antolatzaileek; igaz, berbarako, ideia-lehiaketa izatetik proiektu-lehiaketa izatera pasau zan. Eta aurton, Ausolan eta UPV/EHU-BFA Kultura Zientifikoaren katedrearen laguntzinogaz, lehenengoz Euskal Herrian, gazteen proiektuen azokea egin da.

Teknoskopioaren helburua da gazteak ikerketan eta ikertzaileen jardueran murgiltzea, eta ikerketa edo proiektu teknologiko bat antolatzera bultzatzea. Beraz, proiektu baten prozesu osoan hartzen dabe parte gazteek: ideia sortu, prozedurea diseinau, pausoz pauso ha gauzatu eta ondorioak atara. Proiektuak garatzeaz gan, gizarteari komuniketako gaitasuna be erakutsi behar izaten dabe ikasleek.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu